Asteroko buletina
Akerrak baratzan, auzokoak dantzan.

“Tropikoetakoak bezain ikusgarriak agian ez, baina ederrak dira hemengo orkideak”

Joxe Blanco Gomez laudioarra Lamuzanaturgunea blog-aren bultzatzaile eta Laudiokolore ekimeneko kidea da. Urteak daramatzate Laudion basa landareen inguruko sentsibilizazioa eta formazioa egiten, eta maiatzean, Arraño mendiko baso orkideen inguruko jardunaldiak egin zituzten. “Blogerako bertako zuhaitzen eta basa landareen inguruan ikertzen ari ginela, basa orkideen espezie kopuru handiak harritu gintuen, eta orkidea populazioen jarraipenean zentratu gara azken urteotan”, azaldu du. Hainbat hitzaldi eta basa orkideak ikusteko bisita gidatu egin dituzte.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko uztailaren 01a

Blancok nabarmendu duenez, sareko kideak ez dira zientzialariak, zaletuak baizik: “Punkaren munduko ‘egizu zuk zeuk’ filosofian oinarritzen gara gu, jakinminetik herriari ekarpena egin nahi diogu”. Basa landareei eta orkidea basatiei lotutako gaiak lantzeaz aparte, urteotan bestelakoak ere landu dituzte: etnobotanika, toponimia, landare inbaditzaileak, zuhaitz berezien mozketen salaketak… “Sare txiki modukoa da gurea, edonorentzako irekia dagoena”, gehitu du. Herritar zientzia egiten dute Laudiokoloreak ekimeneko kideek.

Eta, zergatik orkidea? Honela azaldu digu lore berezi horrekiko interesa: “Orkidea hitza entzutean, tropikoetan jatorri duen loradendatako lore ikusgarriarekin gogoratzen da jendea, baina orkideak kontinente guztietan daude, baita Euskal Herrian ere”. Zenbait iturriren arabera, ehun orkidea espezie inguru ditugu gurean, eta Laudioko Arraño-Lamuza eremuan bakarrik, 24 espezie identifikatzera iritsi dira. “Europako zuzentarau batek dio hamar espezie baino gehiago hazten diren eremua orkideen ‘aparteko gune’ eta lehentasuneko habitata dela”, gehitu du.

Orkideak ezagutzera emateko eta babesteko ekimenak

Giza jardueraren presioagatik Arraño mendiko orkidea basatiak arrisku egoeran zeudela ikusi zuten elkarteko kideek, eta babesteko helburuarekin, itxitura txikiak egiten aritu dira urteotan. “Laudioko Udalarekin batera hainbat ekimen burutu ditugu, babes egiturak hobetu, belar mozketak doitu, bisita gidatuak antolatu…”. Aurtengoan, berrikuntza moduan, hilabete osoko jardunaldiak egin dituzte, tartean hitzaldi, bisita eta beste hainbat ekitaldirekin. Bisitek sekulako arrakasta izan dutela nabarmendu du taldekideak, eta balorazio oso positiboa egin dute. “Udazkenean jardunaldien bigarren zatia eginen dugu”, adierazi du.

Klima larrialdiaren aurrean egoera etsigarri xamarra dela uste du Blancok, baina baita ere inoiz baino beharrezkoagoa dela aldaketak eragiteko horrelako ekimenak antolatzea: “Egungo errealitate beltzari ekimen positiboekin erantzutea ezinbestekoa dela uste dugu”.

Nafarroako mendialdeko 26 ekoizle bildu dituen gida
2024-06-24 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatza Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak elikaduraren eta lehen sektorearen inguruko lanketa egiten Nafarroako Mendialdean. Elikadura osasuntsurako eta kontsumo jasangarriago baterako bidea egitea da... (+)
Lurraren bankua sortzen, nekazaritzarako oinarrizko baliabidea bermatzekoa
2024-06-17 | Garazi Zabaleta
Oiartzunen nekazaritza bultzatzeko eta elikadura burujabetzarako bidean pausoak emateko sortu zen Lurbizi egitasmoa, 2016 urte inguruan. “Herritar talde batek denbora zeraman herrian nekazaritzaren eta lehen... (+)
Baratzegintza ekologiko intentsiboa
2024-06-10 | Garazi Zabaleta
Sarako Nicolas Chretien dago Hiru Xilo baratzegintza proiektuaren atzean. Urtarrilean hasi zen baratzea lantzen, eta martxoaren hasieran ekin zion ekoitzitako produktuak merkaturatzeari. “Banuen formazioa baratzegintzan,... (+)
Ardi suhiltzaileak Lizarran
2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea... (+)
“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”
2024-05-20 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora