Asteroko buletina
Euri guti urtarrilean, ogia eder uztailean.
Dani Blanco

Berbena

Verbena Officinalis

[Garbiñe Larrea]

Gure artean sendabelar estimatua dugu berbena, urrezko aitzurrarekin jorratu behar litzatekeela dio esaerak. Hala ere, errespetu handia, eta are beldurra ere, sortzen dituena da. “Ni berbena-belarrari esker nago bizirik” askotan entzun izan dugu baina erabilera okerrak eragindako kalteen berri ez dugu hain erraz hitz egiten… Ondo erabilita balio eta ahal handikoa den sendabelarra gaizki erabilita kaltea eragiteko gai da. Gure artean ugaria da eta era anitzetan aterako diogu etekina, beti ere segurtasunez.
Berari buruz hainbat bitxikeria aipa daitezke. Sendabelarra biltzeko ohituratik datorkio izena gauez egiten den musika festa herrikoiari, landare honen erabilera zenbateraino errotua zegoen ikusarazten digu honek. Erroman berbena sortak egiten ziren. Jupiterren aldarea garbitzeko eta druidek berriz, euren alabei berbena koroak egiten zizkieten, iniziazio modura. Sendabelarra sakratua zenaren ustea Europa ipar ekialdeko herrialde askotan ikusten da.
Berbenak badu bere eguna, San Juan bezpera hain zuzen ere. Gau honetan biltzen diren zazpi sendabelarren artean dago berbena. Egun honetan biltzen duenari zoriontasuna eta maitasuna ekarriko dion sineskeria bada Euskal Herrian. Edozein moduz, uda hasieran, oraindik lorea sortu aurretik bilduko dugu.
Muzilagoak, taninoak, iridoideak, verbenalina izeneko glukosidoa, olio esentzialak, saponina, azido silizikoa zein kafeikoa eta printzipio aktibo mikatzak ditu, besteak beste. Lehortze prozesuan osagai batzuk erdira jaisten zaizkio eta beste batzuk ia desagertu, horregatik da oso garrantzitsua berbena ura beti sendabelar lehorrarekin egitea. Kanpo erabileran aldiz, berdetan erabil dezakegu.
Bere funtziorik ezagunena gorputzeko zikinkeria, pasmoa edo zornea kanporatzea da; gorputza oso modu sakonean garbituz.
Zauri gaiztotuak, azalean sartutako arantzak, barrura bildutako bizarrak eta oinetako babak sendatzeko egokiak dira berbena ura, enplastua eta ukendua. Egoera hauetan sukarra badago, sukar hori ere tratatzen du berbenak.
Katarroa, gripea, bronkitisa, sinusitisa eta arnas aparatuko gaitzak tratatzeko erabili izan da; hainbat tokitan pleura-belarra deitzen zaiolarik (Ondarroa). Amigdalitisa edo anginak ditugunean ere, berbena urarekin gargarak egitea oso sendagarria da, baita hain ezaguna den enplastua hiru egunetan jarraian jartzea ere.
Berbena olioarekin sabelaldea igurztea oso egokia da hilekoak eragindako minak arintzeko. Lunbagoa bezalako giharretako minentzat, bihurrituentzat eta traumatismoentzat ere erabiltzen da olio hau, kolpeak eta erorikoak ditugunerako ere bai; kolpe-belarra ere deitzen zaiolarik hainbat lekutan (Etxalar).
Analgesikoa eta lasaigarria denez, buruko minak arintzeko erabiltzen da. Antsietatea, takikardia eta urduritasun nabarmena izanez gero, egokia da berbena ura hartzea, horrelakoetan elorri zuriarekin (Crataegus oxyacantha) batera, bazkalondoren eta afalondoren. Hainbat sendabelar liburutan malenkoniaren kontrako erremedio moduan deskribatzen da berbena.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala
  • Sudurra

Deskribapen botakinoa

              Landare belarkara da, 60 cm artean hazi daitekeena. Zurtoin zuzena du eta bertatik hosto berdez betetzen diren adar ugari sortzen dira. Lorea udan izaten du, txikia eta tuxri-more argia. Fruitua kapsula txikia izan ohi da, 4 hazikoa.

Gure artean hain ezaguna den senbabelar hau baratze ondoetan zein leku abandonatuetan jaiotzen da, baita bide baztarretan eta sasi ondoan ere; hezetasuna dagoen tokietan ia beti. 

Nola eta zertarako

    Ahoko ultzerak eta zauriak sendatzeko oso egokia da, haginen bat kendutakoan ere bai. Eztarriko minetarako ere erabil liteke. Berbena ura kargatu samarra egin eta ahoa garbitzeko zein gargarak egiteko erabiliko dugu, lauzpabost eguenean jarraian.

Urdaileko mina eta orokortutako ondoeza batera dauzkagunean berberna ura hartu eta etzatea gomendatzen da, eragin analgesikoa eta digestiboa batera egin ditzan. 

Zauriak garbitzeko erabiltzen da. Berbena ura kargatu samarra egin eta trapuan busti ondoren, konpresa beroa ipintzen da zauriaren gainean. Inflamazioa jaisten eta zauria ixten lagunduko digu baina barruan infekziorik ez dagoenean, bitartean zauria irekita mantenduko du, zornea garbituz. 

Sinusitisa, gripea, biriketako gaitzak eta katarroa ondo tratatzen ditu, batez ere muki lodi ilunak daudenean. Berbena ura bazkari eta afari ondoren edateaz gain, lehen aipatutako konpresa beroa jarriko dugu kopetaldean eta bularraldean ordubetez. 3 egunez jarraian egin, beste 3 egon ipini gabe, eta beharko balitz, errepikatu. 

Hilekoak eragindako mina tratatzeko berbena ura hartzen da. Odol-jarioa dagoen egunetan bakarrik, afalondoren 200 ml-ko infusioa hartzen da. Uraki irakin ondoren postreko koilarakada bat berbena bota, 5 minutuan eduki tapatuta, iragazi eta eztiz goztuta har liteke. 

Buruko mina tratatzeko  ere erabiltzen da, baita begien neketik datorren buruko mina edo buruko astuntasuna tratatzeko ere. Afalondoren infusioa edatea gomendatzen da. 

Erditzerakoan eta erditu ondoren hartzen da. Erditzeko lana hasten denean infusio bat, umetokiari indar egiten laguntzeko, eta erditu ondoren beste bat, umetokia ondo garbitzeko eta esneari bere bidea eginarazteko. 

Depuratzailea da, gibel eta giltzurrunetan bere eragina nabaria izanik baina izerdi bidez ere garbitzen du eta linfa drainatzailea da. Garbiketa lan hau oso indartsua izan daiteke eta horregatik gomendatzen da beti epe motzean hartzea, astean 3 egunez hartuz. Ahal bada 3 egun jarraian eta ezin eramana bada bi egunetik behin.

Ahoko infekzioak daudenean, edo aho-sapaiko zauriak, hortzak garbitu ondoren berbena urarekin ahoa garbitzea gomendio ona da, 

Ukenduak egiteo erabiltzen da. San Juan ukendua, zazpi belar ukendua edo pasmo-belarraren (Anagallis arvensis) atalean azalduko dugun "Milagritos" ukendua. Bera hutsik erabiliz ere egin liteke ukendua. 

Kontuz

Bihotz, gibel edo giltzurrunetarako botikak hartzen baditugu berbena ura hartu aurretik medikuari galdetu behar zaio. 

Haurdunaldian ezin da erabili berbenalina printzipio aktiboak erditzen uzkurdurak sortu eta indartzen dituelako, umetokia tonifikatuz. Edoskitzaroan segurua den ikusteko ikerketa nahikorik ez da egin.

Hipotentsioa dagoenean egunean infusio bakarra hartu, hortik aurrera tentsioa jaitsi dezakeelako. 

Bere osagai batek, glukosidoak, nerbio sistema parasinpatikoa indartzen du eta hala sedazio efektua eduki dezake, baita gorputzeko espasmoak geldiaraztekoa ere. Horregatik arratsalde edo iluntzean hartzea gomendatzen dugu. 

Berbera ura esandako neurrian egingo dugu, ez gehiago, bestela takikardia, eta bestelako sintoma desatseginak eragin ahal ditu-eta. Beste sendabelarrekin batera infusioan hartzeko ohiturarik ez dago, ez baita ezkontzen erraza. 

Begien ondoan, zain handien parean edo bihotzetik gertu ere ez dugu ipiniko enplasturik.

Berbera tintura ez da gomendatzen hipotiroidismoa dagoenean, tiroidearen lana geldotzeko indarra dutelako. 

Laburbilduz, ezin da edozein modutan hartu; zertan ari garen jakinda, bere neurrian eta guri ondo egokitutako tratamendua egin behar da. 

 

Errezeta

Berbena tintura

 Berbenaz egindako tintura oso erabilgarria da eta etxean edukitzeko ona. Izan ere askotan sendabelarrik gabe gelditzen gara eta tinturak oso ondo mantentzen ditu sendabelar honen printzipio aktiboak. Udan, berbena asko daukagunean eginez gero, urte osorako botika eduki dezakgu. 

Tintura honen 30 tanta uretan disolbitu eta infusio baten pare egingo digu lan; umeen kasuan 15 tanta izango dira. Uretan koilarakada txiki bat disolbatuta ahoa garbitzeko eta bertako gaitzak tratatzeko balioko digu. Kanpo erabileran ere balio digu, gaza bat busti eta gaiztotutako zaurien gainean jartzeko egokia da; nahiz lan arinagoa egingo digun, enplastua erabiltzen den moduan erabil liteke. Giharretako minak ditugunean zapi bat busti eta gau osoan jarrita eduki dezakegu. 

OSAGAIAK litro erdi egiteko

* 700 ml alkohol zuri, vodka edo uxuala

* Berbena hosto eta txortenak, lehortu berriak, alkoholaren erdiraino

* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa

* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu berbena lehorra eta alkohola. Berbena lehorra ontziaren erdiraino baina zanpatu gabe.

2. Hiru astez edukiko dugu armairu barruan, egunero mugituz.

3. Paperezko iragazkia erabiliz ongi iragaziko dugu, landare beratua zanpatuz. Alkohol dezente xurgatuko digu eta ez dugu hasierako kopurua edukiko. 

4. Etiketa ipini eta kristalezko frasko ilunean jaso. 

-------------------------

Berbena enplastua

Enplastua oso ezaguna eta erabilia izan da gure artean; askok beste erabilerarik ez diote eman izan landare honi. Amigdalitisa, sinusitisa, zornea darien zauriak, haragi barrura  sartutako arantzak, barrura bildutako bizarrak, pilotariek eskuetan izaten dituzten iltze edo odol-bilduak, flemoiak eta gaiztotutako edozein gorputz atal tratatzeko erabiltzen da enplastua. 

Berbena zikatritzailea da baina azal azpian zornea edo haragi gaiztotua badago ez du lan hori egiten, alderantziz, azala ireki, lehertu, egiten du zornea kanpora erakuzteko. Garbi-garbi dagoenean bakarrik hasten da azla bere onera ekartzen eta zauriak ixten. Horregatik hiru egunean jarraian egiten da tratamendua eta beharko balitz, hurrengo astean errepikatu. 

OSAGAIAK

* Eskukada bat berbena fresko, lehorra bada eskukada eta erdi

* Arrautza zuringoa

* Oliba olioa

* Zapia

PROZEDURA

1. Zartaginean oliba olio pitin bat ipiniko dugu eta bitartean berbena freskoa, hosto ea txortenak, txiki-txiki egingo ditugu.

2. Oliotan berbena pixka bat gorritu arte berotuko dugu; lehorra bada denbora gutxiago eduki.

3. Arrautza zuringo bat ipini eta azkar nahastuko dugu, gehiegi lehorte gabe. 

4. Zapian ipiniko dugu eta tolestatu eztarrian (zintzurraren azpian), arantza daukagun tokian, bizarra barrura bildua daukagun tokian, zornea dagoen zaurian edo sinusitisa daukagunean kopeta gainean jartzeko. Ahal dela gau osoan edukiko dugu lotuta.

5. Hurrengo goizean zapia zabaldu eta bertan ikusi eta usainduko dugu zer nolako lana egin duen berbenak. 

 

 

 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora