Astelehenero 8:00etan zure epostan
Lurrazaleko airearen tenperaturaren datuak Copernicusek plazaratu ditu, eta 2023ko iraila baizik ez zaio gailentzen aurtengoari. Itsas-azaleko tenperaturari doakionez haatik, marka guztiak hautsi dituen iraila da aurtengoa.
Mundu mailako iraileko bataz besteko tenperatura.
Mundu mailakoa da datua, eta aurtengo iraileko bataz besteko tenperatura 16,27°C izan dela dio. Tenperatura hori lurrazaleko airearena da, eta datuak erregistratzen hasi zirenetik bigarren altuena da. Hain zuzen, 2023ko iraileko bataz besteko tenperatura baino 0,11°C gutxiago dituen arren, ohiko balioa baino 0,82°C altuagoa da aurtengoa. Gainera, Europa mailako hirugarren irailik beroena izan da, baita Europa mendebaldeko inoizko beroena ere. Horren harira, Europa mendebaldeko ohiturazko tenperatura baino 2,5°C gehiago izan dira aurtengo irailean.
Datuak Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) argitaratu ditu, urri hasiera honetan zabaldu duen txostenean. Itsas-azaleko tenperatura ere ikertu dute bertan, eta horri dagokionez gauza bat argiki erran daiteke: inoizko irailik beroena izan da itsas-azalean, 21,05°C bataz beste. Balio horrek 2023an erregistratutako marka (20,92°C) gainditu du. Berotze horren arrazoietariko bat Ozeano Barearen eremu tropikalaren zati handi batean tenperatura oso altuak izan direla izan daiteke, El Niño fenomenoaren ondorioz.
Uda hasieran jada, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak zera zioen: "El Niño-k are gehiago hauspotuko du berotzen ari den planetaren sua, eta suntsigarria izanen da eragina, toki gehiagotara zabalduta, eta mugak zeharkatuta, abiadura handian. (...) Aldaketak behar ditugu: erregai fosilekiko menpekotasuna bukatzea, berriztagarrien aldeko trantsizioa azkartzea, gizatalde zaurgarrienak babestea eta alerta goiztiarreko sistemak bazter guztietan izatea".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545