Hegoafrikan du jatorria. "Pelargonium" izena grekoko "pelargos" (zikoina) hitzetik dator, landarearen fruitua eta hegaztiaren mokoa antzekoak baitira. "Peltatum" izena latineko "pelta" hitzetik dator, eta ezkutu txikia esan nahi du, hostoen formagatik. Huntza geranioa esaten zaio, hostoek eta hazkundearen formak huntzarenak gogora ekartzen dituztelako. Geranio zintzilikaria, bere hazi eta luzatzeko eragatik, utziz gero beherantz zintzilikatzen baita. XVIII.mendearen hasieran ekarri omen zuten Herbehereetara; geroztik kolore ugaritako barietateak sortu dira. Bere hosto berriak jangarriak dira, dasta gazi indartsua dute eta eztarriko mina kentzeko ere erabil izan dira. Bere petaloekin koloratzaile urdin bat egiten da.
Deskribapena
Landare bizikor eta iraunkor herrestaria da eta loreontzian zintzilidarioa, 1,5 metro ere luzatu daiteke. Hostoak urriak, bihotz formakoak eta bi lobulu sakonak dituenak, mamitsuak eta distiratsuak. Loreak 2-10eko multzotan 25 cm artekoak, kolore anitzekoak. Bakoitzak zikoina moko itxura duen fruitua ematen du. Fruituaren oinean daude haziak. Loraldi luzeko landarea da, udaberrian hasi eta udazkeneraino.
Barietateak
Pelargonium peltatum espezieko barietate eta hibriko asko eta asko dago. Hona hemen kultibo ezagun batzuk:
Pelargonium peltatum "Ville de Paris" Nanoa da eta hostoetan nerbio argiak ditu.
Pelargonium peltatum "Dark Red" Lore gorri ilunak ditu.
Pelargonium peltatum "Salmon" Izokin koloreko loreak ditu.
Pelargonium peltatum "Deep Pink" Arrosa kolore biziko loreak ditu.
Gaitzak eta izurriteak
Geranioaren taladro harra:Cacyreus marshalli tximeletaren harra da. Erasotutako adar zatiak ebaki eta erre. Intsektizidaz tratatu.
Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri eta ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Intsektizidaz tratatu.
Zorria: hostopean eta kimu berrietan izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.
Usteldura: onddoek hosto, zurtoin eta sustraiei eraso diezaiekete. Ingurune hezeegiaren adierazle da. Gutxiago ureztatu.
Gorrina: hostoen arrasto biribil are ilunak garatzen dituen onddo bat da. Hezetasuna eta tenperatura epelak daudenean hedatzen da. Gutxiago ureztatu. Salda bordelesarekin tratatu.
Trikimailuak
Eugzki-galdatan gustura bizi da.
Ongarrieta ez ahaztu, landare mardulak izateko nahitaezkoa da.
Udaberrian, sasoi berriaren hasieran, luberritu. Ondo ongarritutako lurra jarri. Loraldi ikusgarria nahi baduzu, luberritu urtero.
Loreontzi estuan gehiago loratzen dira.
Maiz ureztatzeak ere loraldia sustatzen du.
Neguan, kanpoko aterpe batean edo estalita, hotz handienetatik babestu.
Inausketa udaberrian egin, gupidarik gabe moztu eta ihartutako zatiak kendu.
Aldaxkatik sortutako landare berriek hazkunde azkarra izaten dute eta landare ama zenak baino lore gehiago ematen dute.
Kanpokoa
Argia
Argi asko behar du. Ahal den toki eguzkitsuenean jarri.
Tenperatura
7-25℃ artean
Tenperatura beroak jasan ditzake nahikoa ur izanez gero, bestela 25ºC-tik gora kontuz. Izotz ahulak jasan ditzake, baina babestuz gero hurrengo udaberrian askoz indartsuago etorriko da.
Ureztaketa
Uda partean erruz ureztatu, ia egunero, neguan bi astetik behin edo.
Ongarriketa
Bi astetik behin, ureztaketa urari lorea duten landareentzat berezia den ongarri likidoa gehitu.
Ugalketa
Udaberri eta uda osoan aldaxkak landatu. 10 bat zentimetroko aldaxkari oina zanpatuz eta kraskatuz gero, errazago sustraituko da.
Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.