Eguteran gereziak, ospelean masustak.

Garraio publikoa bai, eskerrik asko


2026ko otsailaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urte hasiera balantzeak egiteko une egokia da. Trantsizio ekologikoa eta klima aldaketa aztertzen duten azken balantzeek ondorio argia dute: garraioa da energia kontsumo altuena duen eta karbono isuri handienak isurtzen dituen sektorea. Aurreko urteari dagozkion datuak oraindik ez baditugu ere, Energiaren Euskal Erakundearen 2024. urteko datuen arabera, energiaren azken kontsumoaren %48 izan zen garraio sektorearena Euskal Autonomia Erkidegoan.

Sektore horrek energiaren kontsumoan izan duen pisua gero eta handiagoa izan da azken hamarkadan, eta ez soilik gainerako sektoreek behera egitearen ondorioz. Hala adierazten dute berotegi efektuko gasen (BEG) datuek, izan ere, gainerako sektoreetan beherakada egon bada ere, garraioarenek gora egin dute urtero. IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren datuetan ikus daitekeen moduan, 2005. eta 2024. urteen arteko industriaren eta garraioaren BEG isurpenen datuak argigarriak dira; lehenengoek %50 behera egin duten arren, bigarrenak %15 igo dira.

Garraio publikoa zentroan kokatzeak ingurumenarentzat onura dezente ekartzeaz gain, gizartearen sektore zabal batentzat ongizate hobekuntza nabarmena ekarriko luke

Bilakaera ikusita, beraz, ia ziurra da 2025. urtean norabidea antzekoa izango dela. Garraioaren sektorea askotarikoa den arren, jakina da errepide gaineko garraioa dela, alde handiz, eragin handiena duena. Mugikortasun jasangarriko planen helburuak helburu, auto pribatuaren erabilerak gora egin du azken hamarkadan eta gizarte are motorizatuago batean bizi gara. Erabilera hori, batez ere, udalerri eta eskualde barruan egiten da, gainera.

Ez dago zalantzarik, beraz, larrialdi klimatiko eta ekologikoaren garaian kutsakorrena den sektorearen bilakaera kezkagarria dela oso eta, beraz, sektoreak sakoneko aldaketa behar duela. Auto pribatuaren erabilera nabarmen murriztu egin behar da beste alternatiba batzuk bultzatuta, bereziki garraio publikoa, eta horretarako garraio politiken aldaketa erradikala behar dugu. Orain arte garraio politikaren erdigunean kotxea kokatu izan da, bada, horri buelta eman eta garraio publikoa bihurtu behar dugu protagonista. Horretarako ezinbestekoa da garraio publikoan inbertsio masiboak martxan jartzea, horretarako dirua mahai-gainean dauden autobide berrien proiektuetatik bideratuta, adibidez.

Garraio publikoa zentroan kokatzeak ingurumenarentzat onura dezente ekartzeaz gain, gizartearen sektore zabal batentzat ongizate hobekuntza nabarmena ekarriko luke. Ez dugu ahaztu behar populazioaren sektore garrantzitsu batek ez duela kotxerik, eta beraz, gaur egungo garraio ereduak baztertu egiten duela. Ikerketa guztiek adierazten dute pertsona txiroek aberatsek baino gehiago erabiltzen dutela garraio publikoa, eta emakumeek gizonek baino gehiago. Beraz, garraio publikoa indartzeak klase eta genero arrakalak murrizten lagunduko luke.

Utzi diezaiogun autobide berriak eraikitzeari eta egin dezagun garraio publikoaren aldeko apustua. Garraio publikoa bai, eskerrik asko.

Jauzi Ekosoziala

Norabidea aldatu
2025-07-10 | Jauzi Ekosoziala
Garraioaren sektorea da gaur egun Euskal Herrian berotegi efektuko isurketen erantzule nagusia (%35), energia gehien kontsumitzen duena (%47) eta petrolio kopuru handiena erretzen duena (%74).... (+)
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?
2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio... (+)
gora