Astelehenero 8:00etan zure epostan
EHKOlektiboak azoka berezia antolatu du Ordizin (Gipuzkoa), larunbata honetan. Bertan aurkeztuko dute marigorri bat iruditzat duen zigilua: Euskal Herriko etxalde agroekologikoen identifikatzailea. Dagoeneko zigilu hori dute Euskal Herri osoko 60 etxaldek, eta horietako laborari askori zuzenean erosteko aukera egongo da, azokan salmenta mahaia jarriko baitute. ARGIAren Bizi Baratzea proiektuaren mahaia ere bertan izango da, EHKOk gonbidatuta. Beste hainbat ekitaldiren artean, "Agroekologiatik eraginez" mahai-ingurua egingo dute goizean, eta egun hori laborari eta eragile agroekologikoen topagune ere badenez, Biziola proiektuan elkarrekin bazkalduz biribilduko dute. "Uda gogor baten ondoren, negua nola datorren laborari askok dardarka ikusten dute, eta ezegonkortasun horren erdian egingo da ekimena, baina, aldi berean, ilusioz hartzen dute", azaldu du Eli Pagola EHKOlektiboko langileak.
"Egitarau honen bidez bi asmo bateratu ditugu. Batetik, identifikatzaile agroekologikoa aurkeztea, eta bestetik, agroekologiaren bueltan lanean dabiltzan eragileen arteko topaleku bat izatea", azaldu du EHKOlektiboko langile Eli Pagolak. Aurrera begira, aldian aldian halako egun bat antolatzea da agroekologiaren aldeko Euskal Herri mailako elkarte honen asmoa: "Topaleku bat sortzea, aldian aldian, garrantzia eman nahi zaion gai bat jorratuta". Lehen aldi honetan, EHKOlektiboak sortu duen zigilu edo identifikatzailea bera izango da gaia.
Larunbata goizean Ordiziko Plaza Nagusira ingurtatzen denak aukera izango du zazpi lurraldeetako laborariek landutako elikagaiak ezagutzeko eta zuzenean laborariei erosteko. Era guztietako elikagaiak izango ditu eskura, denak EHKOlektiboak egun horretan bertan jendaurrean aurkeztuko duen zigilua edo identifikatzailea dutenak. Azoka EHKOlektiboak eta Biharko Lurraren Elkarteak antolatu dute elkarlanean.
Baina zer esan nahi du mantangorriaren irudia duen zigilu berri horrek zehazki? Bera daramaten elikagaiek edo etxaldeek lau oinarri hauek betetzen dituztela: ekologikoa, tokikoa, ekonomia sozial eraldatzailean barnebildua eta giza neurriko etxaldea izatea. Eli Pagolak berak azaldu berri du xehetasunez ARGIAko erreportaje honetan.
Afixan irakur daitekeenez, goiz eder bat pasa nahi duenak adin eta gustu guztientzako ekitaldiak aurkituko ditu Ordizin. Horietako bat da 10:30ean udaletxeko arkupeetan egingo duten mahai-ingurua: "Agroekologiatik eraginez. EHKO identifikatzailea, aliantzak eta komunitatea" du izenburu eta elkarren aliantza sarea osatzen duten eragileetako batzuek hartuko dute bertan parte: EHKOlektiboa, Amillubi, Baserritarren Bilgunea, Bionekazaritza, Biziola, Landare eta Uribe Butroeko Sareak, hain zuzen. Pagolak azaldu duenez, "Eragile asko daude agroekologian lan egiten dutenak, eremu eta esparru ezberdinetan... dibertsitate hori azaldu nahi genuen eta agertu nahi genuen agroekologiaren baitan aliatu gisa ikusten dugula elkar, zuzenki edo zeharka elkar elikatzen duten proiektuak direla".
12:30ean kultur zaleek gozatuko dute, Miren Gaztañaga aktoreak EHKO identifikatzailea, nondik eta zertarako sortu da? galdera pausatuko baitu, eta Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabalek "librean aritzeko nahikoa gai" izango baitute, Pagolak ziurtatu duenez.
Ordiziko azokan hasitako eguna Lazkaoko Biziola proiektuan biribilduko dute, elkarrekin bazkalduta: "Laborariak azokara lanera etorriko dira, eta bazkaria antolatu dugu aukera izan dezaten elkarrekin bazkaltzeko eta kontzertua gozatzeko, lanik gabe".
Udako berote eta lehorteen ondoren dator larunbat honetako hitzordua. Pagolak azaldu duenez, "laborariak lan pila batekin dabiltza. Uda gogor baten ondoren, negua nola datorren laborari askok dardarka ikusten dute, eta ezegonkortasun horren erdian egingo da ekimena, baina, aldi berean, ilusioz hartzen dute. Ahal izan duten guztiek eman dute izena".
EHKOlektiboaren indarguneetako bat dira lan taldeak, eta Pagolak adierazi du lan taldeak indartzeko gogoa eta premia sentitzen dutela: "Ez klima larrialdiagatik izan duten uda eta udazken gogorragatik bakarrik, baizik eta horrelako egoeren aurrean egituraketa indartu nahi dugulako". Laborari agroekologikoei babesa adierazi, elikagai osasuntsu eta goxoz armairua bete eta jai giroan gozatu nahi duenak larunbatean Ordizin du aukera.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545