Afrikako Hegoaldetik ekarritako landarea da. Agi danean Carl Ludwig Sprenger botanikari alemaniarrak ezagutzera eman zuen Europan, eta bere ohorez da sprengerren esparragera. Asparagus, grezian genero hau izendatzeko erabiltzen zen izen zaharretik dator "aspharagos" edo "asparag" (kimua) hitzetik. Aethiopicus izenak afrikarra dela adierazte du, gehienetan hegoafrikarra, landare hau bezala.
Deskribapena
Esparrago landare honek, lurpean sustrai-tuberkulu urtsuak ditu. 1,5 m edo luzeagoko zurtoinak gara ditzake; hasieran tenteak eta dilindariak gero. Zurtoinak oso adarkatuak dira, Filokladioak (hosto-itxurako adarrak) gehienetan bakartiak dira, linealak, 1-2 cm luze eta berde biziak. Lore zuria du, arrosa koloreko orbantxoekin; 6 tepaloduna eta matsalko motzetan eratua. Fruitu biribil gorri-gorriak ditu.
Barietateak
Asparragus aethiopicus "Sprengeri" Landare tipoaren antzekoa da, hostajearen itxura sareagoa da, filokladoak 1-6 bitarteko multzotan (gehienetan hirunaka) ditu eta 1,5-3 cm luze eta 1-2,5 mm zabal dira.
Gaitzak eta izurriteak
Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostoak maiz ihinztatzea da prebentzio onena. Eraso gogorra bada, intsektizidaz tratatu.
Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka*-banaka kendu.
Trikimailuak
Negu partean kontuz tenperatura hotzekin, babestu.
Eguzki-galdatan ez eduki. Edonola, eguzkitan badago, erruz ureztatu.
Argia maite du, ilunpe iraunkorrean ez eduki.
3-4 urtetik behin zatitu eta lur berria jarri.
Ongarriketa ez ahaztu. Luberri aberatsa eta ureztaketa urari erantsitako ongarri likidoa eman, izugarrizko aldea egingo du. Mardul eta distiratsu jarriko da.
Pujak zahartu eta horitzen direnean, ipurditik ebaki, kimu berriak fara daitezen.
Lurpean sustrai-tuberkulu urtsuak ditu eta pixkanaka loreontzi osoa hartzen dute, lurra ia desagerraraziz. Landarea atera loreontzitik eta zatitu.
Barrukoa
Kanpokoa
Argia
Argitasun handia behar du. Eguzkitan badago, ureztaketa zaindu.
Tenperatura
0-25℃ artean
Negu partean 5ºC-tik gora. Udan tenperatura altu (25ºC-tik gora) eta iraunkorra kalteko du.
Ureztaketa
Udaberritik udazkenera, lurrari heze eutsi. Noizbehinka loreontzia oso-osorik uretan sartu. Neguan gutxi ureztatu.
Ongarriketa
Apirila eta iraila artean, bi astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu.
Ugalketa
Udaberrian hazia erein edo noiznahi landarea zatitu.
Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.