Deskribapen botakinoa
Deskribapen botanikoa:
Bi urtean behin loratzen da, aurreneko urtean erroseta basal bat osatzen du eta bigarren urtean lore zurtoin bakarra altxatzen du, metro bat baino handiagokoa askotan. Kolore horia duten lore ugariz osatua izaten da zurtoin tente hau; hostoak, aldiz, handiak eta obalatuak izaten dira, ilexka zuriz jantziak.
Landu gabeko lurretan, leku malkartsuetan, ezpondetan eta paraje lehorretan hazten da; isurialde atlantikoan gehienbat. Loreak maiatzetik urrira bitartean bildu daitezke.
Nola eta zertarako
Apo-belar loreekin egindako oleato antiinflamatorioa da eta belarriko minetarako erabili izan da. Bada baratxuri ale batekin batera beratzen duenik ere, errezetan honetan gehitu dakikoke.
Hosto eta loreen infusioa arnas-aparatuko gaitzak, mukiak edo marranta ditugunean har genezake. Horretarako 250/300 ml ur irakin eta koilarakada handi bat lore lehor ipiniko dugu bertan, tapatu eta 10 minutuz utziko dugu. Ondo iragaziko dugu paperezko iragazki batekin. Egunean hiru aldiz har liteke, otorduen aurretik. Malba loreekin (Malva sylvetris) batera hartuta infusio eraginkorragoa lortuko dugu.
Eztularentzat oso aproposa da eta ezkaiarekin (Thymus vulgaris), eztul-belar (Tussilago farfara) hostoekin edo plantaina (Plantago lanceolata) hostoekin batera nahastuta erabiltzen dira hostoa zein lorea. Denak batera ere har ditzakegu eztula oso lehorra baldin bada. Dioskorides mediku greziarrak duela ia bi mila urte eztularentzat gomendatzen zuen!.
Kukurruku eztula dagoenean apo-belar lorea, erromeroa (Rosmarinus officinalis), izei zuriaren pujak (Abies alba) eta ezkaia (Thymus vulgaris) nahastuta hartu izan dira. Litro bat uretan bakoitzetik koilarakada handi bat ipintzen da eta 10 minutuz uzten da tapatuta. Iragazi eta eztiarekin hartzen da, otorduz kanpo.
Hainbat tokitan, eztula tratatzeko uretan ez, loreak esnetan egosita hartu izan dira, oherakoan batez ere. Esneak irakindakoan loreak bota eta 15 minutu uzten da tapatuta.
Loreen infusioa herpesaren birusak (HSV-1) eragindako ezapin kontretako pupak tratatzeko erabiltzen da, egunean hiru aldiz hartuta. Belarriko minetarako egin dugun oleatoa gaza batean busti eta pupan bertan jartzea ere tratamendu egokia litzateke.
Kontuz
Paperezko iragazkia erabiliz iragazi behar da, hostoek dituzten bizar trinko gogorrek ahoa eta eztarria narritatuko dizkigutelako. Loreek ere badituzte bizar hauek eta hauen infusioa ere paperezko iragazkia erabiliz iragazi behar da, bestela eztarria urratuko digute.
Egositako hosto eta loreen ura behiei umetokia kanporatzen laguntzeko erabili izan da. Emakumeekin segurua den ez da ikertu, beraz, segurtasuna bermatzen duen daturik ez dagoenez, haurdunaldian ez erabiltzea gomendatzen da.
Asko edo epe luzean hartuz gero beherakoa eragin dezake.
Apo-belarra lurrean zein airean egon daitezkeen metal astunak xurgatzen dituen landarea da, toki garbian bakarrik biltzea oso garrantzitsua da.
Errezeta
Belarriko minetarako oleatoa
OSAGAIAK 50 ml egiteko
* Apo-belar lore lehortu berriak, 2 koilarakada handi.
* Oliba olioa
* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena.
PROZEDURA
1. Apo-belar loreak oliba oliotan beratuko ditugu, Maria bainuan, ordu erdian.
2. Ondoren, gau guztian utziko dugu dagoen bezala, tapakirik ipini gabe.
3. Hurrengo goizean ondo irabaziko dugu, oihal trinkoa erabiliz.
4. Olio hau kristalezko frasko ilunean edukiko dugu, itxiera hermetikoa eta tantaz-tanta isurtzeko xortakaria duen tapa duena.