Sasiak begiak eta hontzak belarriak.

Kaputxina jan eta edan

Etxeko behi bat oso gaixo izan dugu duela hilatebe pasatxo. Ezin buelta eman eta larretik ukuilura sartu genuen, hor hobeto zaintzeko itxaropenarekin. Segituan konturatu ginen ohiko jatenak ez zituela nahi, batez ere belar ondua. Ganbara bete eta berak iskin egiten. Hobe beharrez denetik inguratu eta probatzeko eman genion lastoa, baba (Vicia fava), alpapa (Medicago sativa), pagotxa (Trifolium incarnatum), erresiloia (Triticum aestivum) eta abar. Mokadutxo bat hartu eta utzi; denekin gauza bera egiten zuen.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko ekainaren 08a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hausnarra ere ia galdu zuenean ukuilu inguruko eta baratzeko belarrak eskaintzen hasi ginen: txikori-belarra (Taraxacum officinale), gardu (Cirsium spp. eta Sonchus spp.), zerba (Beta vulgaris) eta kaputxina (Tropaeolum majus). Zein baino zein mikatzagoa. Mikaztasun horrengan genuen sinesmena iltzatuta; hausnarra mugituko zion itxaropena. Baita mugitu ere. Horietaz gain kirtangorriaren edo aziendaren pasmo-belarraren (Ajuga reptans) ura ere eman genion pasmorik edo gaiztoturik izanez gero garbitzeko. Susperraldian laguntzeko amonak egindako patxaran (Prunus spinosa) dzanga-dzangateko batzuk ere izan zituen. Gustukoenak zerba eta kaputxina zituen, eta azken horrekin amorratua zen.

Izan ere zer da ona ahoan kaputxina! Loreak eta hostoak jangarriak dira. Hosto bereziak ditu borobilak, "orbikularra" esaten zaio, eta txortena hostoaren alde batean izan beharrean erdi-erdian du, onil itxura emanez. Hostoak kolore urdinxka du eta leun-leuna da, barazki finenen parekoa, ziazerba (Spinacia oleracea), shisoa (Perilla frutescens) eta mizuna (Brassica rapa var. Nipposinica) bezala, adibidez.

Loreak dira gustagarrienak, deskribatzen zaila den zaporea dute; niri Sichuango piper alearen usain eta dasta konplexuak (Zanthoxylum piperitum) dakarzkit gogora. Piper punttua badu, baina inolaz ere ez piper beroarena. Bizia da ozpin punttua ere baduelako… Aho sabaian zakarregia bazaizu, lorearen erdiko aldea kendu eta petaloak soilik erabili, postre eta entsalada ederki jantziko dizkizute.

Osasungintzan teak eta tinduak egiteko eta digestio arazoetarako erabiltzen da. Jateko entsaladetan ikusgarria da; ikusgarria eta baita ahoaren kitzikagarria ere. Freskoan, izan ere, ezin bitxiagoa da, batez ere inoiz edo behin soilik dastatu izan baduzu. Hostoak arrozez (Oryza sativa) eta barazkiz beteta ere ez dira txarrak, edozertarako bilkari bezala ere ez. Zopatan ere maiz erabiltzen da, zopa bero pikanteak, hotzak… Pizzak, arrautzopilak, emultsioak, gatza, loreen kaparrak, hautsa, pestoa, saltsa beroak, ozpinak, marmeladak, jeleak, gurina… Zer ezin da egin kaputxinarekin! Postreetan sartzeko ausardia baduzu, inor gutxik egiten dituen gozoen egileen mundu urrian sartuko zara.

Eta edariak ahaztu gabe. Gero eta ugariagoak ditugu inguruan lore, hosto, belar eta abarrekin egindako edo osatutako edariak. Erraza da lupulua (Humulus lupulus) edo fruitu gorri edo antzeko zapore indartsuekin lan egitea, baina kaputxinaren dasta finarekin sagardo berexia egitera nor azartuko da? Iurretako Bizioko lagunak, agian?

Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
gora