Astelehenero 8:00etan zure epostan
Araba eta Bizkaia artean banaturik, 20.000 hektarea dauzka Gorbeiako natur parkeak. Euskal Herriko mendizaleen artean aski ezagunak diren hamaika paraje ikoniko biltzen du, 1.482 metrora dagoen gurutzea, adibidez. Zientoka lagun igotzen da urtero Gorbeiako tontorrera, bi lurraldeetatik igotzen diren bideetan barna. Bide horietako batek Egilolarrako pagadia zeharkatzen du, Araban, Muruatik gora. Inguru horretan hasi ditu Diputazioak "ingurumena leheneratzeko lanak", sarbide tradizional horren "erabilera intentsiboak" eta zenbait puntutan trazadura argirik ez egoteak lurzorua galtzea, higadura handia, lubakiak, pagoen sustraiak agerian geratzea eta bigarren mailako bidezidorrak ugaritzea eragin dutelako.
Lau hanka dauzka Gorbeiako gurutzeak. Iparraldekoa eta ekialdekoa Bizkaian daude, hegoaldekoa eta mendebaldekoa Araban. Hainbat bide dago hara igotzeko.
"Egoera horrek, habitat naturalei eragiteaz gain –txilardiei eta balio ekologiko handiko belardiei, adibidez–, mendizaleen segurtasuna ere murrizten du", dio Arabako Foru Aldundiak plazaratutako oharrak. Esku-hartze horren bidez, eremua "birnaturalizatu" nahi dute, lurzorua eta landaredia leheneratu, eta joan-etorriak antolatu, "bisitariek eta natura inguruneak sarbide segurua eta jasangarria izan dezaten bermatzeko", azaldu du Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatu Saray Zaratek.
Egilolarra eta Gorbeiako tontorraren arteko hiru sektoretan egingo dituzte birgaitze lanak. Batetik, pagadian zegoen bidezidor "argia" desagertu egin da, mendizaleak hainbat lekutatik igotzen dira, eta lurzorua higatu eta pagadia kaltetu da, Diputazioaren hitzetan. Besteak beste, "malda ertaineko" bide bakarra egingo dute bertan, zurezko trabesak eta balizak instalatu, bidea markatzeko. "Horrela, igarotze sakabanatua saihestuko da, eta oihanpea leheneratzen lagunduko da".
Txilardi aldean, bestetik, pagadiaren eta El Tocornal bidegurutzearen artean, hainbat bidezidor paralelo eta zanga sakon daude. Eremua hobetzeko, zurezko edo harrizko trabesak jarrita bide nagusi bat finkatu eta trazadura egokia balizatuko da. Lan horien helburua da zapaldutako azalera murriztea eta txilardia, "interes komunitarioa duen habitata", birsortzea.
Azkenik, diputazioak jakinarazi du El Tocornal bidegurutzetik gailurrera arteko sektorea dagoela kaltetuen. Gurutzera igotzeko bi bide daude, "tradizionala eta berria". Foru Aldundiaren asmoa da hegoaldeko bidea finkatzea, malda samurragoa eta kontserbatzeko baldintza hobeak dituelako. Bide paraleloak lehengoratuko dituzte, eta balizak instalatu, esaterako.
Diputazioak, zeinak 190.000 euro bideratuko dituen proiektu honetara –NextGenerationEU funtsaren bidez–, adierazi du Gorbeiako tradizio menditarra eta espazio naturalaren babesa bateragarri egiteko aukera emango duela, "oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek ibilbide enblematiko horretaz gozatzen jarraitu ahal izateko". Era berean, mendizaleei dei egin die zaharberritzen ari diren eremuak errespeta ditzaten, eta balizatutako bidezidorrari jarrai diezaioten.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545