Izarren hautsa futbol zelaietako soropiletan eta jatetxe txit glamurosoen baratzeetan —izpilikua eta ezkaiaren artean— loriagai bihurtzen den herri honetan

Fruitu aroa, hazi aroa

Fruituak biltzeko sasoia da. Fruituak gozatzeko sasoia da. Horretarakoxe sortzen ditu fruituak landareak: guk, animaliok, goza ditzagun. Fruituak jan eta gogoko bihurtu. Gozamen hori betikotzeko, landare horiek ugalduko ditugu: hazia erein edo berdinak sortzeko txertatu.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2020ko urriaren 15a
Batzuetan fruitua babesa da haziarentzat: animaliek hazi horiek jan ez ditzaten, fruitua ez da gutiziagarria. Intxaurra sokolin mamitsu batean bilduta egoten da. Mami horri kosk ez egin, gero; damutuko zara.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Fruituen sasoia hazien sasoia da. Hazia da nagusi fruituan. Landarearen kasta luzatu eta hedatzea da haziaren helburua. Helburu horretarako bidea besterik ez da fruitua.

Jateko erakargarria egiten dute zenbait landarek fruitua; jan behar duen animaliarentzat ikusteko modukoa egingo du, kolore deigarriz jantzia eta probetxuzko mami hazkurritsua duena. Marrubia (Fragaria vesca) jan eta azalean dituen haziak ereingo ditugu gorotzetan. Behiak sagarra (Malus domestica) jaten duenean haziak bekorotzean ederki estalita geratuko dira. Hagina (Taxus baccata) goitik behera pozoitsua da (sustrai, zur, egur, hosto, azal...) baina hostaje berde-beltzaren gainean fruitu gorri-distiratsua eskaintzen dio, atsegin handiz, birigarroari; hark mami gorriaren lika gozoaren apeta beteko du, baina barruan doan hazi gogorra ez du bere errotak ehoko, baina errotan eta urdailean azala urratuko zaio, eta gero, zirinarekin batera botatzen duenean, errazago ura hartu eta hozituko da, erneko da.

Beste batzuetan fruitua babesa da haziarentzat. Haziak handiak dira, eta animalientzat gustagarriak. Hazi horiek jan ez ditzaten, fruitua ez da gutiziagarria, ezpainak eta hortzak uxatuko dituena baizik. Gaztainak (Castanea sativa) arantzezko morkotsetan babestuta daude. Intxaurra (Juglans regia) zokoten edo sokolin mamitsu batean bilduta ematen du ondoak. Mami horri kosk ez egin, gero; damutuko zara.

Beste hazi batzuek ileak dituzte; makalak (Populus nigra), txikoria-belarrak (Taraxacum officinale) eta urazak (Lactuca sativa) adibidez, haizeak altzoan hartu eta batera eta bestera biribilketan eraman ditzaten. Haizekirri ahulena ere baliatzen iaioenak hegalak dituzten haziak dira: lizarrarenak (Fraxinus excelsior), ezkienak (Tilia spp.), astigarrenak eta iharrenak (Acer spp.).

Lapa-belarra (Arctium minus) bezalakoek kuskuilu tankerako fruituak ematen dituzte adar muturrean, animalia iletsua edo arropaz jantzia aldamenean igaro eta igurztean, arroparen edo bere ileetan bertan itsatsita urrun garraia ditzan.

Landare amak dio “agur hazia, agur; han edo hemen, betor alaba”.

 

Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
gora