San Bizente hotza, neguaren bihotza.

Oinutsik dabilen ibiltaria

Gertukoa dugu oso bere irudi bitxia: ur gainean flotatuaz, gu txikitan oheko koltxoiaren gainean korrika eta saltoka ibiltzen ginen antzera. Zentzuzkoa da pentsatzea animalien gorputzak uretan hondoratu egiten direla ur-azalean ibiltzen saiatzen direnean, baina zapataria ez da hondoratzen… Zer edo zer lekuz kanpo dago… Geroago argituko dugu, orain goazen bere bizimodua-eta hobeto ezagutzera.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko maiatzaren 20a
Ipurtargia. Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Zapataria (Gerris lacustris)

TALDEA: Ornogabea/Intsektua/Hemiptera.

NEURRIA: 2-3 cm inguru.

NON BIZI DA? Ibai eta errekastoetan, putzuetan ere bai.

ZER JATEN DU? Ornogabeak, intsektuak nagusiki.

BABES MAILA: Europa mailan ez dago babestuta.

Intsektu bitxi hau martxo erdialdera ikusten hasi eta negua gainera etorri arte ikusgai izaten dugu. Negua uren inguruko belar eta landareetan gordeta igarotzen du, hibernazio izeneko tartea betetzen. Bolada horretan metabolismoaren funtzioek galera energetikoa asko murrizten dute, eta animaliak aurreko hilabeteetan metatutako jakien energiari esker irauten dute bizirik. Udaberrian, hibernaziotik atera eta gero, ugalketa garaia izaten da. Zapatarien metamorfosiak hiru fase ditu: “metamorfosia sinplea” deritzo, ez baitute laugarren fase bat betetzen –tximeleten kasuan krisalida fasea izenekoa–. Hiru fase horiek arrautza, ninfa eta heldutasuna dira. Hilabete eta erdi pasatxoan, heldutasunera ailegatzen dira zapatariak. Emeak jartzen ditu arrautzak uretako landaredian.

Intsektua denez, antena pare bat eta sei hanka ditu. Baina sei hanka horiek ez dira berdinak, ezta gutxiagorik ere! Eta betetzen dituzten funtzioak ere ez. Aurreko parea oso txikia da besteen aldean, eta harrapakinak bereganatzeko erabiltzen ditu. Jale ia aseezina dugu gainera! Erdiko eta atzeko hanketan dago bere uretan “flotatzeko” gaitasunaren gakoa. Horien amaieran zapatariak, beste intsektu gehienek garro batzuk badituzte ere, kuxin antzeko egitura batzuk ditu, ilez beteta, eta ile horiek dira hain zuzen ere ur-azala zulatzen ez dutenak, animaliari hondoratu gabe mugitzen uzten diotenak, alegia. Ile horiei “hidrofobo” deitzen zaie, ez bustitzeaz gain bere inguruan aire puxika baten antzekoa sorrarazten baitute. Erdiko hanka parea besteak baino luzeagoa da, eta mugitzeko erabiltzen du. Bai azkar mugitu ere bi hankei esker soilik bada ere! Atzeko parea –erdikoa baino motzagoa, baina aurrekoa baino askoz ere luzeagoa– lema modura, norabidea aldatzeko, erabiltzen du. Lau hanka horien bitartez lortzen duen aire-burbuila horri esker harrapakinek sorrarazten dituzten uhinak antzematean horien kokapenaz jabetzen dira. Esan beharra dago zapatariek kalteberak diren harrapakinak ehizatzen dituztela batez ere, baita hildako intsektuen gorpuak ere. Taldean harrapakin handi bat erasotzen ere sarritan ikusi daitezke. Begiak deigarriak dira, oso handiak baitira intsektuaren tamaina kontuan hartuta.

Zapatariaren familiako (Gerridae) 1.700 espezietik gora ezagutzen dira mundu osoan. Gainera, itsasoko uretan, ur gazietan, bizi direnak ere badira horien artean: ia berrehun!

Engainuaren eredu
Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo... (+)
Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua
Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta... (+)
Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
Une baten eternitatea
Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia... (+)
Korrika egiten duen hegalaria
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta!... (+)
gora