Astelehenero 8:00etan zure epostan
Nafarroako udalerriak urriaren 18rako aurreikusitako bozketa abenduaren 13ra atzeratu du, Espainiako hauteskunde orokorren deialdiaren ondorioz. Rada, Murillo el Cuende eta Traibuenas herrietan erroldatutakoak daude erreferendum ez-loteslean parte hartzera deituta.
Cabanillaseko (Nafarroa) biometanizazio-planta
Abenduaren 13an Rada, Murillo el Cuende eta Traibuenas herriek osatutako udalerriak zonaldean aurkeztutako biometano planten proiektuei buruzko iritzia plazaratuko du. Udalerria osatzen duten 513 bizilagun daude parte hartzera deituta, eta udalarentzat izaera ez-loteslea duen arren, emaitza osoko bilkurara eramango da. Itziar Malón (PSN) alkateak azaldu duenez, galdeketa herritarren iritzia ezagutzeko tresna izango da, baina ez du udala behartzen biometano ekimenen inguruko erabaki bat hartzera.
Herritarrek erantzun beharko duten galdera hurrengoa da: “Interesgarria irudituko litzaizuke Murillo el Cuende udalerrian biometano planta bat ezartzea?”. Bozketa 09:00etatik 20:00etara egingo da, Radako ikastetxean, eta posible izango da Tafallako Eskualdeko Hauteskunde Batzordean aldez aurretik bozkatzea. Galdeketa baino lehen hamabi eguneko informazio kanpaina zabalduko da, eta alkateak bizilagunak gonbidatu ditu aldez aurretik “iturri ezberdinak erabilita” informatzera. Hala ere, proiektuei babesa emango diela aurreratu du, “beste herri batzuetan ez bezala, edozein hirigunetik urrun dagoen lursail batean kokatuko dela” arrazoituta. Aipatzekoa da Nafarroan biometano inplantazioaren aurkako borroka oso hedatuta dagoela, ingurumenean izan ditzakeen eraginen ondorioz, airearen kalitatearen eta lehen sektorearen okertzea, besteak beste.
Biometano plantei buruzko eztabaida piztu zenetik kezka hedatu da herritarren artean. Gatazka eguneroko elkarriztetetan dago presente, eta proiektuari eta horren ondorioei buruzko iritziez harago, herrien artean sortu daitekeen konfrontazioan dago kezkaren ardatza. Izan ere, iritzi ezberdintasunak bizilagunen arteko elkarbizitza kaltetu dezakeela uste da, Rada-ko bizilagun baten hitzetan: “Bozkatu bozkatu beharrekoa, baina herria ez dadila hautsi”.
Biometano produkzioan oinarritutako bi proiektu ezarri nahi dituzte zonaldean. Alde batetik, BioRig Energy Rada enpresak urtean 198.000 tona lantzeko instalazioa proposatzen du, ingurumen-eraginaren txostena jada lortu duena. Bestetik, KamBIO Navarra I-k 143.000 tona lantzeko azpiegitura aurreikusten du, ingurumen-eragin onarpenarekin fase atzeratuagoan dagoen arren. Hala ere, bi egitasmoak biometano eta biogas planten proiektuen luzamenduaren eraginpean daude, Nafarroako Parlamentuak onartu zuenez, 2028ko abenduaren 31ra arte bertan behera geratuko baitira biometano eta biogas hondakinak kudeatzen dituzten planta berrien tramitazioa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545