Astelehenero 8:00etan zure epostan
Transgenikoei zuzenduriko arauditik TGB Teknika Genomiko Berriak izendaturiko transgenikoak kentzeko bidea ireki zuen 2023ko uztailean Europako Batzordeak, eta ekainaren 17 honetan alde agertu dira eurodiputatuak. Trazabilitaterik ez denez izanen, kontsumitzaileak ez du jakinen transgenikorik jan ote duen, eta ingurunean badauden ere ez da jakinen. Inork kontrolatu gabe zabalduko dira, beraz, lehenik eta behin polinizazioa ezin delako kontrolatu. Opari ederra egin diote agroindustriari. Arazoa da landareetan eta, oro har, bizidunetan eta ingurumenean izan ditzaketen ondorioei buruz ezjakintasun handia dagoela.
Europaren araudi berri horren kontra mobilizatu beharra azpimarratzen dute ekologistek. Argazkian, Greenpeacen ekintza bat. Greenpeace
Bidasoaren iparraldean behintzat, guti aipatu da eurodiputatuen ekainaren 17ko bozketa. Alta, aldaketa handia dakar, eta aldaketa horrek ezezagutza handia. Zergatik? Orain artean Europatik transgenikoei bideratzen zitzaien legedia deuseztatzen zaielako datozen GEO Genetikoki Eraldatutako Organismo berriei.
Agroindustriaren bultzatzaileek eta Parlamentuko beraien konplizeek diote ez direla trangenikoak, hain justu, kanpoko gene bat gehitu beharrean, landarearen genoma propioan dituztelako moldaketak bideratzen. TGB edo Teknika Genomiko Berriak izendapena ere aukeratu dute, GEOek zuten itxura ezkorraz bereizteko. Baina Via Campesinako zein ELBko laborariek, ekologistek eta kontsumitzaile arduratsuen elkarteek "GEO-berriak" izendatzeko hautua egin dute, gauza bertsuaz ari garela argi uzteko. Frantziako Estatu Kontseiluak ere berretsi du TGBak transgenikoak direla, "organismo baten material genetikoa ez delako modu naturalean moldatu".
Hala da. Nahiz eta teknika ezberdina izan, landarean bideraturiko esku-sartzea berdina da –eta batez ere, atzealdean diren interes eta helburu pribatuak ez dira inolaz ere aldatu–. Bidasoaren iparraldean guti aipatu da beraz, eta bada harrigarria, berez transgenikoen gaiak desadostasun zabala izan duelako. Transgenikoen pentzeen sabotajeak, Jové Bové buru izandako Mac Do baten desmuntaketa, zein ikerlarien desobeditze-mugimenduak... kontsumitzaileak eta laborariak batu dituen mugimendu interesgarrienekoa izan da 1990eko eta 2000ko hamarkadetan transgenikoen kontra zabaldurikoa. Zer pasa da 30 urtez? Agroindustriaren parean herritarrok genuen erresistitzeko konbentzimenduak indarra galdu du ala ultra-aberats bakar batzuen esku diren informazio iturriek gorde dute bozketa horrek zekarren arriskua? Ez da argi, baina dena dela, panorama berri honetan gaude: GEO berriei dagokionez, ez da gehiago kontrolik, arriskuen azterketarik, trazabilitaterik eta etiketatze betebeharrik bideratuko.
"Laborarien eta kontsumitzaileen interesen kontra egin du Europako Parlamentuak eta hazien zein bioteknologiaren arloetako multinazionalen aldean kokatu da. GEOen gaineko arauak deusestatzeko eta beraien patenteen eredua garatzeko urteetan bideraturiko presioak emaitza ekarri du", Via Campesinaren Europako Batzarreko Alessandra Turcoren hitzetan. Hori horrela, beste zenbait eragilerekin batera, araudia deuseztatzeko bide judiziala ireki dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.
Konkretuki, araudiak bi multzotan banatzen ditu organismo berriak. Batetik, kromosoma-sortaka gehienik hogei moldaketa dituztenak –TGB1–. Horiei ez zaizkie bideratuko transgenikoei zuzenduriko betebeharrak: hala direnik ez da zehaztuko produktuetan edota landareetan –haziak saltzerakoan, ordea, bai–, eta estatu batek ezingo ditu debekatu landaketa edota inportazioa. Bestetik, TGB2 multzoa dago, eta horiek, bai, bete beharko dute GEOentzako arautegia. Ekainaren 17an bozkaturiko arauan ondokoa irakurri daiteke: "Dela biodibertsitatea eta klima-aldaketa, munduko elikadura-segurtasuna, bioekonomiarako estrategia edota Europar Batasunaren autonomia, berrikuntza- eta jasangarritasun-helburuetan laguntzeko ahalmena dute". Bero handien garai honetatik begiratuta, esperantza ekarri dezake hori sinesteak. Alta, arduragabeki jokatzen dabiltza, isilik atxikitzen dituztelako ondorio arriskutsu batzuk.
Ingurumenean ditugun milaka eta milaka hazi beraien inguruari egokitu egin dira denboran, hori da bioaniztasunaren indarra. Transgenikoei begiratuta, haatik, erran daiteke klima larrialdiari aurre egiteko moldaketarik ez dutela asmatu, eta gainera, intsektiziden eta pestiziden emendioa ekarri ohi dutela landare horiek.
Afera da bere interes pribatuei begira dela agroindustria: TGB1 multzoko hazi eraldatuak patentatzearen alde egin du Europako Parlamentuak eta hori bada beraientzako urrats handia. Edozein produktu edota asmakizun patentatzen den bezala, biziduna ere patentatzea –eta beraz kontrolatzea– bada multinazionalen ametsa.
Gaur egun, sei multinazionalek dute mundu mailako hazien merkatuaren %60aren gaineko jabetza: Corteva, Bayer (Monsanto ohia), BASF, KWS, ChemChina eta Limagrain. Araudi berriarekin, jabetza hori azkarki zabalduko da, monopolioa areagotuta eta mendez mende garaturiko bioaniztasuna arrunt pobretuta.
Alta, berote handiei aurre egiteko bidea segurragoa dugu aniztasunarekin. Logikoa da: gaitza monokultura dagoen pentze batera sartuz gero, batetik bestera zabalduko da; haatik, aniztasuna nagusi bada, segur aski landare batzuek gaina hartuko diote.
Gainera, patenteak erosi behar dira, eta hori ere ez da laborari guztien eskura. Mende luzeetan zehar uztaz uzta bildu eta elkar-trukatu izan diren hazien bukaera ote dugu? Multinazionalen ametsa da hori, haziak menperatuta bizitza dutelako kontrolatzen. Eta jan gabe ezin delako bizi, pentsa zer nolako irabaziak lituzketen bermaturik... Hori horrela, klima larrialdiari egokitzeko argumentuak pisu guti du panorama horretan, eta okerrena da transgenikoak ezinbesteko dituen agroindustriaren eredua badela krisi ekologikoaren iturburuan.
Orain artean ez bezala, transgeniko berri horien presentzia ez da zehaztuko. Hori horrela, ez baldin badakigu zein den transgenikoa eta zein ez, ezingo dugu GEO/TGB organismoen bilakaera aztertu; ez dugu jakinen zer nolako zabalpena duten eta, beraz, ingurumenaren eta bizidunaren gainean izan ditzazkeen ondorioak ere ez ditugu ezagutuko. Funtsean, horregatik guztiagatik zuten zuhurtasun printzipioa bideratzen orain arteko transgenikoei. Ezjakintasuna handiegia izanik, zabalpen itsuaren aurka kokatu izan da Europako Batasuna. Bukatu da hori. Hori horrela, nola babestuko dira kultura ekologikoak? Kutsatze naturalak –polinizazioa– ezin kontrolatuak izanda, lau haizetara zabalduko dira, nahi ala ez. Patentea erosi gabe bere pentzean izanen duen laboraria zigortuko al dute? Kutsatze horren kalte-ordainak zeinek bideratuko dizkio? Eta hazitegi ttipiek nola biziraunen dute? Laborariak bere baitarik lorturiko haziak patentaturiko baten DNA sekuentziazio bertsua baldin badu, zer gertatuko da?
Egia erran, erantzunik gabeko galdera gehiegi daude, eta hala eta guztiz ere, zuhurtasun printzipioaren gainetik jarri dute berrikuntzaren ilusioa. Bioteknologia sakrosantuaren izenean...
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545