Asteroko buletina
Uztailean ihurtzuri, mahats nasai guri

Zabalik da izen-ematea Aleko nekazaritza test espazio berrian

Jakin badakigu nekazaritza zein abeltzaintza sektoreak zahartuta daudela. Datuek diote ustiaketen jabe diren gizon eta emakumeak erretiratzen direnean ordezkorik ez dutela izango, are gutxiago gazteak. Egia izan liteke, baina kexatu ordez, lanean ipintzeko ordua iritsi da.

Iñigo Arruabarrena
Iñigo Arruabarrena

Haziberriak proiektuko permakultura diseinatzailea.


2023ko abenduaren 27a

Nekazaritzan erreleboa naturalki eman da orain gutxira arte, seme-alabek haien gurasoen ustiaketak jaso eta landu dituzte, errelebo generazionala familia barnean emanez. Joera hau apurtzen joan izan da azken urteotan eta nekazaritza zein abeltzaintza munduarekin erlazio zuzena ez duten pertsona gero eta gehiago gerturatu dira bizimodu honetara. Nahiz eta joera aldaketa honek esperantza ekarri sektorera, erronka berriak azaleratzen ditu. Lehena, sektoreko inkorporazio berrien jatorriari erreparatuta, esperientzia falta izaten da, ezjakintasuna. Bigarrena, lur falta.

Arazo hauetako batzuei erantzuna emateko jaio dira nekazaritza test espazioak. Frantzian sekulako bidea egina dute jada esparru honetan, horrelako ehunka espazio aktibo dituzte. Espainiako Estatuan, Katalunian hasi ziren orain urte batzuk, eta Euskal Herrian ere hasiak gara: Bizkaian (Haztegia), Nafarroan (Zunbeltz) eta Iparraldean (Trebatu) hain zuzen ere.

Baina zer da nekazaritza test espazioa? Proba prozesua, trebatze ibilbidea, nekazal enpresa sortzeko ingurune bat. Ingurune hauetan probatzaileak ideia batekin datoz, probatzeko gogoz. Espazioak ideia hori gauzatzeko baliabide guztiak eskaintzen dizkio: lurra, azpiegiturak, erremintak, formakuntza, babes legala, jarraipen bat sektoreko profesionalen eskutik, eta abar. Ikasketa eta behin-behineko instalazio epe bat da.

Lurraldearen arabera bertako behar eta baliabideei lotua dago, horregatik, nekazaritza test espazio bakoitza ezberdina da, ingurune horretako erronkei aurre egiteko. Eta gaurkoan poztasunez aurkeztera natorkizuena nekazaritza test espazio berria dugu, Aleko.

Aleko proiektua Gasteizko ingurunean funtsatuta dago, hiritik oso gertu. Hainbat  nekazaritza-ekosistema probatzeko aukera izango da bertan: ortugintza biointentsiboa, ortugintza estentsiboa, lehorreko labore estentsiboak, frutagintza, abeltzaintza eta baso kudeaketa animalien bitartez. Elkarlan markoan eraikitzen da proiektua, nekazal-ekosistemak haien artean sostengatuz.

Ideia eta motibazioa duen edonorentzako dago zuzenduta proiektu hau, nekazaritza zein abeltzaintzatik bizi nahi duen edonorentzako. Prozesuak urte eta erdi irauten du. Lehenengo sei hilabeteetan ekosistema guztietan trebatuko dira partaideak, eta bukatzean, gehien motibatzen dien lan ildoa aukeratuko dute. Sei hilabete horiek aukera paregabea eskainiko diete probatzaileei haien artean ezagutzeko eta proiektu kooperatiboak sortzeko, arrakasta bermatzeko asmotan. Sei hilabete horiek bukatzean urtebetez frogatu ahal izango dute haien ideia, aukeratzen duten nekazal-ekosisteman. Behin epe hau bukatuta, beste urtebetez eskainiko da laguntza, behin betiko instalazioa burutzen den bitartean.

Aleko nekazaritza test espazioan ibilbide zabala eskaintzen da, lan ildo ugari eta sektoreko profesionalak laguntzeko prest daude. Zabaldu berria lagun eta ezagunen artean, eta ipini kontaktuan informazio gehiago eskuratu nahi baduzu: 945162696 cea@vitoria-gasteiz.org

Lan egiteko ordua iritsi da, aurrera!

Porrotak, ikasketak, baso jangarriak
2024-04-14 | Iñigo Arruabarrena
Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere,... (+)
Baso jangarria mantentzeko gida
2024-02-12 | Iñigo Arruabarrena
Baso jangarria bizi beharreko basoa da, elkarrizketa bat sortuz, hartu-eman bat. Elkarrizketa horretan, ekintza zehatz batzuk burutzen dira eta basoaren erantzuna jasotzen da bueltan. (+)
Sintropia ezagutu nuen eguna
2023-09-25 | Iñigo Arruabarrena
Gogoratzen dut nola goiz hartan ez nintzen konbentzimentu handiz jaiki. Gogotsu bai, edozer gauza ikasteak nire barne ingeniaritza itzartzen duelako, baina esperantza gutxiz kontzeptu hark... (+)
Milaka urtedun kontzeptu berria, baso jangarria
2023-08-28 | Iñigo Arruabarrena
Munduko herri guztietan ematen dira lekuko klima eta kulturari lotutako ekosistema agroforestalak. Ez bakarrik haien konstantzia marraztu edo idatzia dugulako, baizik eta bizirik dirautelako gaur... (+)
Baso jangarria, geratzeko heldu den extralurtar hori
2023-07-05 | Iñigo Arruabarrena
Gero eta gehiago entzuten ari dena, gutxi batzuk zer den erantzuten dakitena eta are gutxiago dira horrelako bat inoiz ikusi dutenak: baso jangarria. Baina lasai,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora