Asteroko buletina
Ekaina eder, uda halaber.

Dena ez delako mahastia Arabako Errioxan


Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2021eko irailaren 09a
Foru Aldundiko basozainak harrituta hartu zuen lursail batean mahatsondoak kendu eta artea jartzeko eskaera: bizitza osoa mahatsondoetara pasatzeko aldaketak sinatzen pasatu duela, eta hauxe omen kontrako noranzkoan sinatzen duen lehena.

Ardoen lurraldea da Nabaridas ingurua (Araba), eta beraz, mahastiak dira nagusi hango paisaian. 2014an, ordea, bertako artadi basoa sustatzeko ideia bati bueltaka hasi ziren herritarrak. Galdera hauxe zen: zer egin basoa hedatzeko, babesteko eta bertako genetika mantentzeko? Udalarekin elkarlanean lursail-trukaketa proiektua martxan jartzea erabaki zuten orduan. “Herriko basoaren hegoaldean utzita zeuden lursailen jabeekin harremanetan jarri eta lur horiek beste batzuengatik trukatzeko proposamena egin zien Udalak”, azaldu du Aitor Senar Enekotegi Agenda 2030eko udal teknikariak. Bertako artadi babestuaren azalera handitzea da ekimenaren helburua.

Hamaika lursail pribatu baso publiko bihurtzeko bidean

Nabaridasen basoa zabaltzeko egitasmoa ez da ekimen bakan bat izan, dena den. 2014an jasangarritasuna saritzen duen Conama saria jaso zuen Udalak, herrian abian zituzten hainbat proiektugatik: zabortegi baten garbitzea eta inguruaren berreskurapena, basoa hazi-iturri izendatzea, herriko urmaelaren biodibertsitatea babesteko ekimenak… “Sari horietara hainbat ekimen aurkeztu genituen, eta hor hasi ginen gehiago lantzen lursailen trukaketaren ideia ere”, dio teknikariak.

Hurrengo bi urteetan, utzita zeuden lurjabeei eskutitzak bidali, lehenengo bilerak deitu eta trukaketak egiteko prozesua martxan jarri zuten. Tramite aldetik bere zailtasunak ditu horrelako proiektu batek, eta teknikariak onartzen duenez, luze joan da prozesua, baina emaitzak lortzen ari dira. “30 bat jaberi bidali genien proposamena, eta horietatik zazpi izan ziren interesa azaldu eta azkenean trukaketak gauzatzera animatu direnak”. Horietako batzuk lursail bat baino gehiago zituzten; guztira, 18.108,10 metro koadroko eta interes ekologikoko hamaika lursail pribatu pasatu dira Udalaren jabetzara. Aurten sinatu dira lehenengo trukaketak, eta udalerrian proiektua oso ongi jaso dela ikusita, bigarren trukaketa faseari ekiteko asmoa dute aurrera begira.

Artadia berreskuratzen

Trukatutako lursail gehienak utzita bazeuden ere, horietako batean mahastiak zeuden landatuta, eta aldaketa harrigarria izan da. “Kasu hori da agian esanguratsuena, oso arraroa baita eskualde honetan mahatsondoak kendu eta artea jartzea”, dio Senarrek. Foru Aldundiko basozainak ere harrituta hartu omen zuen eskaera: bizitza osoa mahatsondoetara pasatzeko aldaketak sinatzen pasatu duela, eta hauxe omen kontrako noranzkoan sinatzen duen lehena.

“Azkenean, karraska edo artadi hauek dira hasiera batean eskualde honetan zeuden baso mota. Gerora, gizakiaren eraginarekin, paisaia guztia eraldatu eta mahastiak dira orain gailentzen direnak”, dio teknikariak. Bada, ekimen honi esker, behintzat, leku gehixeago berreskuratuko du bertako artadiak.

“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”
2024-05-20 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu... (+)
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea
2024-05-14 | Garazi Zabaleta
2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan... (+)
Erlauntzako airea arnastearen onurak
2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak... (+)
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste
2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere... (+)
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora