Urtarril hotza, neguaren bihotza

Kontserbazio ekologikorako aurreikusia zegoen Gipuzkoako Markesbaso basoa egurgintzara bideratu nahi du Kutxabankek, salatu dutenez

Kutxabankek Markesbaso finkarako aurreikusita zegoen jatorrizko proiektutik aldentzea erabaki duela salatu dute 36 talde ekologistak eta kontserbazionistak. Zestoa eta Azpeitia artean dago Kutxabanken jabetzakoa den 290 hektareako eremu hori baso bihurtzea zen jatorrizko asmoa eta kontserbazio ekologikorako bideratzea. 36 taldeek salatu dute orain Kutxabankek beste planteamendu bat duela, "baso-ustiapenari lotutako irizpide produktiboak" lehenesten dituena. Oroitarazi dute Europako araudiak eskatzen duela 2030erako eremuen gutxienez %20 leheneratzea, eta nabarmendu dute Markesbaso dela baso autoktono bat berreskuratzeko dagoen Europako aukerarik handienetako bat.


2026ko uztailaren 09a
2025eko azaroan Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea Markesbaso kontserbaziorako izatearen alde talde ekologista eta kontserbazionistek.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Talde ekologista eta kontserbazionistetako kide batzuk bezero moduan bildu dira Kutxabankeko ordezkariekin eta adierazi dutenez, "Kutxabankek uste du ezin duela Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako baso-politiketatik kanpo jardun". Argudio horrek ez ditu asebete talde ekologista eta kontserbazionistak, izan ere, gogorarazi dute "finkaren jabetza Kutxabankena dela eta, beraz, baduela aukera ingurumen-irizpide zorrotzagoekin bat datozen ekimenak sustatzeko".

Kutxabanken jarrera aldaketak izango duen ondorioa nabarmendu dute: "Euskadin errestaurazio ekologikoko proiektu eredugarri bat bultzatzeko aukera paregabeari uko egitea". Eta erabaki hori Europako Naturaren Leheneratzerako 2024/1991 Erregelamenduaren helburuekin kontraesanean dagoela ohartarazi dute; izan ere, araudi horrek 2030erako Europar Batasuneko lur- eta itsas-eremuen gutxienez %20 leheneratzea eta 2050erako behar duten ekosistema guztiak berreskuratzea ditu helburu.

"Kutxabanken jatorrizko proiektuak balio ekologiko handiko gune bat sortzea aurreikusten zuen"

Kutxabankek berak sustatutako jatorrizko proiektuak balio ekologiko handiko gune bat sortzea aurreikusten zuen, bertako ekosistemak berreskuratuta eta biodibertsitatea sustatuta. Honela zioen 2025eko azaroan Lurgaia Fundazioak, Kutxabankekin proiektu honetarako elkarlanean ari zenak: "2024ko azken hilabeteetan zehar prestatu zen proiektua. Helburua ingurune hori baso bihurtzea zen, hau da, bioaniztasunez beteriko ekosistema sortzea, inolako helburu produktiborik gabe".

Talde ekologista eta kontserbazionistek salatu dute jatorrizko planteamendu hori orain beste planteamendu batek ordezkatu duela, hain zuzen, "baso-ustiapenari lotutako irizpide produktiboak lehenesten dituenak". Lurgaiak honela kontatu zuen bilakaera nola izan zen: "Proiektua 2024ko abenduan okertzen hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuari proiektuaren helburuak, epeak eta dimentsioa jakinarazi zitzaizkionean. Bilera hartan, bide batez, aipatutako administrazioak hasieratik eragotzi zuen Lurgaia Fundazioaren presentzia”. Eta fundazioak zera gehitu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiari buruz: “Zaila da ulertzen GFAk interes pribatuaren alde lan egiteko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren azaleraren %100ean egurra ekoizteko duen asmoa, biodibertsitatea leheneratzeko aukera guztiak baztertuz eta ingurumena lehengoratzeko Europako politiken erakunde objektore gisa aurkeztuz”.

“Onartezintzat” jo dute 36 talde hauek gizarte-erantzukizuna duen Kutxabankek errentagarritasun ekonomikoa ondare naturalaren kontserbazioaren gainetik jartzen duen eredua aukeratu izana, bereziki larrialdi klimatikoan eta biodibertsitate-galeran gauden honetan.

Kutxabanki eskatu diote "bere jarrera berriro azter dezala" eta Markesbasoren kontserbaziorako jatorrizko proiektua "berreskura" dezala, "hasierako helburuak eta planteamenduak errespetatuz, eta publikoki defendatzen dituen jasangarritasun- eta gizarte-erantzukizun-balioekin koherente jokatuz".

Adierazpena izenpetu duten taldeak dira: Debanatura, Eibarko Baso Biziak, Elgoibarko Baso Biziak, Naturkon (16 talde batuta), Eguzki, Ekologistak Martxan, Zain Dezagun Urdaibai, BaSOS elkartea, Uhandre Baso Biziak, Hiri Berdeak, Soraluzeko Baso Biziak, Berriatuko Hostozabal, Sagarrak talde ekologista, Makatzak Arratiako ekologistak, Baserritar Bilgunea, Greenpeace, Elorrio-Atxondo Baso Biziak Natur Elkartea, Altza XXI, Sagarreta natur taldea (Hernani), Kukubaso eta Fridaysforfuture.

Ongi-etorri, mantangorri
2026-10-19 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 17an Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian aurkeztu zuen EHKOlektiboak zigilu agroekologikoa: marigorriaren irudia ikus zitekeen Euskal Herri osotik etorritako ekoizleen mahaietan eta elikagaien etiketetan. Goiz... (+)
EH Bilduk datu-zentroen hedapena mugatzea eskatu du "industria lehenesteko", baina bultzatzen jarraitzea erabaki du Legebiltzarrak
2026-10-16 | Estitxu Eizagirre
Eusko Legebiltzarrean datu zentroei buruzko eztabaida egin dute urriaren 15eko Osoko Bilkuran. EH Bilduk mozio bidez eskatu zuen "hipereskalako" datu zentroen hedapena "mugatzeko", eskura dagoen... (+)
Zazpi lurraldeetako elikagai agroekologikoak eskuratzeko aukera urriaren 17an Ordizian
2026-10-14 | Estitxu Eizagirre
EHKOlektiboak azoka berezia antolatu du Ordizian (Gipuzkoa), larunbata honetan. Bertan aurkeztuko dute marigorri bat iruditzat duen zigilua: Euskal Herriko etxalde agroekologikoen identifikatzailea. Dagoeneko zigilu hori... (+)
Amillubi proiektuak erosketa burutu du: jada bereak dira baserria eta lurrak
2026-10-12 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 11n egin dute azken ordainketa eta Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoko Amilibia baserria eta bere lurrak Biolur elkartearen jabetzakoak izatera pasatu dira. Abenduan beteko ditu... (+)
Ilargia bezain biribila irten zen 10. agenda ospatzeko bertso bazkari berezia
2026-09-28 | Estitxu Eizagirre
Azpeitiko Azoka Plazan 50 lagun elkartu ziren irailaren 26an, Ilargia eta landareak agenda hamargarren urtez kaleratu dela ospatzera. Kasualitatez edo ez, ilargi beteko egunean. Elikaguneak... (+)
gora