Terralak jaten du jela

Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua

Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta sits erraldoiak edo kakalardo potoloak. Halako izaki harrigarrien aurrean nola bada erreparatu lau zentimetro eskaseko izaki batengan? Antenek bere luzera erdia izanda gainera. Eta izaki hori izutia, erdi gardena eta kamuflatzeko trebea baldin bada are eta gehiago! Hor bada gure protagonistaren osperik ezaren arrazoia. Hala ere, ez du interesa pizteko txinpartarik falta.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko urtarrilaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Krisopak neuropteroak dira, Neuroptera Ordenakoak, alegia. Ordena horretan, gaur egun, 5.000 espezie inguru ezagutzen dira, hamasei Familiatan banatuta. Intsektu hauek metamorfosi osoa betetzen dute, hau da, lau faseko bizi-zikloa betetzen dute: arrautza, larba, pupa eta intsektu heldua (edo imagoa). Arrautzak zuhaitzetan edo landareen hostoetan jartzen dituzte emeek, hari mehe eta ikusezin batean zintzilikatuta: multzoka edo banaka, espezieen arabera. Larbek bere soinean hondakinak eta zaborrak eramaten dituzte kamuflatzeko. Azalez bi aldiz aldatzen dute, kuskua (kapulua) egin aurretik.

Fisikoki animalia ahula dirudi, bere kolorazioa oso apala da, berdea eta hego garden eta handiek gorputzaren eskasia eta biguntasuna salatzen dizkigute. Antenak luzeak dira eta buruan urre-koloreko eta distira gorriko begi deigarriak dituzte. Pausatzerakoan lau hegoak teilatu modura jasotzen dituzte bere bizkar gainean, eta hegaldi azkar eta motzak burutzen dituzte gordeleku batetik beste batera ihes egiten dutenean. Itxura ahula, bai, baina zerez elikatzen dira ba intsektu lotsati hauek? Ba, gizakiok sarritan esker txarrekoak gara eta ez dugu jakiten gure lagun diren izakiak behar bezala identifikatzen eta are eta gutxiago zuzentasunez baloratzen, krisopak landare-zorriez elikatzen baitira, besteak beste. Kukurutxak (“bitxo-bola” ospetsuak) ere bere elikagai dira, zenbait sitsen beldarrak bezalaxe. Eta bere garrantzia sare trofikoan, elikadura katean, hain da garrantzitsua, beste intsektu batzuen izurriteak kontrolatzeko erabili izan baitira, kontrol biologikoa egiteko. Horrela eraman zituzten Australiara garai batean bertako izurrite batzuk kontrolatu nahian, baina krisopek bertan betetzen ez ziren eskari ekologiko batzuk badituzte eta ez zuten lortu Ozeaniako klima eta baldintzetara egokitzea. Gaur egun, krisopen larben salmenta puri-purian dago, pote txikietan larba mordoska komertzializatzen dira. Larba horiek gautiarrak dira eta egunez apenas ikus daitezke. Larbak kanibalak direnez, ez da lan samurra izaten ordea larba kopuru handiak lortzea!

KRISOPA BERDEA Chrysopa

TALDEA: Ornogabea / Intsektua / Neuroptera Ordena / Chrysopidae Familia.
NEURRIA: 30 mm antenak barne.
NON BIZI DA? Landa lur, belardi, lorategi, baso, hezeguneetan...
ZER JATEN DU? Beste intsektu txikiak, batez ere landare-zorriak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Eraginkortasuna egunerokotasun bihurtzen denean
Armiarmen arma onenetakoa, ezpairik gabe, atentziorik ez ematea da. Armiarmen arma eta ia naturan bizi diren animalia gehientsuena, noski –ohi denez, gizakiok salbu–. Gaur datorkigun... (+)
Haragijale jangartxua
Megaloptera (hego oso handiak, garai bateko grezieraz) Ordenako espezieak metamorfosi osoko animaliak dira, hau da, lau fase betetzen dituzte: arrautza, larba, pupa eta heldua. Larbak... (+)
Ziporik behar ez duen ezpataria
Badira ikusitakoan gure azalean iraultza bat eragiten duten animaliak. Ez dute eraso egin beharrik gure buruari egin dezaketela bat-batean jakinarazteko. Hotzik gabeko hotzikara, berorik gabeko... (+)
Aparrak ezkutatzen duena
Maiatzean hasi eta iraila/urria bitartean belar eta landareetan apar zuriska metatxo batzuk ikusi ohi dira. Alferrik bada ere, inguruan begiratu ere egiten dugu zein izan... (+)
Migratzea sena denean
Naturak baditu bere izakien artean migratze sena berez dakarten espezieak. Ez dute inongo behar berezirik, ez dabiltza gerra bati ihes egiten, ezta hobeto bizitzeko leku... (+)
gora