Martxoak bustanaz, aphirilak bulharraz.

Haragijale jangartxua

Megaloptera (hego oso handiak, garai bateko grezieraz) Ordenako espezieak metamorfosi osoko animaliak dira, hau da, lau fase betetzen dituzte: arrautza, larba, pupa eta heldua. Larbak uretan bizi dira, eta handiak izaten dira, heldutasunera ailegatzen direnean (pupa fasea gainditu eta gero, noski) izango duen tamaina kontuan hartuta. Helduen bizitza ez da luzea izaten eta espezie batzuen bizitza benetan oso motza da.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko abuztuaren 31
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Sialis (Sialis ssp)

TALDEA: Intsektua / Megaloptera / Sialidae.
NEURRIA: 15-25 mm.
NON BIZI DA? Urmael eta ur masetan. 
ZER JATEN DU? Beste intsektu eta animalia txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Sialis espezieak Neuroptera Ordenean sartuta zeuden garai batean, baina gero Megalopteran txertatu ziren, bere ezaugarriak hobeto baitetozten talde horretako ordezkarien artean. Intsektu iluna da, marroi eta beltzaren arteko kolorazio nagusikoa. Batzuetan, ordea, bere buruan mantxa laranjatuak izan ditzake. Lau hego ditu, antzekoak baina desberdinak, aurrekoen oinarria zabalagoa baita atzekoena baino. Hegoen zaineriak gelaxkak mugatzen ditu, eta sinple samarra da beste intsektu batzuen zaineriarekin alderatuz gero. Helduek, pausatuta daudenean, teilatu modura biltzen dituzte bizkarraldean. Antenak ere handi samarrak dira, eta buruan ez dute ozelorik (begi sinpleak). Munduan leku gutxi daude talde honetako espezierik gabe, nahiz eta lurralde heze eta epeletan ugariagoak izan.

Esan bezala, bere bizitzan lau fase betetzen dituzte sialisek. Emeak errenkadetan jartzen ditu arrautzak, landareen hostoetan, uretatik kanpo: berrehun bat aldiko. Larbek arrautza azala puskatu eta uretara jausten dira. Haragijaleak dira eta edozein motatako harrapakinez elikatzen dira. Urtebete baino gehiago, batzuetan 3 urte, behar izan ditzakete uretan erabat garatzeko. Bere gorputzaren alboetan filamentu batzuk dituzte uretako oxigenoa hartu ahal izateko. Nahikoa hazi direnean, uretatik irten eta babesleku bat bilatzen dute metamorfosiarekin jarraitzeko, pupa fasea betetzeko, alegia. Egun batzuk pasa eta gero (astebete edo) heldu hegalariak prest izango dira airea konkistatzeko.

Intsektu hauek ez dira hegaldi luzeak betetzen dituzten horietakoak, ez dute horrelako joerarik, baina bai trebeak direla arerio edo arriskuei eskin egiteko eta bat-batean desagertzeko! Hala ere, landaredian, bere kolorazioa kontuan hartuta, dezente nabarmentzen dira. Haragijaleak dira, baina ez dira jale amorratu horietakoak, ez baitute jaten sarritan.

Sialis espezie batzuk bio indikatzaile onak dira oso, larbek ur garbiak behar izaten baitituzte bertan bizi ahal izateko. Hala ere, badira degradazioa hain estu hartzen ez duten beste espezie batzuk.
Predatzaile ugari dituzte sialisek, beraz, kate trofikoan predatzaile ez ezik harrapakin modura ere aurki ditzakegu. Eta, bere zoritxarrerako, arrantzarako amu gisa ere oso preziatuak omen dira, bai bizirik edo amuzki artifizialerako modelo gisa.

Ziporik behar ez duen ezpataria
Badira ikusitakoan gure azalean iraultza bat eragiten duten animaliak. Ez dute eraso egin beharrik gure buruari egin dezaketela bat-batean jakinarazteko. Hotzik gabeko hotzikara, berorik gabeko... (+)
Aparrak ezkutatzen duena
Maiatzean hasi eta iraila/urria bitartean belar eta landareetan apar zuriska metatxo batzuk ikusi ohi dira. Alferrik bada ere, inguruan begiratu ere egiten dugu zein izan... (+)
Migratzea sena denean
Naturak baditu bere izakien artean migratze sena berez dakarten espezieak. Ez dute inongo behar berezirik, ez dabiltza gerra bati ihes egiten, ezta hobeto bizitzeko leku... (+)
Lehengusu iletsua
Iletsuak direlako edo hegan doazenean ateratzen duten zurrunbiloarengatik, erlastarrak ez dira gutako askorentzat erleak bezain sinpatikoak. Jakina, gizakiok ez gara sarritan oso zuzenak izaten gure... (+)
Mantxak apaingarri direnean
Ziurrenik lerro hauek irakurri aurretik argazkiari erreparatu diozue. Hala bada, mantxa horiek eta haien kokapenak osatzen duten irudiak edertasun faltarik ez duela bururatuko zitzaizuen, konturatu... (+)
gora