Astelehenero 8:00etan zure epostan
Biometanizazio planten gaia pil-pilean dago azken asteetan Nafarroan. Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia… eta beste dozena bat lekutan eraiki nahi dira horrelako plantak. Egoerak eskuetatik ihes egin ez dezan, herrietan planta horien aurka ari diren plataformek moratoria bat eskatu diote Nafarroako Legebiltzarrari.
Vianako biometanizazio plantaren aurkako mobilizazio bat.
Hori dela eta, datorren igandean, hilaren 26an, biometanizazio planta horien aurka ari diren plataformak Iruñeko Sarasate pasealekuan bilduko dira 12:00etan, Nafarroako Gobernuari eta Legebiltzarrari eskatzeko moratoria bat. Gaia hilaren 30ean landuko dute Nafarroako Legebiltzarrean.
Berez, plataforma horiek azaltzen dutenaren arabera, ez daude biometanizazio planten aurka, teknologia hori interesgarria baita energia berriztagarrien ikuspegitik. Materia organikoa erabiliz, nagusiki aziendek sortutako mindekin, biogasa sortzen da eta gero hori erabili daiteke erregai gisa, elektrizitatea sortzeko edo berorako, esate batera. Prozesu horretan geratzen den azken hondakinari digestatoa deitzen zaio, eta hori ere lurzoruetan zabal daiteke ongarri gisa.
Kontua da, modu planifikatuan eta egokian egiten bada, hori guztia onuragarria dela, baina gaizki egiten bada oso kaltegarria bihur daitekeela, plataformetatik salatzen denez, lurrak eta akuiferoak kutsatzen direlako, batez ere nitrogeno gehiegirekin. Horrela, azken urteetan biometanizazio proiektu ugari egiteko eskaerak egin zaizkio Nafarroako Gobernuari, esparru eolikoan edo fotovoltaikoan gertatu den bezala, Nafarroako beharrek eskatzen dutena baino gehiago, eta batez ere errentagarritasun ekonomikoari begira.
Horrek kalte larriak ekartzen ditu, plantek haien inguruan dutena baino minda eta materia organiko gehiago behar dutelako, eta horrek behartzen dituelako urrutiagotik ekartzera, eta horrekin, aldi berean, garraio trafikoa hazi egiten delako. Gainera, sortzen den digestato kopurua ere plantaren inguruko lurrek jaso dezaketena baino gehiago da, eta horrek kutsadura arazoak dakartza. Baina beste albo kalte batzuk ere badira, besteak beste, eredu horrek makroetxaldeak bultzatzen dituelako. Horrela, elkar elikatzen duten bi eredu kaltegarri bultzatzen ari dira, plataformen arabera.
Digestatoak sortzen dituen arazo larrien erakusgarri litzateke joan den irailean Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldearen aurka Iruñeko Justizia Jauregian egin zen epaiketa. Makroetxalde horrek badu bere biometanizazio planta, eta epaiketan ikusi ahal izan zen bertako digestatoekin kutsadura larria sortu zuela inguruko lurzoru eta natur guneetan.
Horregatik guztiagatik, plataformek moratoria bat eskatu diote Nafarroako Legebiltzarrari. Tarte horretan, Nafarroako Gobernuak, udalek eta herritarrek denbora izango lukete gaiaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko, horrela Nafarroan behar den biometanizazio prozesua lurraldeak dituen beharretara egokitzeko.
Dagoeneko 10.000tik gora alegazio aurkeztu dira planta horiek aurka, eta Sustrai Erakuntza erakundearen webgunean modu zehatzean irakurri daiteke moratoria hau eskatzeko plataformek aletzen dituzten arrazoiak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545