Asteroko buletina
Maiatzean elorria lore, artaon lurrean.

Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako batzuk gogora ekartzera nator.

Iñigo Arruabarrena
Iñigo Arruabarrena

Haziberriak proiektuko permakultura diseinatzailea.


2024ko apirilaren 14a
Argazkia: huelemu.org

Zuekin partekatzera natorrena esperientziatik jaio da, Olabe baserriko baso jangarrian sortzeko prozesuaren esperientziatik, hain zuzen ere. Bertan, Attard Mathews-tarrekin batera, 1.300 metro koadroko baso jangarria hasi ginen sortzen 2021eko neguan, 40 zuhaitz eta zuhaixka espezie landatuta. Hona, han egindakotik irakaspenak ekarri dizkidaten hainbat akats:

1. Zuhaitzak elkarrengandik gertuegi landatzea

Zuhaitzak elkartuegi sartzea klasiko bat omen da baso jangarria sortzerako garaian. Domeka goiz batean burua berotu eta zuhaitzak sartu eta sartu hasten da bat, batzuetan, planifikazio barik, beste batzuetan, planifikazioa pikutara bidalita. Emaitza zuhaitzak elkartuegi landatzea izaten da askotan. Lehen  urteetan zuhaitzen hazkuntza txikia izanda ere, egunen batean espazio handi bat beteko dute basoan.

Konponbidea landatzen hasi baino lehen plano bat egitea da, bolaluma eta paper zati batean bada ere. Espazioa dimentsionatzeko, marraztu zuhaitzen diametroak eskala erabilita, borobilez irudikatuta. Zuhaitzen hazkuntzarako faktore garrantzitsuenak oina, espeziea, barietatea eta ingurumenarekiko adaptazioa dira. Galdetu ondo eta informatu erositako zuhaitzak zenbat hazten diren (zabaleran zein altueran), gerora zuhaitzak egurretara bidali ez ditzagun.

2. Belarraren kontrola ez planifikatzea

Euskal Herriko kliman ikaragarri hazten da belarra, bereziki, udaberri eta udazkenean. Horiek kontrolatzeko plan bat izan behar dugu buruan beti. Komeni da, baita ere, zuhaitzen ipurdia material organikoz (lastoa, artilea, kartoia, egur ezpalak...) estalita mantentzea.

Belarra kontrolatzeko hiru modu daude (glifosatorik gabe, noski): moztea, animaliak bazkatzea edo lurgaina guztiz estaltzea. Belarra moztera bazoaz, kontuan izan sega-makina atera beharko duzula paseatzera eta horrek lana eskatzen duela, beraz, kontrolatu basoaren tamaina.

Animaliak bazkatzen izan behar badituzu, kontuan izan zuhaitzak babestu egin behar direla. Horretarako, sare elektrikoak erabili (zuhaitzak ilaratan badaude) edo zuhaitz bakanak babestu, bereziki txikiak direnean. Ardiak dira baso jangarrietarako animalia bideragarrienak.

Azkenik, lur guztia estaltzea baso txikietan bakarrik da bideragarria. Horretarako, erabili egur ezpalak, artilea, graba edo beste edozein material organiko.

3. Handiegi hastea

Batzuetan arazoa lana hastea izaten da, beldurrak helduta edo. Hasten garenean, ordea, zaila egiten da txikitik hasi eta gutxinaka-gutxinaka sistema zabaltzea. Handiegi hasten zarenean bigarren urterako belar eta lan ezberdinek gaina hartzen dizute eta, ondorioz, desanimatzen zara. Hartu lasai, txikitik hasi!

Planifikatuta izan behar da helmuga, zer bilakatzea nahi dugun baso jangarria. Errazena ilaratan landatzen hastea da.

4. Bakarrik egiten saiatzea

Baso jangarriak gozatzeko dira, ingurukoekin elkarbizitzeko. Partekatu ideia eta ahalegindu proiektua norbaitekin batera aurrera ateratzen, gozagarriagoa da beti. Hori bai, bakardadeak ez zaitzala kikildu, gogoa baduzu, bakarrik ekitea posible da.

5. Zuhaitzak ez ezagutzea

Fruta arbolek sekretu asko dituzte: kimaketak, polinizazioak, tamainak, barietateak, ingurumenera egokitzeak... eta ezinezkoa da horiek guztiak ondo ezagutzea. Praktika, irakurketa eta adituekin elkarbanatzeek ekarriko dizkizute ezagutzak. Ez etsi, goiari eutsi.

Prozesu bat da basoak proposatzen dizuna, esperientziari ekitea, porrotak bizitzea eta ondorioz, ikasketak berritzea. Halaxe da basoa, halaxe bizitza.

Baso jangarria mantentzeko gida
2024-02-12 | Iñigo Arruabarrena
Baso jangarria bizi beharreko basoa da, elkarrizketa bat sortuz, hartu-eman bat. Elkarrizketa horretan, ekintza zehatz batzuk burutzen dira eta basoaren erantzuna jasotzen da bueltan. (+)
Zabalik da izen-ematea Aleko nekazaritza test espazio berrian
2023-12-27 | Iñigo Arruabarrena
Jakin badakigu nekazaritza zein abeltzaintza sektoreak zahartuta daudela. Datuek diote ustiaketen jabe diren gizon eta emakumeak erretiratzen direnean ordezkorik ez dutela izango, are gutxiago gazteak.... (+)
Sintropia ezagutu nuen eguna
2023-09-25 | Iñigo Arruabarrena
Gogoratzen dut nola goiz hartan ez nintzen konbentzimentu handiz jaiki. Gogotsu bai, edozer gauza ikasteak nire barne ingeniaritza itzartzen duelako, baina esperantza gutxiz kontzeptu hark... (+)
Milaka urtedun kontzeptu berria, baso jangarria
2023-08-28 | Iñigo Arruabarrena
Munduko herri guztietan ematen dira lekuko klima eta kulturari lotutako ekosistema agroforestalak. Ez bakarrik haien konstantzia marraztu edo idatzia dugulako, baizik eta bizirik dirautelako gaur... (+)
Baso jangarria, geratzeko heldu den extralurtar hori
2023-07-05 | Iñigo Arruabarrena
Gero eta gehiago entzuten ari dena, gutxi batzuk zer den erantzuten dakitena eta are gutxiago dira horrelako bat inoiz ikusi dutenak: baso jangarria. Baina lasai,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora