Oinarrizko premiak
Beroa gustatzen zaio, 20-25ºC artean onena, baina baita hezetasuna ere. Lurrari karea emanez gero mesede egingo diogu. Simaur asko behar du, asko.
Bi eta lau metro artean luzatzen ditu adarrak. Lurrean herrestan edo egituraren bat badu haren bizkarrean.
Haizearekin sufritzen du.
Lurrari heze eutsi, baina ureztatzerakoan landarea ez busti.
Noiz zer lan
Apirila edo maiatzean ereiten da. Ontzi batean onena. 24 orduz paper busti batean bilduta eduki haziak, lurrean 3-4 sartu eta toki bero batean mantendu, etxean, adibidez. Ur epelarekin ureztatu. Argi asko behar dute. Hazien kotiledoi edo hostotxo borobilen gainean, benetako hosto pare bat duenean baratzean aldatu. Landareen artean metro bat utzi.
Nahi izatera, baratzean bertan ere erein daiteke. Maiatzean, eta haziak plastiko gardenezko ontzi batekin babestuta.
Baratzean simaurren betetako zulo handi baten gainean jarri, kuiak bezala. Arbatu edo sarea jarri lurra kendu eta, usteldu gabe, fruitu hobeak eman ditzan.
Uzta
Uda osoan emango ditu aleak. Fruitu gozoak izateko sarri-sarri bildu, ez utzi handitu eta mikazten, gutxiago azala horitu arte.
Tiraka ez bildu, labana zorrotzez edo guraizez txortena moztu.
Gaitzak eta izurriteak
Landare txikiak bareetatik eta barraskiloetatik babestu.
Herdoilak jo dezake giro bero eta lehorretan, areago lurra lehorra badago.
Sasoi hezeetan zurina ager daiteke.
Nor norekin
Lagun ditu aza, artoa, erremolatxa, uraza, ziazerba, mihilua, apioa, ekilorea, ilarra, azenarioa, tipula eta babarrunak.
Ez ditu maite ez tomateak, ez kuiak, ez errefauak ezta patatak ere.
Trikimailuak
Albahaka lagun mina du luzokerrak. Inguruan badu, intsektu polinizatzaileak erakarriko ditu. Era berean, gorrina edo mildiuarengandik babestuko du.
Kontuz inguruan intsektizida tratamenduak egitearekin. Polinizatzera etorri behar duten intsektuak hil edo uxa ditzakegu eta gure luzokerraren loreak zapuztu.
Luzokerrari dasta mikatza eransten dion osagai bat aziendarentzako pozoitsua da, batik bat ardientzako.
Landatutakoan, tarteetan urazak edo eskarolak jarri. Hauek azkar etorriko dira eta luzoker landaretxoa babestuko du-eta. Hau hazten denerako besteak janda izango ditugu.
Mespotamian, duela 4.500 urte, dagoeneko, ozpinetan jarrita jaten zituzten.