Asteroko buletina
Done Emeteri Zeledon (martxoak 3) porrua ereiteko aro on

Munduan leku bat

Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok onartu dugu hemen bizitzeak aparteko zailtasunak dituela, administraziotik ez dutela indar berezirik jarriko hona zerbitzu publikoak ekarri eta behar bezala mantentzeko, nola bada, biztanleen %11 baino ez gara eta! Guk lurra baino ez dugu. Lurra eta ortzi-muga, mendi-magalak eta tontorrak, errekastoak eta itsasoa. Komunitateak osatu ditugu, kontzejuz kontzeju eta auzoz auzo, eta ditugun euskarri horiekin bizitzen asmatzen saiatzen gara. Egunero ahalegintzen gara, gure bizi-proiektuekin, antolaketa xume honetatik pertsona guztientzako alternatiba bizigarriak eskaintzen, txikitik komunitatearentzat, bere altzoan hartu gaituen lurra zainduz.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko apirilaren 09a

Landa-eremuan bizi garenok horixe gara: lurra, ortzi-muga, mendi-magalak, tontorrak, errekastoak eta itsasoa. Eta horietan guztietan sar daitekeen guztiak –sar daitezkeen guztiek– ere egiten gaitu. Hots, haiek gabe, gu ez gara. Horregatik, Joseba Sarrionandiaren hitzak egiten ditugu gureak: “Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”.

Nekeziak handia behar du, izugarria, inork bere sorterria, munduan duen lekua, uzteko. Landa-eremuan erbestea ez da berria, gure arbasoek sufritu egin zuten eta, harrezkero, odolusteak ez du etenik. Etorkizuna han omen zegoen –dago–, bestaldean, lurraldearen %11n, errepideak eta trenbideak hasten eta bukatzen diren lekuetan.

Sinetsi hemen ez zegoela ezer eta hiri-eremuan dena zegoela; hau hilda, eta han, bizitza. Pandemia batek erakutsi zigun gureak balio zuela, gu egiten gaituzten horiek gozamenerako elementuak izateaz gain, ezinbesteko arnasguneak ere badirela. Gure lana inoiz baino oinarrizkoagoa zen, ez baitzegoen kanpotik janaria eskuratzerik, jendarte oso baten presioak ekarri zuen azoken debekuak bi egunez bakarrik irautea. Haizeak horiek guztiak eraman ote dituen beldur gara.

Hainbat administraziotako agintaritzaren aldizkariak hartzea baino ez dago irakurtzeko makroproiektu energetikoen –eta bestelakoen– kokapen egokia landa-eremua dela, besteak beste, pertsona gutxi bizi garelako, eta, beraz, jendartean izango duen inpaktua txikia –hortaz, onargarria– dela. Sakrifizio eremuaz ari dira. Sakrifikagarriak diren lurraldeez. Sakrifikagarriak diren pertsonez. Gutaz ari dira paper ofizialetan. Baita zutaz ere, hiri-eremuan bizi zaren hori.

Izan ere, bi eremuak, nahitaez, elkarren osagarriak dira –beste kontu bat da zer nolako botere-harreman eraiki den–. Leihoa irekitzean ikusten ditugunak, zu jabetu ala ez, zure parte ere badira. Bailara edo mendi-kasko hauen existentziaren berri izan gabe. Are gehiago, agian, sukaldean dituzun hainbat jaki hemen sortu dira eta gure eskuetatik pasa, izan animalia ala begetala.

Ogirik izango al dugu galsoroak eguzki-plakaz estaliz gero? Zereala ereiteko edo negurako belarrak ontzeko sailak estaltzekotan, izango al da hemengo animaliek jateko? Hala ez balitz, nondik esnea eta okela? Eguzki-plaken artean erremolatxa landatzerik ez bada, azukrerik ere ez?

Haize erroten eta goi-tentsioko lineen instalazioek berez dakartzaten aldaketek –leherketak, lur-mugimenduak, iturburuen desagerpenak...– zer nolako eragina izango dute mendiko abeltzaintzan?

0km leloak betetzen ditu iragarkiak, dena da bertakoa –ia dena ekologikoa edo–, baina errealitateak erakusten digu, kontserba pote batzuetan bezala, letra txikia irakurri behar dela, eta kilometroak, askotan, Bilboko portuan hasten direla zenbatzen.

Nola, bestela, ulertu administrazioek hainbesteko gogoa izatea edozein ozeanoren bestaldeko herrialdeekin merkataritza-itunak sinatzeko? Hemendik teknologia, makina-erraminta eta trenak esportatu, eta trukean hango elikagaiak ekarri, prezioan.

Burujabetza larrialdi egoeretako kontzeptu gisa ulertzen da, merkatuek puztutako burbuilak eztanda egindakoan erabiltzeko. Burujabetza hustu egin dute, eta komenientziaz erabili; burugabetza bilakatzeraino. Horren adibideak dira haragi sintetikoa ekoizteko laborategientzako diru-laguntzak eta babes instituzionala. Horrenak, negutegi hidroponikoak. Horren adibideak dira aurreikusita dauden makroproiektuak.

Zaila da burujabetza kontzeptua bere osotasunean ulertzea Donostian haragia laborategi batean sortzeko Biotech Foods multinazional brasildarraren –Bolsonarorekin harreman estua duena– eskutik datorrenean. Are zailagoa teknologia eta jakintza guztia kapital pribatuaren eskuetan dagoenean; eta oso larria, kontuan hartzen badugu diru publikoa jaso duela EAEko, Espainiako eta Europar Batasuneko funtsetatik.

Tomateekin, antzerako. Kasu honetan, Hispalus multinazionalak –Cultivos Araba s.l. izenez erregistratuta– Tuestan, hogei hektarea negutegi eraikitzeko diru-laguntza publikoak jasotzen dituenean –hasiera batean bost izango dira–. Eroskin salduko dira tomateak momentuz; gerora, Frantziara.

Instalazio elektriko industrialei dagokienez, beste hainbeste: diru eta babes instituzional osoa. Ad hoc egindako legeak eta arauak, multinazional energetikoen segurtasun ekonomikoari begirakoak, beti ere. Dena IBEX 35ean kotizatzen duen Red Eléctrica de Españaren eta oligopolio elektrikoaren mesedetan.

Egoera ikusita, edozeinek esango luke hemendik bota nahi gaituztela, ez dutela lurraldean gauzatzen ari den kolonialismo energetikoaren saiakeraren lekukorik nahi, ezta lurra defendituko duen herririk.

Galderak ere badatozkigu, batzuentzat xaloak izan daitezkeena, baina pertsona guztiontzat ezinbestekoak, munduan dugun lekua zein den jakiteko.

Nor geldituko da herrixka eta mendietan leihoak erakusten diguna beltza bada? Nork begiratuko dio tontorretako barroteen atzean geratuko den ortzi-mugari? Herri honen elikadura, ondare naturala eta kulturala multinazionalen eskuetan jarri behar baditugu, zertarako gaude gu? Zertarako daude esku hauek? Zertarako, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakinduria?

Zer zentzu daukate egiten gaituzten lurrak eta ortzi-mugak, mendi-magalek eta tontorrek, errekastoek eta itsasoak?

Hemendik esperantza arnastea zaila bada ere, ez dugu besterik. Munduan dugun lekua hauxe da, ez dugu besterik. Poetak zioena dugu bihotzean: “Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”.

Horregatik bat egingo dugu apirilaren 13an EH Bizirik sareak, Azpeitian, antolatu duen mobilizazio egunarekin.

Zer da artaldea? (Gerturatze bat)
Astebete pasatxo eman dut artaldeaz hausnarrean. Lehenago ere eskaini izan dizkiot tarteak artalde kontzeptuari ematen zaion erabilerari, baina orain dela astebete izandako elkarrizketak berritu du... (+)
In extremis, mila esker
In extremis heldu naiz orrialde honetara. Patuak hala erabaki du. Izan ere, orain dela bi aste erdi idatzita nuen gaurkoa, baina dokumentua gorde gabe ordenagailua... (+)
Borrokak eta liburuak
Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa.... (+)
Hamaika
Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa. Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra...... (+)
Arrazionaltasuna vs emozionaltasuna
Gezurra ematen badu ere, oraindik ere entzun egin behar dugu –gehienbat emakumeok– emozioak arrazionaltasunaren gainetik jartzen ditugula, eta horrela ezin dela taxuzko erabakirik hartu. Azken... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora