Mediterraneo arrokoa da, batik bat Korsikakoa eta Sardiniakoa. "Soleirolia" generoaren izena eta "soleirolii" epitetoa Joseph-François Soleirol (1781-1853) ingeniari militar eta botanikariari zor zaio. Honek Korsikan inoiz egin den landare bilketarik eta sailkapenik zabalena burutu zuen XIX.mendeko lehen erdian. Lehen, ume malkoa esan nahi duen "Helxine" generoan sailkatzen zen. Alemanez haurraren burua esaten diote.
Deskribapena
Hostoiraunkorra, herrestaria eta bizikorra da. Hari itxurako zurtoin meheak elkar lotu eta txibistatzen dira eta soropil edo zopizar itxura dotorea hartzen dute, gehienez ere 3-4 cm-ko altueran. Hostoak 2-6 mm luze, biribilak edo bihotz formakoak, ile sakabanatuak, txorten motzak, zurtoina estaliz txandakatuak, berde argiak eta distiratsuak dira. Loreak txikiak eta sexubakarrak dira eta hosto-galtzarbetan kokatuta daude.
Barietateak
Soleirolia soleirolii "Aladatasa" Forma honek hosto berde biziak ditu.
Soleirolia soleirolii "Argentea" Hostoak berde-zilar koloreak ditu.
Soleirolia soleirolii "Aurea" Hosto berde-horiak ditu.
Gaitzak eta izurriteak
Onddoak: lurrean ur gehiegi dagoenean, onddo kaltegarriak garatzen dira, landarea ustelduaraziz. Lurra lehorrago mantendu.
Zorria: landarean nonahi, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu.
Trikimailuak
Goroldio baten itxurakoa da, baina ez da goroldioa. Herrestaria delako eta kolonizatzeko duen erraztasunagatik ingeleses "Mind-your-own-busines" (zeure gauzez arduratu) deitzen diote.
Ur asko behar du, lurra lehortuz gero hil egingo da.
Epelzalea da. Tenperatura altuarekin (24ºC-tik gora) edo baxuarekin (10ºC-tik behera) hil egingo da.
Beste landareen ondoan dotore ematen du. Aldamenean duenaren zurtoinean, enborrean, harrian, behetik gora itsatsita hedatzen da.
Udaberriko landarea berritu. Zatitu eta zati bakoitza luberria duen lorapote batean landatu.
Barrukoa
Kanpokoa
Argia
Argia behar du baina eguzki-galdatan (eguerdiko orduetan) erre egingo da.
Tenperatura
15-20℃ artean
Tenperatura arruntak gustuko ditu. Neguan 10ºC-tik behera ez eduki, hil egingo baita. Bero handiegiak ere erre egingo du.
Ureztaketa
Uda partean ura erruz eman, lurra beti heze mantentzeko adina. Neguan gutxiago, dezente gutxiago.
Ongarriketa
Ez da beharrezkoa.
Ugalketa
Landarea noiznahi zatitu eta landatu, ura emanez gero, itsatsiko da.
Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.