Otsaila, laburrena eta txarrena

Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa dituzte soinean.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko urtarrilaren 06a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Taldeari izena ematen dion ezaugarria beste itsas bareengandik bereizten dituen gorputzaren atzealdean duten mototsa da; hots, brankia biluzia. Mototsa honek ere, taldeak bezala, forma anitzak ditu: adar, luma, pinu itxura, kiribila… Uzkia inguratzen duen lore sorta baten antzekoa izanik, arnasketa funtzioa betetzen du.

Beste itsas izaki askorentzat debekatutako substantziez elikatzeko gaitasuna dute, hala nola, cnidarioez (marmokak, anemonak, polipoak…) nahiz belaki pozoitsuez. Hauek dituzten toxinen eraginarekiko immuneak direnez, haien zelula erresumingarriak arazorik gabe irentsi ditzakete.

Hain eder, hain liluragarri dira, eta era berean, pozoitsu. Izan ere, Barraskiloen eta lapen ahaideak izaki (molusku gasteropodoak), animalia hauek duela milioika urte galdu zuten haien maskorra. Babes modura ordea, larruazal lodi eta urratzaileaz gain, beren burua defendatzeko hutsegiten ez dien pozoia jariatzen dute, azaleko guruinen bidez.

Nudibrankioen gorputz biluzietan ageri diren orbanak, marrak nahiz oihal garestietako pikartadurak ikusiko ditugu, mihise balira bezala. Kolore biziek harrapakariak ohartaraziko dituzte: “Erne! Ez zaik ni irensterik komeni”. Itsas hondoko moda desfilerik dotoreena harrapakariei zuzenduta dago, beraz. Eta ez, ordea, haien artean erakartzeko. Izan ere, nudibrankioak itsuak dira. Haien begi ñimiñoek ozta-ozta bereizten dute argia ilunpetan. Horren ordez, errinoforo izeneko gehigarri sentsorial batzuk dituzte buru gainean: bi adartxo, untxi-belarriak bailiran, zapore eta usainak hautemateko, janaria lortzeko, eta baita ugaltzeko espezie bereko kidea bilatzeko ere (feromonak antzemateko).

Izan ere, hermafroditak diren arren, bi ale elkartu behar dira ernalketa gerta dadin. Bi sexuak gorputz berean izanda ere, nahiago dute binaka, eta ez bakarrik. Errunaldian espezie bakoitzak sortzen duen arrautza-eskultura artistikoa nortasun ikur ere bada.

Gurean, ezagunena Felimare cantabrica dugu; izenak adierazten duen bezala, Kantauri itsasoan ohikoa den espeziea da, eta gure kostaldean urpekaritzan dihardutenen laguna. Hamaika zentimetro izatera heldu daitekeen arren, arruntena 3 eta 5 cm arteko aleak aurkitzea da. Bizkarraldean kolore urdin deigarria du, bi marra hori distiratsurekin: bata errinoforoetan hasi eta gorputzaren erdi-erditik, luzera osoa zeharkatzen duena; bestea aldiz, gorputzaren ertza inguratzen duena. Buru gainean tatuaje modukoa du, bi errinoforoen artean, espeziea bereizteko balio digun aingura edo T formakoa.

Brankiak urdin ilunak dira, haien haritz-hosto formarekin azalera handitu eta, hala, arnasketa funtzioa ezin hobeto betetzeko.

Gure itsas bare txikia inspirazio iturri izango zen Jean Paul Gaultierren pasareletarako. Nondik bestela, bere marinelaren zapi ikonikoa?

 

ITSAS-BARE KANTAURIARRA (Felimare cantabrica)

TALDEA: Moluskua/Gasteropodoa/Nudibrankioa.

NEURRIA: 3-5 cm.

NON BIZI DA? Kantauri itsasoan, sakonera txikiko itsas hondo hondartsuetan eta baita kilometro bateko sakoneran ere.

ZER JATEN DU? Dysidea fragilis belakiaz elikatzen da.

ERNALKETA: Hermafroditak dira baina bikoteka ernaltzen dira. Errunaldia espiralean egiten dute, kolore zuriko zinta batean. Larbak zazpi egunen buruan jaiotzen dira, 22 ºCko tenperaturan.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

 

Euskal baleen maskara, zorriek egina
2026-07-20 | Nagore Zaldua
Hondarra harrotuaz murgil igerian, zorriak zeuzkan eta haiek bota nahian omen zebilen. Orioko bardoak Euskal balea (Eubalaena glacialis) kantua bezainbeste herrikoitu zituen, bertso haien bidez,... (+)
Txondorrak kroskoan
2026-06-08 | Nagore Zaldua
Darwinen aurretik Bruguière-k lehen aldiz aztertu gintuenean (1789an), sumendi itxurako krustazeo zirripedo bezala aurkeztu gintuen. Nire itxurari erreparatuz gero, garai batean Euskal Herriko baso eta... (+)
Itsas azpiko araztegia
2026-05-04 | Nagore Zaldua
Iloba txikiak marrazki bizidunak ikusten zituen bitartean bota nion galdera: zer egiten du Emmental zulodun gazta horrek itsas bizidunez inguratuta? “Ze gazta izeba, hau Bob... (+)
Tximeleta biluztu, Pokemon bihurtu
2026-03-09 | Nagore Zaldua
Pteropodo hitzaren etimologiari erreparatuta, antzinako grezieratik "pterón" (hegal) eta "poús" (oin) hitz bateratuek itsas-tximeleta garden eta lirdingatsua aurkezten digute. Guztion harridurarako, baina, “itsas-tximeleta biluzi” edo... (+)
Kantauriko herensugearen sugarra, bioaniztasunaren ikur
2026-01-26 | Nagore Zaldua
Kantauri itsasoko herensugearen sugarra, ez da hain ohikoa, baina bai garrantzi handikoa. Mediterraneoan sortzen dituzten baso ikusgarrien aldean, gurean balio handiko su txikiak bailiran agertuko... (+)
gora