Asteroko buletina
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.

Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotuko dituen trenbide faraonikoa eraikitzen hasiko dira

CKU trenbide hori egitasmo mitikoa da, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat. Halakorik inoiz ez nuela ikusiko zinez sinesten nuen.


2024ko ekainaren 11

Joan den astean Txinako hedabide ofizial guztien aldibereko uluak argi utzi zuen: CKU trenbidea eraikitzeko erabakia irmoa da jada. Sinadurako ekitaldi telematikoan Zhaparov eta Mirziyoyev presidenteekin batera Xi bera agertu izanak (hori zen, noski, hedabide txinatarren ahobatezkotasuna sorrarazten zuena) argi eta garbi erakusten zuen CKU, Txina-Kirgizistan-Uzbekistan trenbide berriaren egitasmoa eginbidean jarri dela eta, itxura guztien arabera, eraikuntza-lanak aurtengo udazkenean hasiko direla. Eta neure buruari egina nion apustua galdu nuen, halakorik inoiz ez nuela ikusiko zinez sinesten bainuen.

CKU trenbide hori egitasmo mitikoa baita, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat. Zeta Bide historikoak zuen oztopo geografiko gaiztoena, Tian Shan / Tengri Tagh mendikate-multzoa, lurreko garraiobide modernoentzat ere menderakaitza zela erakusten baitzuen errealitateak.

Xiren Zeta Bide Berria abian jarri baino askoz lehenagokoa da Xinjiangeko Tarim arroa eta Asia Erdialdeko Fergana ibarra lotzeko asmoa, Bide historikoak itzulinguru handia eta batere samurra ez zenarekin egin behar izaten zuena. Baina eragozpen politikoek, iraganean batez ere, eta ingeniaritza-arazo ikusgarriek, beti, ametsen munduan egonarazi dute nahia. Orain arte.

Orain, erabakia hartu bada ere, egitasmoaren tasun bakan batzuk baizik ez dira argitaratu: akronimoak adierazten dituen hiru herrialdeak lotuko dituela, jakina; 523 kilometro (baina nolakoak!) izango dituela trenbide berriak; Xinjiang mendebaldeko hiri nagusia den Kaxgar eta Uzbekistango Fergana lotuko dituela, haietaraino lehendanik badiren trenbideekin lotzeko, Kirgizistango Oxetik igaroz. Eta kitto.

Ikuskizun geratzen da nondik eta nola zeharkatu behar duen proiektuak menditzarren segida. Besteak beste, egundoko tunel eta zubigintza beharko dela argi dago... zati handi batean 2.000 eta 3.000 metro arteko goieran eraiki beharko den trenbidean. Eta amaitzen denean, nolako eragin ekonomiko eta soziala izan dezakeen hark, zuzenean elkarlotzen dituen lurraldeen artean ez ezik ingurumari zabalagoen arteko merkataritzan eta abarretan.

Obra faraonikoa da, alafede.

Egia da gure artean, faraoien lanak aipatzen direnean, piramideak besterik bururatzen ez zaizkigulako edo, adiera peioratiboa izaten dela esamoldeak. Baina gogoan izan beharko dugu haien asmoz egin zela Faraoien Kanala ere, agian, Antzinaroko azpiegitura-lan emankorrena...

Tritioaren diplomazia
2023-07-10 | Mikel Aramendi
Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora