Maiatza infernu, ekain-uztailak zeru

Efemerideak

Baserritarrokin lotutako efemerideen artean, bi sentitzen ditut neure-neureak, Anarik bere kantan dioen bezala, efemerideak gugan bizi diren zauriak direlako.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2026ko apirilaren 20a
Iturriko uraren ehunka erabiltzailek Uraren Euskal Agentzian aurkeztu duten erreklamazioetako bat.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Apirilaren 17koa dugu bertan, eta eguna hurbildu ahala, Brasilgo Polizia Militarrak hil zituen lurrik gabeko 21 nekazarien presentzia indartsuagoa egiten zait, baita martxa hartan zauritu zituen zientoka haiena ere. Hogeita hamar urte pasa dira Eldorado do Carajáseko sarraskitik.

Agronegozioa, eredu koloniala eta latifundista ziren orduan, eta dira gaur egun, jatorrizko herriak lurrez eta urez desjabetzen eta miseriara kondenatzen dituztenak. Transnazionalek eta lur-jabe handien etekinek hazten jarraitzen duten neurri berean, areagotzen dira naturaren degradazioa, agrotoxikoek sortutako kutsadura eta jatorrizko herrien kanporatzea.

Eredu horren ondorioak Brasilgo gainontzeko herritarrek ere pairatzen dituzte: milioika pertsona daude gosez eta, bitartean, agronegozioak, herria elikatu beharrean, esportaziora bideratzen ditu elikagaiak. Kalteak han gelditzen direla uste dugun arren, gu geu, Euskal Herri pribilegiatuko herritarrak eta baserritarrak ere kaltetuak gara, zeharka eta modu arinagoan, baina kaltetuak.

Aurten, efemerideak galdera egin dit: zuek, baserritarrok eta landa eremuko biztanleok, zer borroka dituzue Euskal Herri pribilegiatu horretan? Zoritxarrez, ez diot buelta asko eman behar izan: ura.

Gezurra ematen badu ere, hemen, Euskal Herri pribilegiatuan, baserri askotako ur-hornidura kolokan dago. Gurera bezala beste askotara iturburuetako ura etxeetara heltzen bada, baserritarrek lan hori egin dutelako da. Bizitzarako oinarrizkoa den elementua herritar guztiontzako eskubide izatea ez da gauzatzen, oraindik ere, herri kaskotik kanpo biziz gero. Erakunde publikoek ez dute, kasu askotan, borondate edota gaitasunik izan etxe guztietara ura heltzeko. Beraz, bai ala bai, kalean eginda ematen den zerbitzua baserritarrek hartu behar izan dute beren gain, etxeko txorrotan ura izatearren.

Horretarako pausuak: behar eta ahal denean, iturburura heltzeko bideak ireki;  ur-tangak erosi edota eraiki; baserrietara ura hel dadin, hoditeria-sarea eraiki –noski, horien guztien mantentze, garbitze eta berritze lanak gehitu behar dira–. Elikagaiak ekoiztuz gero, Osasun sailean aurkeztu beharreko uraren analisiak egin, kloratzeko makina jarri eta mantendu. Hori guzti-guztia geure poltsikotik ordainduta eta gure bizitzaren ordu asko bertan lanean emanda.

Egoera horretan dauden baserri askotara Uraren Euskal Agentziaren agindua heldu da: kontagailuak jarri eta mantendu, datuen irakurketak ere geuk  egin –eta Ura agentziara bidali, noski–, uraren osasun-txostena egin eta helarazi, eta ura erabiltzeagatik kanona ordaindu.

Horiek guztiak eginda ere, zer gertatukoko litzateke iturburua lehortuz gero? Nork ordainduko du urez betetako kamioia etorraraztea? Erantzuna: baserritarrak. Non dago erantzukizun publikoa? Ez dago. Lekutan dago, beraz, ura izateko eskubide unibertsala.

Beldurra izu bilakatzen da dakizunean, zenbaitetan, iturburuei buruzko ezagutza zehatzik izan gabe –sarerik dagoen, zein egoeretan, sasoiaren araberako ur-emaria zenbatekoa den– Ura agentzia iturburuen kudeaketa esleitzen ari dela irizpide argirik eta arduratsurik izan gabe.

Izua eskandalu bihurtzen da dakizunean, baserrietara ura heltzeko zuk egin beharreko gastu eta lan horiek, zenbaitetan eta kasu jakin batzuetan, diru publikoz laguntzen direla handik eta hemendik, hemen, Euskal Herri pribilegiatuan. Denok gara berdinak, baina batzuk besteak baino berdinagoak.

Badakit, Euskal Herri pribilegiatuan ez bageunde, aspaldian ginen desplazatuak, desagertuak edota erailak. Badakit. Eta beldurra ematen du hori gorputzean sentitzeak eta jakiteak, nahiz eta erak eta intentsitatea mudatzen diren, sistema, han eta hemen, errepikatu egiten dela.

Horrexegatik ere da garrantzitsua apirilaren 17ko efemeridea artzain honentzat, efemerideak gugan zauriak direlako.

Greba orokorra dela eta
Gure baserrian bezala beste askotan, ez gara 1.221 euroko gutxieneko soldatara iristen. Inondik inora. Hori amestea ez da gutxi. 1.500 euro hilean kobratzea, utopia da,... (+)
Mamu ala arbaso
Trantsiziorako hila da otsaila. Otsaila txikia izateak lehenago bukatuko den esperantzan bizitzeko aukera ematen du. Une askotan, nostalgiaz begiratzen diot urtarrilean zehar bizitako erditze garaiari:... (+)
Kieto protokoloa
Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza... (+)
Txori-habiak eta akelarreak
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek... (+)
Klaseak eta klaseak
Beste askotan bezala, amorruaren eta inpotentziaren gordina estali nahian hasi naiz gramatikaren itsasoan igerian. Alferrik, ordea. Hemen ari naiz, goizean idatzitakoa pantailaren azpialdera bidaltzen, lerrook... (+)
gora