Uztaila errautsu, laboraria urguilutsu

Turismotik nekez bizi


2026ko maiatzaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Iazko urrian Garraio Ministerioak Bilboko aireportua handitzeko plana onartu zuen. Sei aparkaleku irabaztea albiste ona eta eztabaidaezina omen da. Turismoak markatzen baitu urtero errekorrak batzen dituen trafikoaren etengabeko hazkundearen erritmoa, eta kontsumoaren zurrunbiloan zorabiatuta, CO2 isurien gorakadaren joera ez omen da arrazoi nahikoa handipena gelditzeko. Natura mugara eramaten ari gara etekin ekonomikoa maximizatzeko. Gizarte dikotomikoak bata edo bestea ditu aukeran, baina beste iruditeria bat posible da. New York-eko lehen hegaldiari ongietorria eginez nekez biziko gara gure lurraldean.

Turismoa eta ingurumena zuzenean lotuta daude, baliabide naturalak izaten baitira bisitarientzat erakargarri nagusiak. Hondartzek, mendiek, eta ekosistema paregabeek milioika turista erakartzen dituzte urtero, paisaia idilikoek bezala. Erakargarritasun horrek presio handia eragiten du ingurumenean. Turisten lekualdatzeen ondoriozko emisioek klima-larrialdia bizkortzen dute. Itsas bidaiek, adibidez, kutsatzaile asko isurtzen dituzte airera eta uretara, eta inguruko itsas ekosistemen osasunari eragiten diote. Kutsadura handitzeak airearen eta uraren kalitatea hondatzeaz gain, bertako flora eta fauna ere kaltetzen ditu. Leku turistikoetan izaten den trafikoaren hazkundeak airea kutsatzen du eta joan etorriek animalien portaeran ere eragina dute. Bertoko animali eta landarerik gabe eta osasuna kaltetuz nekez biziko gara.

Natura zelan suspertu pentsatzen egon beharko ginateke krisi ekosozialean, euskal erakunde publikoek, aldiz, luxuzko turismoa erakarri nahi dute

Fenomeno hori bereziki nabarmena da ingurumen-plangintza egokirik ez duten helmuga ezagunetan. Faunak eta florak inpaktuak jasaten dituzte turismo-jarduerak behar bezala kudeatzen ez direnean; esaterako, lurraren erosioa milaka pertsona pasatzen diren eremuetan daukagu. Paisaiaren degradazioa inguruen pribatizazioarekin lotuta joan ohi da, gainera; esaterako, Gaztelugatxeren sarbidea eskariaren arabera mugatua dugu. Kontsumitzaileak bihurtu gara gu ere, eta horrela nekez bizi gaitezke.

Turismo-eremuetara bisitak ugaritu ahala, azpiegituren eta zerbitzuen eskaria handitu egiten da ere. Hotelak, errepideak etab. eraikitzen dira, eta horrek baso-soiltzea eta habitat kritikoak galtzea eragin dezake. Kontrolik gabeko urbanizazioak ekosistemak zatitzea eragin dezake, biodibertsitatea mehatxatuz eta jada kalteberak diren espezieak arriskuan jarriz. Turismoarentzat baliagarriak diren azpiegiturak eraikitzeak (portuak, autobideak, aireportua, museoak...) eraikuntzaren sektoreari "jaten ematen" (Carlos Alzaga, Bizkaiko azpiegitura diputatuaren hitzak erabiliz) badio ere, herritarrak eta ingurua prekarizazioan itota bizitzea dakar.

Toki turistikoak ohikoagoak diren heinean, bertako baliabideak gehiago ustiatzen dira. Jende gehiago dagoenez, ura eta energia kontsumoa handitu egiten da, eta hondakinak ugaritzen dira. Adibidez, goi-denboraldian, turistek tokiko biztanleek baino ur gehiago kontsumi dezakete, eta tentsioak sor ditzakete horniduran. Gainera, hoteletarako eta turismo-jardueretarako elektrizitate-eskari handiak iturri ez-berriztagarriekiko mendekotasuna areagotzen du. Baliabideen gaineko presio horrek jasangarritasun eza ekar dezake epe luzera, eta ingurumenari nahiz tokiko komunitateei larri eragin. Oinarrizko zerbitzuen degradazioak eskualdea burujabetzatik aldendu eta menpekotasunez bizitzea suposatzen du.

Turismo masiboak hondakin kopuru handiak sortzen ditu, bereziki plastikoak, hondartzak, ibaiak eta itsasoak kutsatzen dituztenak. Herri turistikoetan hondakin solidoen eta hondakin-uren hazkundearen ondorioz kudeatzeko sistemek gainezka egin dezakete, eta eremu naturaletan zaborra pilatu. Lurrari ez ezik, inguruko ur-masei ere eragiten die, uraren kalitateari eta, ondorioz, uretako bizitzari kalte eginez eta ur edangarria gutxituz. 

Urtez urte turismoaren sektoreak lortzen dituen irabazi ekonomikoak gora doaz, horrez gain, turismoak dagoeneko boteretsuak diren hainbat sektore ere bultzatzen ditu (ostalaritza). Natura zelan suspertu pentsatzen egon beharko ginateke krisi ekosozialean, euskal erakunde publikoek, aldiz, luxuzko turismoa erakarri nahi dute. Adibidez, sport yateari erraztasunak emanez Portugaleteko zubipean porturatzeko –astebeteko alokairuak 250.000 euro balio duena–, edota Bilboko portura gurutzaontzi gehiago erakartzeko azpiegiturak eraikiz (diru publikoa erabiliz horretarako). Etekin ekonomikoa gutxi batzuen esku uzten duen eredu horren aurrean antolatzen hasi behar dugu. Gurekin horren inguruan hausnartu nahi baldin baduzu animatu “Turismo S.A” jardunaldietara!

Jauzi Ekosoziala

Garraio publikoa bai, eskerrik asko
2026-02-18 | Jauzi Ekosoziala
Urte hasiera balantzeak egiteko une egokia da. Trantsizio ekologikoa eta klima aldaketa aztertzen duten azken balantzeek ondorio argia dute: garraioa da energia kontsumo altuena duen... (+)
Norabidea aldatu
2025-07-10 | Jauzi Ekosoziala
Garraioaren sektorea da gaur egun Euskal Herrian berotegi efektuko isurketen erantzule nagusia (%35), energia gehien kontsumitzen duena (%47) eta petrolio kopuru handiena erretzen duena (%74).... (+)
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?
2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio... (+)
gora