Asteroko buletina
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.

Baratzea, zertarako?

[Jakoba Errekondo]

Baratzea egiten hasteko, helburuak, ahal den neurrian, zehaztuta eduki behar ditugu. Helburu horiek lortzeko, jakin behar da zenbatetarinoko lana eta denbora eskatzen digun. Eguraldiari eta lurraren nolakotasunari erreparatu beharko diogunez eta geuk erabat menperatzen ez dugun langintza batez ari garenez, sekula ez dugu jakingo zehatz-mehatz zenbat lan eta denbora eman beharko diogun baratzeari hark behar bezala emateko. Dena den, horrek berak bere balioa du, den-dena ezin aurreikusia eta lotua izatea. Ustekabeak pentsatzera behartuko gaitu, eta ikusiko dugu pentsatzen duguna eta plangintzan jarri duguna etengabe zalantzan jarri eta eguneratu beharrak ikaragarrizko eskola sortzen duela. 

Hala ere, ondorioa beti izango da ederra. Nondik edo handik gure lanari eta eskainitako ahaleginari beti topatuko diogu emaitza onuragarriren bat: barazkiak eskuratuko ditugu, ingurumena zainduko dugu, gorputza finduko dugu, plangintza konplexuak garatuko ditugu, elkarlan bereziak egingo ditugu, lanabesak erabiltzen eta eskulanetan trebatuko gara, lurra ukitu eta gure herriko bizilagunak ezagutuko ditugu (landareak, fauna...) lanaren nekea ezagutuko dugu eta gure aurrekoekin hartu-emana estutu, ikasbidea sortu eta beraien autoestimua sustatuko ditugu. 

Horregatik guztiagatik eta gure baratzean topatuko ditugun beste onura askorengatik, merezi du ikastetxean baratze bati ekitea. Baratzea etengabe berritzen eta birsortzen ari den unibertso bat da. Gelako ikasgai guztietan saiatu beharko dugu baratzeari lotutako adibideak ateratzen, zalantzak ezagutarazten eta ondorio onak zein txarrak azaleratzen.

Maila bakoitzak bere baratzea

Baratzeak aukera emango digu ikaskuntza bide guztiak lantzeko. Horretarako, komenigarria da ikasle talde bakoitzak bere beharretara egokitzea baratzea, eta hori lantoki propio bihurtzea. Baratzea osatzeko behar direnak ikasleekin batera landu: diseinua, berotegiaren eraikuntza, ureztaketa nola moldatu, tokiko haziak nondik eskuratu, landareen izenak ikertu, baratzearen kontabilitatea egin...

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora