Asteroko buletina
Gariak esan zuen: ni bezalako belarrik ez da. Artoak erantzun zion: ni naizen lekuan goserik ez

Landa eremuaren zaindari

Elizara olioa ekarri, eta olioa falta, gauero. Nor ote? Elizako olioak edatera sartzen zela esaten zen, Etxalarren sakristaua eskopeta eta guzti zaintzen jartzeraino. Hortik omen datorkio izena Ataunen eliz-hontz ezizenez ezagutzen den animaliari, besteak beste, hontza zuri, mozolo zuri edota gabontz izenez ere ezagutzen denari.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko urriaren 09a
Argazkia: rspb.org.uk
Hontza zuria (Tyto alba)

Taldea: Ornoduna / Hegaztia

Neurria: Mokotik isatsera 33-39 cm. Hego luzera 80-95 cm.

Non bizi da? Zuhaiztietan, nekazal eta landa eremuetan.

Zer jaten du? Karraskariak eta hegazti txikiak.

Babes maila: Europa mailan babestua.

Betidanik izan da baserritar askoren bizilagun Euskal Herri osoan zabalduta dagoen hontza espezie hau. Iparraldeko  landa zabaletan arrunta izanik, hegoaldeko nekazaritza-lautadetan urria da, eta baso eremuetan, aldiz, ez dago aurkitzerik. Eta herri askotan bezala, Etxalarren ere ondo dakite kanpandorreak dituela habia egiteko gustuko. Baina baserri, korta eta baselizen ganbara eta goitegiak ere habia egiteko leku aproposak iruditzen zaizkio.

Bere ezaugarri dituen kolore zuri eta bihotz formako aurpegia duen beste hegaztirik ez da. Hontza izanik, nola ez, gautarra da eta iluntasunean bere kolore zuriak atentzioa eman du betidanik. Izen zientifikoak ere nabarmentzen du hau, alba, zuria. Urte guztian zehar dugu gurean eta lurraldekoia izan arren, ugalketa-garaitik kanpo badu denbora auzokoen eremuetara eskapadatxoak egiteko. Ilunabarrean edo gauean ikusi daiteke batez ere haien hegaldi lirain bezain isila. Baina askotan, ikusi baino… errazagoa izaten da bere garrasi mikatza entzutea, hotzikara emateko modukoa! Ehizan dabilenean, aldiz, denetan isilena da, harrapakin dituen saguak zast! Ezustean harrapatzeko.

Hegazti gautar honen harrapakin gustukoenak mikrougaztunak dira, basasagua (Apodemus sylvaticus), larre-lursagua (Microtus agrestis) eta satitsu arrunta (Crocidura russula) batez ere. Hegazti txikiak, intsektu handiak zein saguzarrak ere harrapatzen ditu. Ezagunak dira lursaguek laborantza lurretan edota saguek baserri inguruetan eragin ditzaketen kalteak. Baina, a ze zortea gurea! Hontza zuriak sagu eta lursaguak ditu gustukoen, horiek bere dietaren %80-a izateraino. Hau dela-eta, izurrite harrapakari ona dela esaten da, eta karraskari horien ugaritzea kontrolatzeko eta kalteak murrizteko, hontza zuriari habia-kutxak edo zutoinak jartzea gomendatzen dute laborantza lurretan, kontrol biologiko gisa. Nafarroa dugu honen adibide, urteak baitaramatzate laborantza lurretan hontza zuriarentzat (eta belatz gorriarentzat, Falco tinnunculus, karraskariak gustuko dituen beste hegazti bat) habia-kutxak jartzen. Hauei esker, jakin badakigu hontzen txitak lehen hegaldiak egiten hasten diren momentuan, habia eta egun bakoitzeko bost karraskari jaten dituztela, hots, matematikak eginda, hilabetean 150 karraskari inguru.

Gaur egun, zoritxarrez, elizetako bizilagun lirain honek hainbat mehatxu dauzka. Alde batetik, eraikitzen diren eraikin modernoek zein baserri, korta, baseliza eta abarrak birmoldatzeak, gutxitu egiten dituzte hontzak habia egiteko erabiltzen dituen ganbara, goitegi eta kanpandorreen aukerak. Bestetik, azken urteotan ingurunearen urbanizatze ikaragarriak  habitataren suntsipena ekarri du. Honek hainbat ondorio ditu: ehiza egiteko leku aproposak  murrizten ditu, errepidean autoek zanpatuta  hontza gehiago hiltzen dira toki horretan desagertzeraino... Azkenik, zereal eta ardo-lautadetan egin den nekazaritza ereduak ingurunea sinplifikatu du eta ondorioz, hontza zuriak hain gustuko dituen harrapakin espezieak desagerrarazi ditu. Janaririk ez bada, hontza zuririk ere ez. Aipamen berezia egin behar zaie bai nekazaritza eremuetan zein landa, herri eta hirietan sistematikoki eta ugari erabiltzen diren arratoi-pozoi eta sator-pozoiei. Pozoi horiekin, hontzaren jana pozoitzen dugu, eta pozoitutako mikrougaztunak jaterakoan, zer gertatuko ote da? Bera ere pozoituta hiltzen dela, eta honek espeziearen heriotza-tasaren igoera gogorrak eragiten ditu.

Prozesionaria jalea
Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero... (+)
Basoko arotz mihi-luzea
Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore... (+)
Haizearekin dantzan
Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu... (+)
Gorbatadun intsektujaleak
Kaskabeltz diogunean zein txori etortzen zaigu burura? Seguruenik, ez dugu bat egingo! Izan ere, Euskal Herrian txori espezie bati baino gehiagori deitzen diogu kaskabeltz. Baina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora