Asteroko buletina
Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”

Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu hori ez zitzaidan gustatzen…”, azaldu du ekoizleak. Lekunberrik, ordea, ingurumen zientzietako ikasketak eta agroekologiari eta ekologia politikoari lotutakoak egin zituen Katalunian, eta jarduera horri ekiteko gogoz bueltatu zen handik. 2007an hasi ziren ortuan ekoitzitako barazki ekologikoekin otzarak egiten. Ekoizpena nekazal turismoaren jarduerarekin uztartzen dute egun, eta azpimarratu dute apaltasunez ari direla eta ikasteko asko dutela oraindik.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko maiatzaren 20a

Hasieratik ari dira eredu ekologikoan Biezkoko kideak, eta animalia-trakzio bidez lantzen dute lurra, astoa lagun dutela. Otzaretarako barazkiez gain, fruta arbolak ere landatu dituzte urteotan: sagarrak, intxaurrak, okaranak… “Guztiak nahasian sartu ditugu, propio”, nabarmendu du ekoizleak. Sagar zukua eta bestelakoak egiten dituzte horiekin, eta, Lekunberrik, gainera, sendabelarrekin ere egiten du lan: krema, kosmetikoak, fito-ginekologia eta abar.

Urte askoan arrautzak ere ekoitzi dituzte, baina administrazioak jarritako trabek jarduera etengabe zaildu diotela salatu dute: “Estatuko arrautza ekoizle txikiena izan gara azken hamabost urteotan, baina iaz baja eman genuen, administrazioarekin izandako arazoengatik”. Haiena bezalako ekoizpen txikiei laguntza baino, eragozpen eta trabak gehiago jartzen dizkietela diote. “Tristea da administraziotik behin eta berriz eragozpenak jartzea”.

Nekazaritza sintropikoa

Urteotan, pausoka-pausoka, nekazaritzako sistema eta elementu berriak aplikatzen joan dira Biezkon, eredu bioanitzago baten alde. “Duela 15 urte inguru hasi ginen baso jangarriarekin, Martin Crawforden teknikaren arabera”, azaldu du Garitaonandiak. Gerora, eta uholde handi xamar batzuk izan ondoren, baratzeko hidrologia keyline diseinuarekin lantzen hasi ziren, ura lurretan mantsoago joan zedin. “Hor hasi ginen ilara eta kanal diseinuak egiten, baratzea kurbekin lantzen, eta kurba horietan zuhaixkak eta zuhaitzak landatzen…”, azaldu du ekoizleak. Esperimentu moduan hasi ziren, eta, erdi oharkabean, zuhaitz, zuhaixka eta landarez bete zuten ingurua.

“Duela hiruzpalau urte, berriz, nekazaritza sintropikoaren berri izan genuen, eta, konturatu ginen, egiten ari ginena nahiko antzekoa zela”, esan du. Permakulturarekin elementu asko partekatzen ditu nekazaritza sintropikoak. “Zuhaitz eta landare dentsitate handiak sartzen dira baina ilaraka. Azkar hazten diren arbolak ere erabiltzen dira, gero horiek moztu eta lurrera botatzeko, lurrean usteltzen uzteko, onddo eta mikroorganismoak erakartzeko…”. Azpimarratu dute, dena den, haien sistema hankamotz dagoela; gaizki egindakoetatik ikasi duten bezala, oraindik hobetzeko asko dutela. Permakulturarekin eta biodinamikarekin egin bezala, ikasten eta sakontzen jarraitzea dute erronka eta asmo. “Agroekologia guretzat Galeanoren utopia modukoa da: inoiz iritsiko ez garen horretarako bidea” .

“Tropikoetakoak bezain ikusgarriak agian ez, baina ederrak dira hemengo orkideak”
2024-07-01 | Garazi Zabaleta
Joxe Blanco Gomez laudioarra Lamuzanaturgunea blog-aren bultzatzaile eta Laudiokolore ekimeneko kidea da. Urteak daramatzate Laudion basa landareen inguruko sentsibilizazioa eta formazioa egiten, eta maiatzean, Arraño... (+)
Nafarroako mendialdeko 26 ekoizle bildu dituen gida
2024-06-24 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatza Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak elikaduraren eta lehen sektorearen inguruko lanketa egiten Nafarroako Mendialdean. Elikadura osasuntsurako eta kontsumo jasangarriago baterako bidea egitea da... (+)
Lurraren bankua sortzen, nekazaritzarako oinarrizko baliabidea bermatzekoa
2024-06-17 | Garazi Zabaleta
Oiartzunen nekazaritza bultzatzeko eta elikadura burujabetzarako bidean pausoak emateko sortu zen Lurbizi egitasmoa, 2016 urte inguruan. “Herritar talde batek denbora zeraman herrian nekazaritzaren eta lehen... (+)
Baratzegintza ekologiko intentsiboa
2024-06-10 | Garazi Zabaleta
Sarako Nicolas Chretien dago Hiru Xilo baratzegintza proiektuaren atzean. Urtarrilean hasi zen baratzea lantzen, eta martxoaren hasieran ekin zion ekoitzitako produktuak merkaturatzeari. “Banuen formazioa baratzegintzan,... (+)
Ardi suhiltzaileak Lizarran
2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora