Asteroko buletina
Zozpolak dirudi bere egurra eta egurrak ezkurra

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Martxoaren bata eta ilargia
2016-12-28 11:58 | Rosina
Egun on Jakoba:
Bizkaiko Zalla herriko baserritarrekin hitz egiten, zera diote:
"El día del Angel, 1 de Marzo, se hace a todas las lunas"
Berdin ilgoran edo ilbeheran, egun honetan ereiten omen dituzte beti piperra eta tomatea. Hazitarako kipulak jarri ere.
Egun horrek, ilargiarekiko berezitasunik daukan jakin nahi nuke.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-17 15:20

Hasteko kontuz erligioarekin hain lotutako esaerekin. Hortik dator, baita ere, “ilbeherako ostirala ilgora da eta ilgorako ostirala ilbehera” delako esaera. Aingeru horri mirariren bat egin arazi nahi zaio urtero… Hotzean pentsatuta martxoak bat sasoi berriaren hasiera gisa har daiteke: egun argia asko luzatu da, udaberria laister dator eta neguari lotutako hotza, iluntasuna eta abar atzera uzten ari garenaren irudipena dugu. Era berean udako landareetan pentsatzeko sasoia ere bada eta aipatzen dituzun ereintza horiek egitekoa ere bai. Ilgora izan edo ilbehera izan ereitearen hori, aspaldiko esaera batek ederki laburbiltzen du: “izan ilzahar, izan ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari”. Ilargiak badakigu eragina baduela, baina miraririk ez du egingo. Lana ondo egitea da garrantzitsuena.

Honoko testu hau idatzi nuen behin martxoko ilargiari buruz. Lurrari begira daudenen gogoak biziberritzen dituen bezala, baita itsasora begira daudenena ere:

MARTXOAN ARRAINETA

 

Garai batean, negu partean, errioan eta itsasbazterrean arrantzatzen zen batik bat. Orain ere, errioko angularen arrantza urriko ilargi berria baino astebete lehenagotik hurrengo martxoko ilargi berriaren ondorengo astebetera arte burutu daiteke.

Martxoan, behin neguko itsasoaren zakarrena pasata, urrutiragoko arrantzara ateratzen ziren. Arraineta konstelazioan gaude eta giro aldaketak arrain migratzaileak dakartza. Martxoan berdela, eta gero antxua, hegaluzea etab.

Garrantzitsua da martxoko ilargia. Ilargi berrialdiaren lehen egunetan, untzi itxura du, adarrak goruntz... Untzietara! Dei egiten duela dirudi.

Isis jainkosaren ohorezko jaia, Egipton lehenik, gero greko eta erromatarrek beregatanua, itsasoratzeko sasoi honi ekiteko deia zen. Martxoaren 5ean jainkosa itsasora karreatzen zuten “Carrus navalis” deiturikoan. Itxuraz “karnabal” hitzaren jatorria horixe da. Kristauen Ama Birjina da Isis.

Zenbat Isis-Ama Birjin ote daude gure untzi, portu eta itsasgizon eta emakumeen otoitzetan?

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora