Asteroko buletina
Apirila biribila, zerria urdandegin gosiak eta hotzak hila.
Dani Blanco

Basa laranjatxoa

Solanun pseudocapsicum

[Jakoba Errekondo]

Peru eta Ekuador aldetik dator. Solanun latinezko izena da eta itxuraz mairu-belarra (Solanun nigrum) izendatzeko erabiltzen zen hitz hau generoarena bilakatu zen. Genero honetakoak dira tomatea, patata eta alberginia. Pseudocapsicum hitzak sasi capsicum dio. Capsicum piperrak dira, eta grekoko "kapto", kosk egin, hitzetik dator. Kontuz fruituarekin, erakargarria da baina ez da jateko modukoa. 

Deskribapena

Zuhaixka hosto-iraunkor hau 60 cm inguru hazten da (kanpoan gehiago). Hostoak 15-30 cm bitartekoak, lantza-formakoak, estuak eta osoak edo pinatifidoak dira. Loreak 1 cm inguru zabal eta zuriak dira eta banaka edo binaka egon ohi dira. Fruitua arrautza-formakoa, puntaduna, gorri-bizia eta 1.5-2 cm luze-zabal izan ohi da. 

Barietateak

Solanum pseudocapsicum "Thurino" Zuhaixka tenteagoa da, hosto samurragoekin. 

Solanum pseudocapsicum "Variegatum" Hostoak berde eta laru koloreak nahasian ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: landarean, nonahi aurki daitekeen armiarma txiki eta gorri-gorria da. Izerdia zurrupatuz hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazten ditu. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentziorik onean. 

Zorria: hostopean, kimu berriean eta landarearen zati samurrenetan izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Banaka-banaka kendu. 

Euli txuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri eta ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. Intsektizidaz tratatu. 

Botritisa: gehiegizko ureztaketa edo inguru hezeegiaren ondorio da. Onddoaren eraginez txortenaren ipurdia usteldu eta hostoak makurtu eta erori egiten dira. Urriago ureztatu, toki lehorrago batera mugitu eta fungizida batez tratatu. 

Trikimailuak

Etxe barruan bezalaxe, kanpoan ere ondo bizi ohi da. 

Lorea eta fruitua erruz eman eta iraun dezaten argitasun asko behar du.

Tenperatura beroekin asko sufritzen du. Freskuran aldiz, sasoian egongo da, loraldi oparoa izango du eta fruitu bikainak emango ditu. 

Otsailean adarrak erdi-parean inausi eta martxoa bitartean lurra lehortzen utzi. Orduan lorapotez aldatu edo lehengoa luberritu eta ureztatzen hasi.

Hostaila mardul eta trinkoa izateko, adar muturrak kimatu. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argi asko behar du eta eguzkitan ere bizi daiteke. 

Tenperatura
termometroa 10-20℃ artean

Tenperatura epelak eta freskoak maite ditu. Neguan 7-8º C ingurura ere ohituko da. 

Ureztaketa

Erruz ureztatu, lurra sekula lehortu ez dadin. hostaila ere maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Maiatza-abuztua bitartean ureztaketa urari ongarri likidoa gehi dakioke, baina udaberrian luberria jarri badiogu nahikoa jatena izango du. 

Ugalketa

Fruitutxoan dauden haziak lehortu eta toki hotzean edo kanpoan jaso. Udaberrian iazko haziak erein edo zurtoin-aldaxkak landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora