Otsailean irteten du hartzak leizetik.

TotalEnergies, Shell, Naturgy... Europako energiaren erraldoiak ‘greenwashinga’ egiteagatik salatu dituzte

Europako Kontsumitzaileen Erakundeak jarraipena egin die urtebetez multinazional horiei, eta ondorioztatu du marketina erabilita "aurpegi garbiketa berdea" egiten dutela trantsizio energetikoaren kaltetan. Europako Batzordearen aurrean salaketa jarri du, hainbat herrialdetako kontsumitzaileen elkarteekin batera.


2026ko ekainaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Europako Kontsumitzaileen Erakundeak (BEUC, frantsesezko siglak) energiaren arloan nagusi diren multinazionalei urtebetez jarraipena egin die eta haien inguruko txostena argitaratu du, kontsumitzaileen eta herritarren aurrean duten greenwashing edo "aurpegi garbiketa berdea" aztertzeko. Eta dokumentu hori eskuan, salaketa jarri du Europako Batzordearen aurrean ENGIE, Eni Plenitude, Shell eta TotalEnergies enpresen aurka, "baieztapen ekologikoak egiten herritarrak engainatzeagatik".

Azaldu duenez, multinazional horiek euren produktuak sustatzen dituzte "berde" itxura emanda edo energia berriztagarriekin lanean ari direla esanda, baina egiaz energia fosilak dira euren jardueraren oinarri nagusia. Karbonoarekin ere antzera gertatzen da: "zero" emisio neto izateko helburua dutela diote, eta horretarako munduan barrena programak dituztela –ENGIEk, esaterako, baso landaketak egiten dituela argudiatzen du–, "nahiz eta benetan erregai fosiletan azkarki inbertitzen jarraitzen duten". 

Multinazionalek etekinak ateratzen dituzte, kontsumitzaileak prest baitaude gehiago ordaintzeko ingurumena errespetatzen duen produktu batengatik, nahiz eta finean ez den horrela

Beste kasu batzuetan, engainua erabatekoa da: TotalEnergies-ek, adibidez, baieztatu du gas fosila "berdea" dela edo beste fosil batzuek baino CO2 gutxiago isurtzen duela, nahiz eta petrolioak edo ikatzak bezainbesteko eragin klimatiko kaltegarria izan dezakeen, txostenean argitu dutenez. 

BEUCen esanetan, aurpegi garbiketa berde horrek ziurgabetasuna sortu eta kontsumitzaileak etsiarazten ditu, eta azken batean, "trantsizio energetikoa mantsotzen du".

Praktika horren legezkotasuna ere aztertu eta zalantzan jarri dute txostenean: Europako zuzentarauek debekatzen dute "baieztapen faltsuak edo engainagarriak" egitea, eta kasu zehatz honetan, "baieztapen ekologiko orokorrak" egitea. Baieztapen horien bidez, multinazionalek etekinak ateratzen dituzte, kontsumitzaileak prest baitaude gehiago ordaintzeko ingurumena errespetatzen duen produktu batengatik, nahiz eta finean ez den horrela. Bide horretatik, milioika kontsumitzaileren poltsikoak hustea egozten diete energia enpresei.

Agintariei ardura eske

"Espero dezagun agintariek esku hartzea engainuzko praktika horiek geldiarazi eta sektorean ikerketa bat hasteko", adierazi du BEUCeko zuzendari orokor Agustín Reynak, astearte honetan ekimenaren berri ematean.

"Espero dezagun agintariek esku hartzea engainuzko praktika horiek geldiarazi eta sektorean ikerketa bat hasteko"

Agustín Reyna (BEUC)

Europako herrialdeetako kontsumitzaileen beste hamabi elkartek babestuta aurkeztu du salaketa Bruselan. Besteak beste, Frantziako Estatuko Que Choisir Ensemble (Zer aukeratu batera) fundazioa edo Espainiako Estatuko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Federazioa (CECU) daude talde horretan.

Azken horrek, CECUk, salaketa Espainiako Estatuko Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian ere jarri du, Naturgy, Auda Renovables, Jazztel, Pepe Enery, Yoigo eta TotalEnergies konpainien aurka, greenwashing praktikak egiteagatik.

Frantziako Estatuaren kasuan, Bloom Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere ikertu izan ditu TotalEnergiesen jukutriak: komunikazioa berriztagarrietara bideratzen duen bitartean, nagusiki petrolioan eta gasean inbertitzen jarraitzen du konpainia horrek, Jenofa Berokhoirigoin kazetariak albiste honetan azaldu zigunez.

Europako legedia zorrozten

Hain justu, kontsumitzaileen salaketa dator Europar Batasunak legedia zorroztu duenean, ingurumenari buruzko baieztapenen bidez praktika komertzial "desleialak" eragozteko.

Duela bi urte onartu zen 2024/825 zuzentarauak pauso bat gehiago suposatu zuen norabide horretan. Hortaz, marko legala badago, eta "ekopostureoa" edo "zuriketa ekologikoa" bezalako hitzak jadanik ez zaizkigu hain arrotzak, baina orain horri aurre egiteko ekintzak falta dira.

Nafarroako upategi bat ikertzen ari dira, pertsona baten heriotza eragin duen lan-esplotazio sarean parte hartzeagatik
2026-06-16 | Urko Apaolaza Avila
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Errioxan lan-esplotazio talde bat osatzeagatik. Nafarroako Erriberako lurretan lan eginarazten zien biktimei, baldintza oso kaxkarretan, eta haietako bat autoz... (+)
Natura ala gerra: bidegurutze bat Erriberan
2026-05-31 | Urko Apaolaza Avila
2028. urtean Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako Komunitatearekin sinaturik duen hogei urteko hitzarmena iraungiko da, eta natur gune berezi hura erdi-erditik zulatzen duen tiro eremua erabiltzeari... (+)
Puajj edo umm…? (1996)
2026-05-24 | Urko Apaolaza Avila
Azenario krema eta legatz enpanadilla. Hori aurkitu zuten egun horretan haurrek platerean. Ez dakigu “puajj ze nazka” edo “umm ze goxoa” esan ote zuten, baina... (+)
Petronorrek Meatzaldeko herritarrei osasun kalterik eragiten dien jakitea "ezinezkoa" dela dio Jaurlaritzak
2026-05-19 | Urko Apaolaza Avila
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Guillermo Herrerok Eusko Legebiltzarrean esan du ez dagoela "inolako ebidentziarik" Muskizko (Bizkaia) findegiak herritarren osasuna kaltetzen duela esateko.... (+)
gora