Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hirigintzari loturiko ustezko prebarikazio delituengatik inputatu dute 2011 eta 2018 artean EH Bildu ordezkatuta Zaldibarko alkate izan zen Arantza Baigorri, bi udal arkitekto eta idazkariarekin batera.
Zaldibarko zabortegiaren 2020ko hondamendiaren ondorioz hiru auzi ireki ditu Durangoko epaitegiak urteotan
Durangoko epaitegiko Laura Yuste magistratuak Zaldibarko alkate ohia eta udaleko arkitektoak eta idazkaria inputatu ditu, 2020an Zaldibarko Eitzaga zabortegian hondamendia gertatu eta sei urtera, Verter Recycling enpresa zabortegia zabaltzeko egiten ari zen lanen berri ez emateagatik eta lurralde antolaketaren kontrako delituak egotzita. Auzia 2024an ireki zuen sekretupean epaileak, eta orain sumarioa publiko egin du, El Diario.es-ek jakinarazi eta EiTBk baieztatu duenez.
Arantza Baigorri EH Bilduko alkate izan zen 2011tik 2018ra bitartean. Berria-k 2023an kaleratu zuenez, Verter Recyclingek baimendutakoa baino 64.699 metro koadro lur-eremu gehiago erabili zituen zabortegia zabaltzeko –137.000 metro koadro erabiltzeko baimena zuen–. Horren harira inputatu dute alkate ohia, baita bi udal arkitekto eta idazkaria ere. Magistratuak leporatzen die "bidegabea dela jakinda" hirigintza antolamendua aldatzeko aldeko txostena egitea eta lurralde antolakuntzako araudiaren kontrako lizentzia ematea, besteak beste.
EH Bildu: "Aldundiak bermatu zuen"
EH Bilduk berehala erantzun du. Koalizioaren esanetan "udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera" jardun zuten udalak eta bere arkitektoek, Baigorri alkate zen bitartean, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) egindako aldaketa hori, gainera, "Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu zuen inolako ñabardurarik gabe".
EH Bilduk nabarmendu du "Ertzaintzaren eta Justiziaren esku" utzi duela informazio eta dokumentazio guztia hasieratik, eta "gardentasunez eta erabateko lankidetzaz" jokatu duela. Gainera, gogorarazi du jarritako helegiteen ebazpenaren zain daudela oraindik. Bestalde, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik Radio Euskadin ildo beretik hitz egin du eta esan du Baigorrik ez zuela "inolako interesik", beste kasu batzuk ez bezala, "adibidez Getxokoa".
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen heriotza eragin eta ingurumen hondamendia ekarri zuen Zaldibarko zabortegiaren amiltzearen ondorioz, Durangoko epaitegiak hiru auzi zabaldu ditu urteotan. Lehenean Verter Recyclingek errunduntasuna onartu zuen eta indemnizazioa ordaindu zien biktimen senideei. Bigarrena oraindik zabalik dago, eta Eusko Jaurlaritzako langileak zein enpresa bera daude auzipetuta. Honakoa hirugarrena da, eta orain arte enpresako buru eta ingeniariak zeuden inputaturik, tartean Jose Antonio Barinaga enpresaria eta Arrate Bilbao kudeatzailea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545