Astelehenero 8:00etan zure epostan
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Munduko ozeanoetako ur tropikal eta epeletan aurkitzen den heinean, gure kostaldean ere itsasertzaren eta 100 metroko sakoneraren artean topatu daiteke, hondo harritsuetan. Haien bila dabiltzan arrantzaleek ederki asko dakite marearteko zabalgunearen eremu malkartsua habitat ezin hobea dela amorrotxarentzat (hala ezagutzen da hainbat herritan). Harkaitz arteko pitzadura eta zuloak maite ditu, edozein zirrikitu estutik iragateko gaitasuna baitu, etsaiengandik babesteko nahiz bertatik harrapakinei erasotzeko.
Ezaugarri morfologikoei erreparatuz gero, erraz atzeman ditzakegu olagarroaren zaku itxurako gorputz biguna, bere ahoa inguratzen duten zortzi garroak eta hauetako bakoitzaren azpian bereiz daitezkeen bi bentosa lerroak; azken hauek harrapakinei hobeto heltzeko edo heldulekuetara ondo itsasteko beharrezkoak dira. Bestelako ezaugarri harrigarrien artean dago bere nerbio-sistema konplexua ere: 500 milioi neurona inguru ditu gorputz osoan banatuta, animalia azkarra dela iradokiz; zenbait azterketek erakusten dutenez, oso argiak izateaz gain, memoriarako nahiz ikasteko gaitasun handia ere badute. Bestalde, baditu hiru bihotz, duen odola gorputzean barna garraiatzeko. Horietako bik, oxigenorik gabeko odola brankietara bideratzen dute; bertan oxigenatu ostean, odola hirugarren bihotzera iristen da, ondoren gorputz osora zabaltzeko.
Olagarroen odola urdina da, duen kobrearen ondorioz; gizakiok gure hemoglobina gorrian dugun burdina baino eraginkorragoa da, itsas hondoko ur hotzetan, odolean oxigenoa garraiatzeko. Eta hona hemen olagarroen beste organo esanguratsua: tinta-poltsa. Horri esker olagarroak tinta isurtzen du bere burua harrapariengandik eta mehatxuetatik babesteko: ke laino baten moduan kanporatu eta sortutako nahastea ihes egiteko baliatzen du. Baina ihesbide izatetik harago, tinta jaurtitzeko arma ere bada. Izan ere, tintaren osagaietako batek, tirosinasak, propietate toxikoak ditu eta, beraz, harraparien aurkako babes ere izan daiteke.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi olagarroaren beste bertute bat: harrapakari nahiz harrapakinek antzeman ez dezaten, mimetizatzeko duen gaitasuna. Pigmentu-zelulen (kromatoforoak) koordinazio kontrolatuari esker eta larruazalean espezializatutako muskuluen sare bat erabilita, bere inguruko kolore, patroi eta ehundurekin bat etor daiteke, azkar batean. Gaitasun hori komunikazio mekanismoa ere bada. Eta horrek guztiak huts egingo balu, besoren bat “galtzeko” ahalmena du, harrapakariarengandik ihes egiteko; aste gutxiren buruan birsortuko zaio beso berria, aurrekoaren berdin-berdina.
Eremu itxi eta kontrolatuetan ikusi denez, lokartutako amorrotxetan ere tinta hodeien isuriak, gorputzaren kolore aldaketa bizkorrak nahiz babesteko antzeko erantzunak ikusi dira, ornodunen antzeko lo aktiboko eta ez-aktiboko egoerak dituztela iradokita. Mehatxatuak sentitzen diren basa-egoeran dauden aleen portaera bera izan dezakete amesgaiztotan, ur-tangaren bakardadean.
Odol urdina, hiru bihotz, kamuflajea eta garroak galdu eta birsortzeko ahalmena. Memoria garatu eta beharbada amestu ere egiten duen izaki azkar eta harrigarri hau sarritan platerean baino ez dugu irudikatzen. Aukera izatekotan, gozatu. Baina ez ahaztu, bertako olagarroak ez direla bertako jatetxeek duten olagarro-eskaria asetzeko nahiko. Ez behintzat Kantauri itsasoan.
OLAGARRO ARRUNTA Octopus vulgaris
TALDEA: Moluskua / Zefalopodoa.
NEURRIA: 180 cm-raino iritsi daitezke.
NON BIZI DA? Ur epeletan. Euskal Herrian itsasertzaren eta 100 metroko sakoneraren artean, hondo harritsuetan.
ZER JATEN DU? Moko indartsu eta erradula deituriko mingain horzdunari esker, mota guztietako krustazeoak, moluskuak eta arrainak txikitzen ditu.
MUGIKORTASUNA: Presarik ez badu, arrastaka joan ohi da. Mehatxu batetik ihes egiteko ordea, zurrusta-propultsioa (atzerako igeriketa) erabiliko du sifoitik ur txorrota botaz.
UGALKETA: Garroetako batek organo kopulatzaile gisa funtzionatzen du. Emeak haitzen arteko zuloetan askatutako arrautza multzoak basbestuko ditu, kumeak jaio artean.
BIZIRAUPENA: sei hilabete inguru.
"OLARRU EGUNA": Zumaian urtero, irailean, jai jendetsua egiten da. Bertan, dastatzeak, sukaldaritza lehiaketak eta bestelako jai ekintzak egiten dituzte.
BABES MAILA: Aisialdiko laket-arrantzan egunean 750 gramotik gorako olagarro bakarra har daiteke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545