Asteroko buletina
Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Pase garaiko protagonista

Ürx’aphal bat badügü
herrian trixterik,
Nigarrez ari düzü
kaloian barnetik,
Bere lagün maitiaz
beit’izan ützirik:
Kuntsola ezazie,
ziek adixkidik.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urriaren 28a

Etxahunek bere bertsoan bezala, literaturan neska gazte eta ederrari deitzeko erabili izan da ürx’aphal, usapal edo ttorttola. Fintasun eta liraintasunarekin lotu izan da beti eta euskaldunontzat maitea da. Bere kantuak emango dio agian izena “tur-tur” egiten duen hegazti honi: tortola, ttorttolia, usatortola edo uso txikia, izen ofiziala, aldiz, usapal europarra du.

Gorputz luzea du, fina eta arina. Bularraldeko lumak grisak dira baina arrosa puntua ere badute eta bizkarraldekoek, aldiz, laranja eta beltz kolorea dute. Isatsaren ertza zuria du, honen gainean marra beltz bat eta gorago gris kolorea gailentzen da, urdin puntu bat ere baduena, hegalak zabaltzean ere erakusten duen kolorea. Hain elegantea, lepokoa ere baduena, marra zuri eta beltzez osatutakoa. Laranja koloreko begi inguruan gorria ere badu. Horrelakoxea da tortola, koloretsua bezain ederra. Hau izango ote da euskaldunon bihotzetara heldu izanaren arrazoia?

Europa osoan zehar umatzen da usapala, baserri soroak hurbil dituzten baso irekiak ditu gustuko: belar-puntak, haziak eta aleak jateko. Udazkenean, irailean hasten du Afrikarantz bidea, Sahara hegoaldera joango da negua pasatzera. Hegazti hau arrunta da gurean, gehienbat pasean ikusten dugulako. Hain da ezaguna, pase garaian erreferentea dela: beste hegaztiak “tortola denboran” edo “tortola ostean” pasatzen dira.

Zoritxarrez, tortolaren populazioak gainbeheran daude eta horrek espeziea mundu mailan zein Europan “zaurgarri” eta Euskal Autonomi Erkidegoan “galzorian” sailkatzea ekarri du, horren gainbehera gelditu edo gutxitu nahian. Gainbeheraren arrazoiak hainbat dira, umatze lurretan, migrazioan zein negu-pasarako eremuetan hainbat mehatxu baitituzte. Alde batetik, habitataren suntsipenak eta labore tradizionalen aldaketen ondorioz, heskaiak, ibarbasoak eta abar desagertzen ari dira eta tortolak behar duen paisaiaren mosaikoa galtzen da. Gainera, nekazaritza intentsiboa geroz eta zabalduago dago eta nekazaritza mota honek pestizida eta herbizida ugari erabili ohi ditu. Horrek usapalaren elikagaia diren baina ekoizleak ez diren landare espezieak murriztea dakar, eta gutxi ez balitz, pestizidak hegaztientzat toxikoak dira, haien osasunean eragin kaltegarriak edo heriotza eragiten dituzte. Bestetik, tortolak migratzen ari direnean ehizatzeko ohitura oso zabaldua da, baina populazioen gainbehera dela-eta, oraingoz tortola ehizatzea debekatuta dago. Azkenik, Afrikara negua pasatzera iristean, bertako gehiegizko artzaintzak eragin negatiboa dauka.

Espeziearen arazoa mundu mailakoa izan arren, hain maitea dugun ürx’aphala babesteko, gurean gertatzen ari diren habitataren suntsipena zein pestizida eta herbiziden gehiegizko erabilpena gutxitu beharko genituzke, ekintza lokaletan hasten baita aldaketa. Ekintza lokalik gabe ez dago inpaktu globalik.

Landazabaleko buruhandia
Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere... (+)
Bustitzen ez den arranoa
Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete... (+)
Udan datorren buztingilea
Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira... (+)
Prozesionaria jalea
Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero... (+)
Basoko arotz mihi-luzea
Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora