Asteroko buletina
Otsaila eztiegi, primadera xirtxilegi.

Lamiakoko ibai azpiko tunela: kalte ondorioak izango dituen obra



2024ko irailaren 09a

Datorren larunbatean, irailak 21ean, Subflubiala EZ! Plataformakook kalera irtengo gara berriro. Oraingo honetan 12:00etan Artatza parkean hasiko den kanpaldi batekin. Azoka, musika, bertsolariak, ipuin kontalariak eta beste hainbat jarduera izango dira. Horren bidez, Lamiakoko ibai azpiko tunelaren zentzugabekeriaren berri eman eta partekatu nahi dugu. Izan ere, mugikortasun-arazoak konpondu beharrean, larriagotu egiten ditu tunel honek.

Bilbo Metropolitarrean mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integraletik abiatzen ez den obra faraonikoaren aurrean gaude. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean aitortu dutenez, "mugikortasunaren plangintza integrala egiteko beharra agerian geratzen da", baina, tamalez, ez da horrelakorik egin. Aldundiak aurrera jarraitzen du milioi askotako proiektuekin, ingurunearen eta herritarren benetako beharrak kontuan hartu gabe.

Lamiakoko ibai azpiko tunela ibilgailu pribatuen erabilera sustatzeko pentsatuta dago. Hain zuzen ere, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuak, Europar Batasunak eta Aldundiak berak berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko sustatzen dituzten politiken aurka doa hori. Izan ere, bide-azpiegitura handitzeak "dei-efektua" sortzen du, hau da, auto gehiago zirkulazioan, kutsadura handiagoa eta osasun publikorako eta ingurumenerako arazo gehiago.

Garraio publikoan, oinarrizko zerbitzuetan eta lurralde-politika koherentean premiazko inbertsioak egin beharrean eraikuntza-enpresa handiei bakarrik mesede egiten dieten proiektuak garatzen dituzte hemen

Eta mundua garraio-eredu iraunkorrerantz doan bitartean; garraio publikoan, oinarrizko zerbitzuetan eta lurralde-politika koherentean premiazko inbertsioak egin beharrean eraikuntza-enpresa handiei bakarrik mesede egiten dieten proiektuak garatzen dituzte hemen. Gainera, kostu izugarria izango du guztiontzat obra horrek: 600 milioi euro baino gehiago, materialen egungo prezioan. Ez bada, aurrekoetan gertatu den bezala, lanak hasi ondoren, aurrekontuak aise gainditzen direla.

Baina ez da diru kontua bakarrik. Ibai azpiko tunel honen albo kalteek zuzenean eragingo diete Sestao, Erromo eta Leioa bezalako auzo eta herriei; etxebizitzetan eta ikastetxeetan jasango duten zarata, bibrazio eta hautsarekin. Proiektuak ez du benetako konponbiderik eskaintzen, eta ondorio kaltegarriak izango ditu inguruan bizi garenon bizi-kalitatean.

Irailaren 21ean eta 22an antolatu dugun kanpaldian parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Badakizu borroka hau guztiona dela, eta horregatik animatzen zaitugu erresistentzia egun hauetan parte hartzera. Zentzugabekeria hori gelditu behar dugu berandu baino lehen, eta, hori lortzeko, elkarlanean egin behar dugu.

Subflubiala EZ! Plataforma

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora