Sanbartolomeak ezkero, euliak ipurdiz gora.

Urruñako ikastola arriskuan: “Presioa egingo dugu, ikastola bat edo euskara ukitu baino lehen bi aldiz pentsatu dezaten”

Arriskuan da Urruñako ikastola, joan den martxoan auzapez kargua lortu zuen Sébastien Etchebarnek erabaki duelako dirulaguntzetan murrizketa itzela egitea. Unai Villacorta ikastolako zuzendariarekin mintzatu da ARGIA: “Euskal nortasunaren indartzean egiten dugun lan guztia oztopatzen saiatzen ari da alkate berria, modu nabarmenean”.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2026ko azaroaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Auzapez izan aurretik, Etchebarnek esana zuen euskararen aldeko apustua egingo zuela. Zer gertatu da?

Hauteskunde kanpainan adierazitakoa, euskararen transmisio eta irakaskuntzan indar handia jarriko zuela, itxurakeria baino ez zen, eta erabaki hau kontrako norabidean dator.

Batetik, Urruñakoa den ikasle bakoitzeko orain arte jaso dugun laguntza ekonomikoa beste era batera kalkulatzea erabaki du Herriko Etxeak, ahal den eta diru gutxien emateko helburuz, eta kalkulu berriak murrizketa handia dakarkigu. Gainera, kontuan hartu gure 84 ikasleetatik ugari ez direla Urruñakoak, eta diru hori denen artean banatu behar dugula. Bestetik, 2021etik jasotzen dugun dirulaguntza soziala ere (22.900 euro guztira, ikasle bakoitzeko 1,90 euro) kentzea erabaki du alkateak. 1,90 euro horiek jasotzetik 2027an 1,50 eurora murriztuko dute, 2028an euro batera, 2029an 50 zentimora, eta 2030etik aurrera desagertu egingo da laguntza hori.

Eta zer argudiatu du auzapezak?

Ekitate kontua dela dio, eskola guztien berdintasunagatik egiten duela. Murrizketek ikastetxe katolikoari ere eragiten diote, baina gurea eskola txikiagoa denez, familia gutxiago dago galera horri guztiari aurre egiteko. Nagusiki gurea da kaltetua, euskararen transmisioan eta euskal nortasunaren indartzean egiten dugun lan guztia oztopatzen saiatzen ari delako alkate berria, modu nabarmenean.

Herriko etxeak dirua aurreztu beharra duela ere argudiatu digu, eta guk erantzun diogu dirua ez dela hezkuntzan eta haurren etorkizunean aurrezten. Gainera, aurreko legegintzaldian egindako errepide bat berritzen 50.000 euro gastatu ditu hauteskundeak irabazi eta hiru hilabetera. Horretarako bai dago dirua. Zein dira lehentasunak?

"Gaur bertan familia batek galdetu dit afera zertan geratuko den azkenean, zeren ikastolak kuotak igoko badizkie familiei, ezingo diotela halako gastuari aurre egin eta beste ikastetxe batera joan beharko dutela"

Zenbateraino dago arriskuan ikastola?

Begira, gaur bertan familia batek galdetu dit afera zertan geratuko den azkenean, ikastolak kuotak igoko badizkie familiei ezingo diotela halako gastuari aurre egin, eta beste ikastetxe batera joan beharko dutela. Azken finean, jada asko inplikatzen diren gurasoen gain zama gehiago jartzeak ekarriko luke familia askok ikastolaren hautua ezin egin izatea.

Tira, ez dugu etorkizun horretan jarri nahi, borrokan ari garelako egoera hori ez iristeko, baina irudikatzeko, 2030erako dirulaguntza sozialetik jasotzen ditugun 23.000 euroak ez genituzke izango gure funtzionamendurako.

Zer suposatuko luke Urruña ikastolarik gabe geratzeak?

Euskararen heriotza Urruñan. Oso zabaldua eta onartua da Ipar Euskal Herrian ikastolak direla haur euskaldun osoak egotea baimentzen duen hezkuntza sistema bakarra.

Astelehen honetan gaia jorratu dute herriko etxean egindako batzordean.

Abenduaren 7an bozkatuko dute erabakia eta berau aurkeztu zuten batzordean, baina formalismo hutsa izan zen, egin nahi duten eta egingo duten horren azalpena baino ez. Oposizioko hautetsiek haserrea eta desadostasuna erakutsi dute, baina Ipar Euskal Herrian, hauteskundeetan bozka gehien lortzen dituenak gehiengoa du automatikoki, beraz ez dute oposizioaren beharrik erabakia aurrera ateratzeko.

Abenduaren 7ra arte borrokan jarraituko duzue…

Bagenekien garai txarrak zetozela, baina borrokatzeko prest gaude eta asteartero mobilizazioak antolatuko ditugu eta mugituko dugu jendea, gure argudioak emateko, euskararekiko eta gure haurrekiko Herriko Etxeak duen jarrera agertzeko, eta presio eginez erakusteko ez diegula utziko nahi dutena egiten, ikastola bat edo euskara ukitu baino lehen bi aldiz pentsatu dezaten.

Abenduaren 7an bertan mobilizazioa deitu dugu Herriko Etxearen aitzinean, 18:00etan.

Astearte honetan egin duzue lehenengo ekintza (behean argazkia).

Lehen euskaraz hitz egiteagatik zigortzen zituzten haurrak, eta gaur egun alkateak gure haurrak zigortu nahi ditu euskaraz ikasteagatik. Hori irudikatu dugu eta lehen erregelarekin zigortzen zituzten gisan, orain guraizeekin zigortzen dituztela antzeztu dugu, murrizketen bidez alegia. Gure aldarrikapenak jasotzen dituen eta ekitateaz hitz egiten duen olerki bat ere irakurri dugu.

Abenduaren 1ean esaterako, danborrada aldarrikatzailea egingo dugu, 18:00etan.

Ikastetxetik gertu janari azkarreko saltokirik ez irekitzea arautu dezala eskatu dio Jaurlaritzari Donostiako Udalbatzak
Apustu-etxeekin egiten den bezala, ikastetxeen eta janari azkarreko establezimenduen artean gutxieneko distantzia bat arautzeko eskatu dio Donostiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari, baina udalbatza horrek berak ez... (+)
Herri eta eskoletako jolas-parkeen kautxuzko "zoru toxikoak berehala kentzea" eskatzeko kanpaina abiatu dute
2031tik aurrera material debekatua izango da Europar Batasunean, baina bai pertsonentzat, bai ingurumenarentzat “kaltegarria eta toxikoa dela baldin badakigu, zertarako itxaron?”, dio kanpainak. Aldarrikapenak baditu... (+)
Donostiako ikastetxe baten parean McDonald’s-a ez irekitzeko mobilizatu da hezkuntza komunitatea
Gipuzkoako McDonald’s-ik handiena Donostiako Aldapeta Maria ikastetxe parean irekitzeko baimena eman du udalak, eta atzera egiteko eskatu dio bertako hezkuntza komunitateak. Ikasleek elikadura osasungarriari buruz... (+)
Sukalde propiotik, kanpoko catering sistemara pasarazi dituztela salatu du Leioako institutuak
Ikastetxean bertan sukaldea duen institutu publiko bakarretakoa da Leioako (Bizkaia) Jose Miguel Barandiaran. Eraikin berrira aldatu behar dira datorren ikasturtean, eta sukaldea mantentzea eskatu dute,... (+)
Ikasgela beroegien kontrako Jaurlaritzaren plana hobetzeko bi gomendio
Ikastetxeak "errealitate klimatiko berrira egokitzeko" Eusko Jaurlaritzak iragarri duen plana egokia da, baina tenperatura igoerak saihesteko eta aireztatzea eraginkorragoa izateko neurri gakoa falta da. Hala... (+)
gora