Ekaina lur busti, gure aita/ama negarti.

Sorladan “legez kanpo” egitekoak diren kobre meatzera joateko mendi martxa debekatu dietela salatu du Lurgorrik

Iberian Copper S.L.U. enpresak ikerketa lanak egiten jarraitzen du Lizarraldeko Sorladako (Nafarroa) lur komunaletan, Emilia meatzearen eremuan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri plataformak gardentasun falta salatu dute, baita lanak egiteko udalak emandako baimena legez kanpokoa dela ere, lur horiek ez baitaude proiektuan zehaztutako lokalizazioan, baso lurrak direlako.


2026ko abuztuaren 10a
Sorladan “legez kanpo” egitekoak diren kobre meatzea ikusteko antolatutako mendi martxa.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Iberian Copper S.L.U. enpresak Zangotzako eta Lizarraldeko 31 udalerritan 264 km koadro baliatu nahi ditu kobre meatzaritzarako. Sorladako Udalak baimena eman dio enpresari herriko lur komunaletan, Emilia meatzearen eremuan, ikerketa lanak egiteko meatzaritzarako lursail egokiak diren jakiteko. Baina Ekologistak Martxan taldeak eta Lizarraldeko meatzaritzaren aurkako Lurgorri plataformak ohartarazi dute enpresa  “legez kanpo” hasi dela zundaketa horiek egiten. Llarunbatean mendi martxa antolatu zuten Emilia meatzera joateko. Nafarroako Gobernu Ordezkaritzak, ordea, baimena ukatu die.

Nafarroako Gobernuaren Enpresa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiak 2026ko otsailaren 4an eman zizkion enpresari Nafarroako lau eremutan ikerketak egiteko baimenak. Uztailaren erdialdean, Ekologistak Martxanek  helegitea jarri zuen Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuan, Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusian, Sorladako Udalean, Sepronan. Momentuz, ez dute erantzunik jaso, eta enpresak, bitartean, hasiak ditu lanak Sorladan, Udalaren baimenarekin.

Nafarroako Gobernuak emandako baimenean, ordea, adierazten da proiektuaren jarduerak "aurkeztutako dokumentazioan adierazitako tokietan" baino ezin direla egin; hau da, "laborantza lurretan egin behar dira lanak nahitaez". Gauza bera dio ere 2025ean Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluazio Atalak egindako txosten teknikoak.

Proiektuaren jarduerak "aurkeztutako dokumentazioan adierazitako tokietan" baino ezin dira egin, eta "laborantza lurretan" egin behar dira

Aldiz, enpresa 372 zenbakidun lursailean hasi da proba geofisikoak egiten, eta lur horiek baso lurrak dira, ez laborantza lurrak. Gainera, lur horiek ez dira ageri enpresak ikerketa proiekturako atxikitako dokumentazioan, eta, beraz, hori ere, Lurgorriren hitzetan, "legez kanpokoa" da. Arau hauste gehiago ere badirela azaldu du plataformak; erraterako, enpresak ez du modu publikoan jakinarazi norenak diren aldi baterako okupatuko dituzten lurrak.

Segurtasun dispositiboa

Lurgorrik jakinarazi duenez, enpresak segurtasun dispositiboa zabaldu du meatze inguruan, eta herritarrei ez diete uzten meatze zaharreraino doan bidean barrena lanean ari diren tokiraino joaten: "Jazarri egiten zaizkie hurbiltzen direnei, eta Guardia Zibilak identifikatu egiten ditu".  

Enpresaren “gardentasun falta" eta "irregulartasunak” salatzeko, eta proiektua geldiaraztea aldarrikatzeko, mendi martxa antolatu zuten larunbatean, baina Nafarroako Gobernu Ordezkaritzak ukatu egin die, Guardia Zibilaren txosten bat oinarri hartuta: segurtasun arrazoiak aipatzen dituzte, eta, diotenez, zenbait gorabehera izan dira eta kalteak eragin dizkiote zundaketa egiteko erabiltzen ari diren makinari.

Sorladan kobre meatzearen aurka egindako elkarretaratzea, uztailaren 3an.

Lurgorrik argi utzi nahi izan du ez duela “inolako zerikusirik izan ustezko gertakari horiekin”, eta plataformak egindako ekintza guztiak “baketsuak eta legezkoak” izan direla baieztatu du. Halaber, gogorarazi du uztailaren 3an ibilaldi aldarrikatzailea egin zela, Gobernu Ordezkaritzak baimenduta: ibilbide berbera egin zuten, eta ez zen inolako istilurik izan. 

Hortaz, erakundeen jarrera gaitzetsi du Lurgorrik: “Administrazio publikoen utzikeriak babesa ematen die, eta lurra defendatzen duten taldeei, berriz, ez diete uzten bide publikoetan ibiltzen lanak zertan diren ikusteko ere”.

Inguruko herritarrei, elkarteei eta udalei ere dei egin die Lurgorrik "proiektuari aurre egiteko", eta “lanada eremu bizi baten alde" lan egiteko: “Ez dugu espekulatzailerik nahi gure lurretan, ezta herriak eta Lur planeta osoa txikitzen dituen makroproiekturik ere. Lurraren defentsan, Lizarraldea ez dago salgai”.

30 bat traktorek martxa egin dute Gasteizen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "lehorte eremu" izendatzea eskatzeko
Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak deituta, Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzako egoitzarako bidea egin dute traktoreek ortzegunean. Lehortearen eta nazioarteko egoera "ezegonkorraren" ondorioz landa eremuak... (+)
Ur eskasiari aurre egiteko, errekak aurkitzea ogibide
Euskal Herriko erreka eta ibaietako ur falta gero eta azkarragoa eta nabariagoa da. Arrantza federazioko teknikariek, erraterako, Zuberoako erreken osasuna aztertu dute, eta ondorioztatu dute... (+)
Hego Euskal Herriko urtegien edukieraren %48,4 dago beteta, abuztuan ohi baino ia 6 puntu gutxiago
Uztailaren hasieratik, urtegietan bildutako ura azken hogei urteetako batez bertzekoaren azpitik dago, eta alde hori astez aste handitzen joan da. Nafarroak bizi du egoerarik kritikoena,... (+)
Hondakinen %28 erretiratuta, Venezuelak baieztatu du 6.509 pertsona hil direla lurrikaren ondorioz
Desagertuen datu zehatzik ez dagoen arren, 1.579 lagun izan daitezkeela uste da. Gobernua pixkanaka jendeari etxeak ematen, eta zerbitzu publikoak hobetzen ari den arren, nazioarteko laguntzak... (+)
Pasaiako portuko sutearen ostean instituzioen “ekintza gabezia” salatu du Eguzki kolektibo ekologistak
Iragan ortziralean sutea izan zen Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean. Suteak Lezoko (Gipuzkoa) eta inguruko herritarren kezka eragin zuen, eta neurriak hartzea... (+)
gora