Uztaila errautsu, laboraria urguilutsu

Sua mahastiari

Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere. Ez da erraza izan lurra girotu eta azaroan jartzea. Belarrak ontzeko nahiko lan, baita ondu gabe silotan edo plastikozko bolatan jartzeko ere, traktore handiek belazetako lurra zulatu, hondatu eta lardaskatzeko arriskuagatik.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko maiatzaren 29a
Mahastia izotzetik babesteko, batzuek sua egiten dute mahastian, potoetan erregaia jarrita.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Beste esaera beldurgarri bat ere badu ondo berea maiatzak: “Honoratoko izotzak, ardoa erdira jaisten du”. San Isidro nekazarien santuaren bigarrena da Honoratoren eguna, maiatzaren 16a. Dagoeneko izotz beldurrak bizkarrean hartu eta eraman ditu maiatzak: “Maiatzaren amaierarekin izotz beldurrak urtzen”.

Apirila eta maiatza beldurrez igarotzen dituzte goiko lurraldeetako mahastizainek, gure hegoaldekoek. Mahatsak (Vitis vinifera) panpanoaren kimua erakutsi eta loratzerako koska igaroa du, dagoeneko; izan ere, “Maiatza lore, lore, lore”, baita mahastian ere. Tarte horretan izotzen bat azaltzen bada, horra “ardoa erdira jaistea”.

Ez da giro izaten mahastizainen arteko kontuetan. Hotza datorrela eta, mahastiaren emana salbatzeko, martingala hau edo hura, zein da hobea? Urteetako esperientzia luzeak toki bakoitzean eskola bat egina du, baina, kirioak dantzan, tabernetan arratsetan hotzaren kontura ez da giro izaten.

Batzuek sua egiten dute mahastian; ugari-ugari potoetan erregaia jarri eta hari su eman eta mahastiaren gaineko airea berotzen du, mahatsondoaren zikloko une berezienetan babesa emateko. Beste batzuek martxan izaten dituzte haizea mugitzen duten errota tankerakoak, goitik behera datorren haizerik hotzena mugitzeko.

Galizian eta Portugalgo iparraldean badute sistema bitxi bat izotzak ahultzeko, batez ere izotz beltzak. Izotz zuria tenperatura jaitsi eta landarearen gainean pausatzen da; kalteak eragiten ditu, baina tenperatura beherago abiatzen bada isolatzaile moduko lana egiten du landarearentzat. Izotz beltza, aldiz, izotz zuria sortzeko adina hezetasunik ez dagoenean etortzen da; landarearen gainean babesik ez, eta tenperaturak behera eta behera azkenean landareak barruan dituen izerdiak izozten ditu; horrek landarea barrutik txikitzen du, lehertu, eta eguna azaltzen denean landarea belztuta, eraitsita eta suntsituta dago. Bada hori ez gertatzeko, mendebaldeko lurralde horietan ura erabiltzen dute: azaki eta kanalen bidez ura bideratzen dute babestu nahi dituzten soroetan. Belaze eta abarretara eramaten dute, hezetasuna igoarazi eta izotz kaltegarriak atzeratu. “Lameiro” esaten diote eta Portugalgoak Jendekundearen Ondare izendatuak ditu Unescok. Antzeko teknika da mahatsondoak ihinztatu eta bustitzea, gaineko izotz geruza babeslea sortzeko.

Batek edo bestek, gerta daitekeen kalteari aurrea hartzeko eta (balitz) eragina ahultzeko, belar bedeinkatuaren, ardi-belarriaren edo suhar-belarraren (Valeriana officinalis) prestakinarekin tratatzen du mahastia, badaezpada ere.

“Maiatza infernu, ekain-uztailak zeru”, esaten da, baina orduan ere etor daitezke ez izotzak, baina bai ekaitz kaltegarri askoak. Ederki jasota dago gure jakindurian: “Ekainaren erdian euria, ez alerik ganbaran ez ardorik upategian”, “uztail euritsuan, ogia merke”, “madalena busti, intxaur gaztaina gutxi”… 

AA ez, AE bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora