Astelehenero 8:00etan zure epostan
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bat egin dute azaroaren 11n deitutako greba orokorrean manifestazio bateratuak deitzeko.
Iruñean egindako agerraldian azpimarratu dute greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dutela, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatzea dela beren asmoa. Etxebizitza eskubide berma dadila eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dute. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru propioan sakontzeko unea dela uste dute deitzaileek.
“Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da”, adierazi dute. Zentzu horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean, sindikatuen arabera.
“Langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan” aterako dira kalera azaroaren 11n.
Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru eraldaketa bultzatu behar direla defendatu dute sindikatu guztiek: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. “Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute”, ziurtatu dute.
Erroko hiru aldarrikapen horiez gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk ere defendatu dituzte, hala nola, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.
PSOEk gidaturiko gobernua gogor kritikatu dute azken zortzi urteetan ez duelako neurririk hartu egiturazko egoera aldatzeko. Hala ere, maila guztietako ardurak seinalatu dituzte, bereziki Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena. Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituztela uste dute sindikatuek. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu da, alternatibarik gabeko etxegabetzeak gertatu baitira horietako batzuetan.
Confebask eta CEN patronalak ere interpelatu dituzte. “Patronal hauek dira prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta gainera, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari”, gogoratu dute.
Azaroaren 11rako greba orokorra deitu duten sindikatuek adierazi dute ez dutela onartuko “alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabiltzea konponbide errealik planteatu gabe”.
Era berean, etxebizitzaren bidez ez ezik, soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea ere salatu dute, eta Hego Euskal Herriko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dute.
Bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurria dela adierazi dute, eta aurten egindako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra gogora ekarri. “Kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da”, defendatu dute bertaratutako sindikatuek.

EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545