Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka; ez santu guztiekin erreguka

Artzain eta sukaldariak eskutik, Ja(ki)tea elkartearen liburu berrian

2009an sortua, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea du helburu Ja(ki)tea elkarteak, abeltzain, laborari edota arrantzaleen jarduna nabarmentzearekin bat. Hamaika modura egin dakieke aitortza, eta oraingoan liburu berria plazaratuta azaldu die elkarteak esker ona, “udaberri oroz artaldea landara igo duten horiei guztiei” bereziki. Artzainak eta sukaldariak. De la txabola al fogón du izena Fernando Hualde ikerlariak eta Joseba Urretavizcaya argazkilariak ondu duten liburu elebidunak. Hamar artzainen bizipenak uztartzen dira beste hainbat sukaldariren istorio eta gomendioekin, gazta hartuta erreferentziazko produktu bezala.


2025eko maiatzaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Urteen joanean, artzainen kopurua gutxituz joan da pixkanaka; nahikoa da ikustea nola jaitsi den azken hamarkadetan gure mendietan sakabanatutako borda kopurua”, dio liburuaren hitzaurreetako batean Ja(ki)tea elkarteko presidente Xabier Zabaleta sukaldariak. “Garai batean artzaintzarako erabiltzen ziren eremu asko desagertu direla ikus dezakegu. Horregatik, euskal gastronomiaren ekosistema osatzen dugun guztion eginkizuna da ofizio hau lagundu eta babestea”. Ordiziako D’Elikatuz interpretazio gunean aurkeztu dute liburua, eta bertan idatzitakoari heldu dio Zabaletak. Mahaiaren bueltan izan dira liburuaren egile biak, hitzaurre nagusia idatzi duen Jakoba Errekondo, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatu Azahara Domínguez. Entzuleen artean, artzain eta sukaldari zenbait, baita Gaztaren Kofradiako kideak ere, besteren artean. Eta, iskin batean, dozena erdi Idiazabal gazta, bertaratutakoek aurkezpen ostean ahoratzeko gertu.

Liburuaren egileak, artzain eta sukaldariak, Gaztaren Kofradiako kideak eta Ja(ki)tea elkarteko ordezkariak, Ordizian egindako aurkezpenean / JON TORNER ZABALA

Aurkezpen “ofiziala” amaituta, txoko horretan harrapatu dugu Iker Sukia artzain lazkaotarra, eta aukera baliatu dugu galdera parea egiteko. Bere aita Isidro da liburuko protagonistetako bat, mutur aurrean dugun Ixidro gaztaren aitapontekoa, hain justu. Liburua begiratu dugu. Ederrak dira Urretavizcayak aita-semeei euren bordan atera dizkien zuri-beltzezko argazkiak, oso potenteak. Artzainek bizi duten egoera ere halakoxea da, baditu argi-ilunak. “Artzain gazteentzat zaila da aurrera egitea; aitaren bideari jarraitu diot nik, eta tira. Gustuko dugulako ari gara honetan, gainerakoan…”, esan digu artaldea Aralarreko larreetara igo ohi duen Sukiak.

Isidro Sukia artzaina, atzean Javi Penas sukaldaria duela / JOSEBA URRETAVIZCAYA

Belarra gazta bihurtzearen magia

Iruñean sortua da Fernando Hualde, liburuko testuen egilea. Erronkarin ditu sustraiak, abeltzain familia batean, eta liburua “bihotzetik idatzia” dagoela azaldu du. “Mezu subliminal asko dago bertan”, dio, lekuan lekuko produktuei dagokienez “militanteak” izan behar dugula nabarmentzearekin bat. “Hurbiltasuna, 0 km… Horiek ez dute ezertarako balio, atzean ez badago kalitatezko produkturik”. Uste du artzainek gaztaren kalitatea mimatzen dutela, lan eskerga egin, baina ahalegin hori askotan ikusezina dela. “Jendeak gazta bat hartu eta sarri pentsatzen du: ‘garesti xamarra da ba’. Ez dakite ze esfortzu dagoen atzean”.

Argazkia: JOSEBA URRETAVIZCAYA

Haren aurretik Jakoba Errekondok hartu du hitza. “Liburua artelan bat da, gazta ere artelana den moduan”, hasi da hizketan. Eta ostean Artzainaren eskuak eta sukaldariaren eskuak. Elkarri bostekoa hitzaurrean jasotakoari heldu dio: “Artzainak belarra gazta bihurtzen du. Artzainak magia egiten du, eta magiarako erabiltzen duen tresna nagusia bere eskuak dira. Milaka urtetan aziendarekin izandako etxeko tratuan pilatu duen jakintza du eskutan. Artzain-jakintza. Eskuak izango ditu langile, artzaina bera da eskulangile”.

Ricardo Remiro eta Arantxa Agirrezabala / JOSEBA URRETAVIZCAYA

Sukaldariak, berriz, “artzainen arteak liluratutako lagunak dira, arrantzale, nekazari eta abarrenak bezala”, dio Errekondok. “Eta lehengaiak hautatu, erregosi, nahasi, gainjarri eta abar eginez ikusgarrizko jakiak egiten dituen artista-sukaldariak ez du zalantzan jarriko, gazta bere horretantxe, bere soiltasunean ekarriko dizu mahaira, artelana baita”.

Mahaiaren bueltan bildutako lagunen artean, deus esan ez duen bakarra Joseba Urretavizcaya izan da. Hemen jaso ditugun irudiak mintzo dira haren ordez.

Kautxu aleak debekatuta, artaburuak eta mahats-haziak
2026-10-04 | Jon Torner Zabala
2031tik aurrera Europan debekaturik egongo da belar artifizialeko futbol zelaiak plastikozko bolatxo beltz nimiñoekin betetzea, kaltegarriak direlako ingurumenarentzat zein pertsonentzat. Klub batzuk hasiak dira jada... (+)
ENBA eta EHNEren haserrea, Jaurlaritzak iragarri ostean bazka erosketa bateraturik ez dela egingo
2026-08-31 | Jon Torner Zabala
Lehortearen eraginari aurre egitea helburu, Eusko Jaurlaritzak eta abeltzainek animalientzako bazka batera erosteko bideak lantzea adostu zuten Bazka Mahaiak abuztuaren 7an egindako bileran. Asteartean –irailaren 1ean–... (+)
Klima aldaketa Araban: Suteak, mahats-bilketan eragina eta murrizketak uraren erabileran
2026-08-25 | Jon Torner Zabala
Suak 300 hektarea erre ditu udan Araban, suhiltzaileen zerbitzuaren arduradun Iñaki Gurtubaik jakinarazi duenez. Ia sute txiki bat sortu da egunean. "Oso euri gutxi egin du, eta... (+)
Zubietako erraustegian elkarretaratzea egingo dute, iragan asteko suteak agerian utzi ostean "enpresak negozioa lehenesten duela, langileen osasunaren aurretik"
2026-08-24 | Jon Torner Zabala
Zubietako erraustegian sutea gertatu zen hilaren 19an, bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan. LABek salatu zuen zuzendaritzaren erantzuna ez zela pertsonak babestea izan, "langileak zuzenean arrisku... (+)
Eskalatzaileen harrobian, harrobiek egindako zauriak osatzen
2026-08-10 | Jon Torner Zabala
Atxarte, Untzillatx eta Astxiki kareharrizko mendi pikoen arteko haitzartea, Urkiolako parke naturalean, eskalatzaileen harrobi eta eskola ezaguna. Paraje ederrak dira,  baina zauriak dauzka agerian, 1971tik... (+)
gora