Otsaileko euri, urteko ongarri.

Menopausian elikadura lagun izateko tresnak

Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.


2025eko maiatzaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Beroaldiak, hezur-galera, gantza pilatzea eta baginako fluxua aldatzea. Horiek dira menopausiaren zenbait sintoma. Nutrizio begetarianoan aditua den Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak menopausiaren eta elikaduraren inguruko tailer bat eman zuen, hilaren 8an, Bilbon. Velaskok nabarmendu du elikadura garrantzitsua dela bizitzako etapa guztietan, baina menopausiaren garaian arreta berezia jarri behar dela: “Elikadura osasuntsuak eta egokiak aldaketa hormonalak malgutu ditzake. Kontrara, ez badugu elikadura egokirik jarraitzen, ez kirolik egiten, eta estres maila altua badugu, aldaketak handituko dira”.

Zirkulazio sistemari eragiten dioten aldaketei dagokionez, beroaldiak nabarmendu ditu Velaskok. Izan ere, estrogenoek tenperatura erregulatzeko mekanismoa aktibatzen dute, baina menopausiarekin efektua “gutxitu” egiten da. Horregatik, edozein tenperatura aldaketak inpaktu “handia” dauka. Estrogenoen jaitsierak ere hezur-galera eragin dezake. Horregatik, garrantzitsua da kaltzioa daukaten elikagaiak txertatzea. Hala nola kaltzioa eta D bitamina daukaten esne begetalak; haziak, bereziki sesamoa; fruitu lehorrak bereziki arbendolak; zereal integralak; lekaleak, bereziki babarrun zuriak eta tofua; eta azkenik, barazki kruziferoak, hala nola brokolia, azalorea eta aza kizkurra.

D bitaminak ere funtzio asko ditu; tartean, kaltzioa finkatzen laguntzen du: “Nahiz eta oso eguzkitsuak diren zonaldeetan bizi, gure bizimoduengatik beti leku itxietan gaudenez, arreta berezia jarri behar dugu horretan”. Esne begetaletan aurkitu daiteke. Horrekin batera, K bitamina ere kontuan hartu behar dela dio. Batez ere hosto berdeak dituzten barazkietan aurkitzen da. “Elikaduraz gain, oso garrantzitsua da indar ariketak egitea”, esan du.

"Etapa depresiboagoak izateko joera dago eta sentitu dezakegu zahartzen ari garela. Horrek eragin dezake janarian babesleku bat aurkitzea, eta zailagoa izatea ase sentitzea"

Menopausiak eragindako beste sintoma bat azala fintzea da. Hori dela eta, gerta daiteke baginako azala fintzea eta lehortasuna sentitzea. Horrez gain, fluxuaren konposizioa aldatu egin daiteke ere. Garrantzitsua da hidratazioa, hala nola ura, fruta eta barazkiak.

Sistema kardiobaskularrari ere eragiten diote estrogenoek, babes funtzioa daukatelako. Estrogenoak jaisten direnean dentsitate txikiko lipoproteina (LDL) edo “kolesterol txarra” igo eta dentsitate handiko lipoproteina (HDL) edo “kolesterol ona” jaitsi daiteke. Horregatik, garrantzitsua da elikaduran fruitu lehorrak eta haziak txertatzea; adibidez, lihoa eta chia, Omega 3 daukatelako. Horiek xurgatzeko txikitu edo hidratatu egin behar dira. Sistema immunologikoa babesterako orduan frutak eta barazkiek funtzio garrantzitsua daukate: “Kontuan hartu behar ditugu barazkien koloreak; bakoitzak gauza batzuk edo beste emango dizkigulako”.

Emozioen eragina

Beste gorputz aldaketa bat gantza pilatzea da. Izan ere, tasa metabolikoa jaitsi egiten da, eta hortaz, gerta daiteke behar baino kaloria gehiago kontsumitzea: “Estrogenoen asebete efektua galtzen dugunez, gose handiagoa sentitzen dugu”. Maila fisikoaz gain, emozionalean ere eragina dauka, serotonina jaisten delako. Hori dela eta, gogo-aldartean aldaketak eman daitezke: “Emozioek berebiziko garrantzia daukate etapa honetan. Emozionalki gora eta behera ibiltzen gara, menopausiarekiko estigma handia dago, etapa depresiboagoak izateko joera dago eta sentitu dezakegu zahartzen ari garela. Horrek eragin dezake janarian babesleku bat aurkitzea, eta zailagoa izatea ase sentitzea”.

Velaskoren ustez, kirola egitea “oso lagungarria” da gose emozionala gutxitzeko eta emozionalki hobeto sentitzeko: “Garrantzitsua da gustuko duzun ariketa fisikoa egitea”. Horrez gain, bazkarian eta afarian bereziki proteina bermatu beharra dagoela dio; proteina begetal gehien daukaten elikagaiak dira, hurrenez hurren, lekaleak, tofua, tempeha eta seitana.

"Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa"
2024-09-01 | Olaia L. Garaialde
Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko... (+)
Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak
2024-07-22 | Olaia L. Garaialde
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik. (+)
Finerge multinazionalak energia eolikoa sortzeko lau instalazio erosi ditu Nafarroan
2024-04-03 | Olaia L. Garaialde
Portugalgo enpresaren arabera, lau instalazioek 71 MW sortzeko gaitasuna izanen dute, 32.000 pertsonentzako "energia garbia".   (+)
Agroekologiaren alde egiteko dei egin du Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboak
2024-02-14 | Olaia L. Garaialde
Nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio agroekologikoaren aldeko elkarretaratzea eginen dute, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. (+)
"Osasun aldetik hobeto egon arren, nutrizionistak esan zidan ez nuela hobetu ez nintzelako argaldu"
2023-12-11 | Olaia L. Garaialde
Nutrizionista batetik bestera ibili da Maddi, eta salatu du orokorrean oso jarrera lodifoboak dituztela: “Elikadura nahasmenduak sustatzen dituzte”. (+)
gora