San Markek euri, gereziak ihaurri.

Poltsikoko smartphonean daukagu ebola izurritearen erroetariko bat

Esanguratsua da datua: Afrika erdialdeko deforestazioa ehuneko puntu batez igotzen den aldi oro ebola birusaren intzidentzia %20 eta %40 artean igotzen da. Alarma gorria piztua du Munduko Osasun Erakundeak, "biziki larria eta kudeatzeko zaila" den ebolaren izurrite berriari aurre egin nahian dabiltzalako maiatzaz geroztik Afrika erdialdean. Aldi honetan Mongbwalu (Kongoko Errepublika) hiritik abiatu da gaitza. Urre, koltan eta kobaltoz aberatsa izanik, meatzaritzak erabat berenganaturiko eremua da. Logika estraktibistari segi, oihana moztu eta lurra zulatzen segitzen dute etenik gabe. Gizakiak birus ezezagunetarik urrun atxikitzeko muga naturalaren funtzioa bete ohi dute oihanek. Gauza da deforestazioarekin hurbiltzen direla bi aldeak, izurriteak errepikatuz eta gogortuz.    


2026ko uztailaren 29a
Prebentzioaz eta artaz gain, soa zabaldu eta epe ertain luzera begiratzeak ekarriko luke izurriteen gutxitzea. Nola? Basoak garatuz.MSF
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Mongbwalu. Kongoko Errepublikaren ekialdean, zehazki, Ituri probintzian. Oihanez inguraturiko hiri ertain bat. Meatzaritzarako lubakiz eta oihanez inguraturikoa, hobeki erranda. Geroz eta oihan gutxiago ditu Mongbwaluk, eta geroz eta lur zulatu gehiago. XX. mende hastapenean atzeman ziotelako urrea zorupean, eta orduz geroztik metal prestigiodun horren erauzketak hartu duelako zentralitatea. Kolono belgikarrentzat lehenik, ondotik kudeaketa nazionalizatu baten bidez –Sokimo sozietate publikoaren bidez–, eta gaur egun multinazional boteretsuentzat geroz eta gehiago, ustiaketa industrialak artisauari gaina hartuta diolarik. Ikusita biztanleen eta langileen pobreziaren heina, argi gelditzen da bakar batzuen poltsikoetara doala aberastasuna. Iruzurra eta ustelkeria nagusi dira, eta kaltetu handiak ditugu lekukoen osasuna, tokiko ekonomia eta ingurumena.

Azken asteetako albistegietan azaldu zaigu Mongbwalu. Ebola izurrite berriaren epizentroa da. Maiatzaren 15ean eman zuen izurrite berriaren berri Kongoko Gobernuak, 2014az geroztik, Afrikan zabaltzen den hamazazpigarrena. Uztailaren 16ko datuei segi, 2.073 kutsatu eta 796 hildako eragin ditu birusak –%90 Kongon–. Gobernuaren azken osasun-buletinaren arabera, %53 da kutsatuen heriotza-tasa. Aldi honetan ere, izurritea “biziki larria eta kudeatzeko zaila” dela adierazi du Munduko Osasun Erakundeak. Besteak beste, bere jatorria, Bundibugyo izenekoa, arraroa eta ezezaguna izanda, orain arteko sendabideak ez direlako eraginkorrak. Baina berdin du, kasik ez da aipatzen Mendebaldeko komunikabideetan. Ez, ebola ez da COVID-19. Afrika urrun-urrun dugulako Europatik...

Badabiltza, beraz, ahal bezala izurritea mugatu nahian, baina egoera kontrolatu gabea daukate oraindik, hildakoen bi herenak osasun-zerbitzuetatik urrun hiltzen direlako –besteak beste, herritarren egoera ekonomiko kaskarra eta osasun zerbitzu publiko ahula ditugu kausen artean–.

Urre bilaketa eta izurritearen arteko lotura lehen begi-bistan agerikoa ez bada ere, harremana argitzen duten ikerketak ez dira eskas. The Guardian komunikabidearen A disease of deforestation: how Ebola is linked to the smartphone in your pocket (Deforestazio-eritasun bat: ebola nola lotuta dagoen gure poltsikoko smartphoneari) dugu horietariko bat. Sonia Shahk idatzitako da, kazetari izateaz gain, multinazionalen botereari, osasunari eta giza eskubideei buruzko zenbait libururen idazlea ere dena. Artikuluan kontatzen du duela 50 urte aurkitu zutela ebola birusa, baina “ttipiak eta menperatuak” izan ohi zirela lehen izurriteak.

Oraingo birusen zabalpen bizkorragoa “biztanleria handiagoa eta interkonektatuagoa” izateari lotu ohi bada ere, beste arrazoi bat gehitzen dio Shahk: “Ekologiaren eraldaketa, zeina berregiten ari baita, munduan gero eta mineral gose handiagoa dagoelako, goi-teknologiako ekonomia elikatzeko”. Birusaren eramaile diren gauenarak, berez, oihan zabalen barnean bizi dira, eta gizaki guti gurutzatzen dituzte. Hori horrela, agertuz gero, etorri bezala doa izurritea, sekulako desmasiarik egin gabe. Gainera, kontaktua egonkortuz gero, immunitatea ere garatuz doa, eta horren adibide dugu Gabongo oihanetako biztanleen immunitate-babesa.

Oihanak, ezinbestekoak

Afera da, meatzaritza garatu ahal izateko zuhaitzak moztu behar izaten dituztela eta horrek ttipitzen duela gauenaren eta gizakien arteko distantzia. Datuak hor dira baieztapena indartzeko: “Afrika erdialdeko deforestazioa ehuneko puntu batez igotzeak malaria eta ebola birusen intzidentzia %20 eta %40 artean igotzen du, 2025eko azterketa baten arabera. 2014ko ebolaren agerraldia aitzin, Gineako hego-mendebaldeko baso-estalkiaren %85 moztu zuten, eta hain justu, handik abiatu zen izurritea”. Mongbwaluren kasuan, fenomeno bera da: azken bost urteetako sateliteen argazkiei begiratu eta begi-bistakoa da deforestazioa.

Ikusita, gainera, biztanleria emendatuz doala, izurriteen probabilitatea are handiagoa da: “Mineralen bila dabiltzanak sakon murgiltzen dira basoan. Mineralen garestitzeak leku guztietako jendea erakartzen du, eta tartean, immunitatea garaturik ez dutenak ere bai. Aktibitate-guneetatik eta nekazaritza-merkatuetatik urrun, ehizan aritzeko joera handiagoa dute, beste animalia batzuekin harremanetan jarrita. Haien harrapakinen artean ebola birusa dutenak baldin badaude, biltzen dituzten patogeno guztiak erraz heda daitezke meatze-hirietan barna, zeinetan saneamendu sistema kaskarra eta osasun-azpiegitura guti duten”.

Urreaz gain, koltan eta kobalto metalez ere aberatsa da eskualdea, eta gaur egun bi milioi langile dabiltza Kongoko meategietan –380.000 baino gehiago ekialdean, Mongbwaluren inguruetan–. Segur aski, tendentzia ez da ttipituko, klima larrialdiaren testuinguruan, zailtasunei aurre egin ezinean direlako bertako laborariak eta eguneroko ogibideari meatzaritza ordu batzuk gehitu beharrean direlako, diru-sartze osagarri bat izateko.

Munduko Osasun Erakundearen abisuak alarma gorria piztu arren, meategiek irekita segitzen dute eta birusak bere bidea segitzen du. Kutsatuak aparte jartzeko berrogeialdia ere ezinezkoa zaie anitzi, eta sintomak agertu arren, segitzen dute lanean, dirua behar dutelako. Eta horrela segitzen du bere bidea birusak. Are gehiago, hildakoaren gorpuak kutsakor izaten segitzen duelako. COVID-19ari alderatuta, ebolaren birusa ez da airez pasatzen, baizik eta kontaktu bidez.

Ebolari buruzko prebentziori eta artari garrantziarik kendu gabe, hirugarren zutabe batean jartzen du begirada Sonia Shahk: ekosistemen osagarria zaintzean, hau da, ingurumenaren kaltetzeak saihestean. Horrek ez du aldi honetako izurritea geldituko. Baina epidemien zerrenda luzatzerik ez baldin bada nahi, orduan, oihanak babestu eta landatu beharko dira. Bai ala bai. 
 

Ipar Euskal Herriko oihanak jomugan dituen E-CHO proiektua “dekretu bidez inposatu nahia” salatu du CADE talde ekologistak
Uztailaren 6ko Aldizkari Ofizialean agertu da Frantziako Lehen ministroaren dekretua. E-CHO egitasmoa “interes nazional handiko” gisa sailkaturik, eraikitze-prozedura azeleratzearen alde egin du gobernuak. Ipar Euskal... (+)
Uraren kudeaketa izanen du ardatz aurtengo Lurramak
Euskal Herriko Laborantza Ganbera antolatzaile, Lurrama Miarritzen (Lapurdi) iraganen da azaroaren 6tik 8ra. Urtero bezala, laborantza herrikoiaren erakusleihoa izanen da eta dagoeneko, laborariak eta kontsumitzaileak... (+)
Debekaturiko bi pestizida berriz legalizatzeko bidea adostu dute Frantziako parlamentariek
Azetamiprida eta flupiradifurona pestizidak legalizatzeko bidea adostu du senatarien eta diputatuen arteko Batzar Misto Paritarioak. Greenpeacek gogorki salatu du erabakia: "Legebiltzarkideek nahita aukeratu dute arduragabeak... (+)
Frantziako Gobernuaren klima politika "oso eskasa" dela dio Klimaren Aldeko Goi Kontseiluak
Klima politika "justuagoa, anbiziotsuagoa eta eraginkorragoa" bideratzeko deia luzatu dio Frantziako Gobernuari Klimaren Goi Batzarra egitura independenteak. Izan karbono isurketak gutxitzeko zein egoera klimatiko berriari... (+)
Klase elkartasunetik begiratuta...
Munduko zazpi estatu aberatsenak elkartu berri dira, ekainaren 15etik 17ra G7 gailurraren kari, Mont-Blanc mendiaren magalean. Hainbat gai aipatu dituzte. Ingurumena ere ukan dute solasgai,... (+)
gora