Astelehenero 8:00etan zure epostan
15 urteko ibilbidea du hedabide kataluniarrak. Diru-bilketa abiatu du, eta unea baliatu bere balioen aldarri egiteko: "Konbentzituta gaude lurrarekiko eta elikadurarekiko gure begirada eta lotura politikoa indartzen jarraitu behar dugula, gizartea aberasteko, inarrosteko eta eraldatzeko".
'Soberania alimentaria'-ren hainbat ale.
Urtean hiru ale argitaratu ohi ditu Soberania alimentaria, biodiversidad y culturas aldizkari kataluniarrak. Lurraren kulturaren inguruko informazio hertsia eskaintzen dute bertako kazetariek, laborariekin elkarlanean betiere, baita aktibista eta ikerlarien ahotsa jasoz ere. Proiektu kolektibo, plural eta deszentralizatua da. Erreferentea da sektorean, ARGIAren eta Bizi Baratzearen hurbilekoa. Oñatin (Gipuzkoa) inprimatzen dute aldizkaria, Gertu inprentan.
Ekonomikoki "egoera kritikoan" daudela iragarri dute, eta diru-bilketa abiatu sarean. 20.000 euroko erronka ipini dute, eta albiste hau idazterako erdia pasatxo lortu dute, hilabete eskasean.
Unea baliatu dute aldizkariaren balioen berri emateko, lurrari loturiko gaiak, hautu politikoz, gizartearen erdigunean ipini behar direla azpimarratzeko. "Aldizkaria baino gehiago da", adierazi dute manifestuan: "Gure helburua beti izan da eztabaida eta pentsamendu kritikoa sortzea, horretarako ere antolatu ditugu hainbat topaketa, solasaldi eta jardunaldi, askotan debalde; eta manifestu publikoak ere bultzatu izan ditugu, hala nola ezagun egin zen 2022koa, Agroekologian eta elikadura subiranotasunean oinarritutako elikadura sistemaren aldeko manifestua, 500 kolektibok baino gehiagok sinatua". Bizi Baratzeak ere sinatu zuen adierazpena.
Paperari eustea, "erresistentzia"
Papereko artikulu guztiak webgunean dohainik irakur badaitezke ere, lau puntutan azpimarratu dute paperean publikatzea "erresistentzia ariketa" dela gaur egun.
Lehenik, abiadura moteltzea eta bizimodu frenetikoari galga jartzea ahalbidetzen du argitalpen inprimatuak. Bigarrenik, "sakontasuna eta konplexutasuna lantzeko ezinbesteko" da papera, komunikabidearen esanetan, "su txikiko komunikazioa" delako analisirako eta eztabaidarako akuilu. Hirugarrenik, paperean inprimatzeak "baliozko objektu" bihurtzen du edukia, etxean gordetzeko eta eskuz esku ibiltzeko balio duelako. Eta laugarrenik, garai digitalei muzin egiteko bezalaxe, papera ezin dela arakatu nabarmendu dute: "Zeri eskaintzen diozun denbora, zertan egon zaren zure denbora librean eta zer irakurtzen, ez da erregistratuta gelditzen inolako enpresa teknologietan".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545