Asteroko buletina
Urtarril hotza ikazkinaren poza.

Kalte baino onura gehiago

Euskal Herrian bi sator espezie ditugu, sator itsu iberiarra (Talpa occidentalis), hedapena Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik duena, eta Akitaniako satorra (Talpa aquitania), zabalduena eta ugariena.

Egoitz Alkorta Miranda
Egoitz Alkorta Miranda

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urtarrilaren 29a
Akitaniako satorra (Talpa aquitania)

Taldea: Ornoduna / Ugaztuna

Neurria: 11,6 eta 20,3 cm artean.

Non bizi da? Belaze, baratze, lorategi, mendiko larre eta basoetan.

Zer jaten du? Zizareak eta lurpeko zomorroak.

Babes maila: Ez dago babestua.

 

Deskribatu berri den espeziea da Akitaniako satorra. Ezaugarri morfologiko eta desberdintasun genetikoak medio, gertuko ahaide duen sator arrunt edo europarrarengandik (Talpa europaea) bereizi eta izendatu zuten 2017. urtean. Frantzia hego-mendebaldean, Euskal Herrian eta Espainia iparraldean bizi da. Akitaniako eskualdean oso ugaria omen, izena jartzen ez ziren asko nekatu!

Sobra ere, denok ezagutzen dugu satorra, ilaje beltz-beltzarekin. Bizimodu hipogeoa du (“hipo”-k azpian esan nahi du eta “geo”-k lurra, antzinako grezieran) eta baldintza horietara ezin hobeto moldaturiko ezaugarriak ditu: gorputza zilindrikoa eta trinkoa, muturra zorrotza, buztana laburra. Aurreko hankak oso indartsuak eta zabalak ditu, azazkal luzeekin. Palak bailiran erabiltzen ditu, lurra mugitu eta mugitu, zulatu eta zulatu, lanean aritzeko. Begi oso txikiak ditu, argi-ilunak soilik ezberdintzen dituztenak. Betazalak josiak ditu eta hori da sator europarrarengadik bereizten duen ezaugarri nagusietako bat.

Lur bigun eta gozoak maite ditu eta bertan egiten ditu lurpeko galeriak, 5 eta 30 cm bitarteko sakoneran. Batez ere zelaietan topatzen ditu horrelako lurzoruak, baina baita lur-geruza lodidun basoetan ere. Eremu putzutuak, harritsuegiak edo hondartsuegiak ez ditu gustuko, ezin baititu tunelak gustura egin. Lur azidoak ere ez, ez baitu hainbeste zizare aurkituko.

Haragijale petoa izaki, landarerik ez du jango satorrak. Bai ordea moztu, lanean ari dela parean tokatuz gero. Zizarejale amorratua da eta horiekin batera hainbat intsekturen larbek osatzen dute bere dieta. Harrapakin handienak, zizareak kasu, pilatu egin ditzake biltegi moduko batean. Egunero bere pisuaren erdia jan beharra dauka jakitan! Ez du apetitu makala!

Koitaduak egurra jaso du. Asko dira sator-zuloei begira, aitzurra eskuetan (baita eskopeta ere), sator-ehizan orduak pasa dituztenak. Geldi-geldi zain, begira-begira, lur-pilan mugimendua ikusi eta... zast! Akabo satorra. Bestelako tranpa, pozoi eta trikimailuak, nahi adina erabili dituzte. Hori guztia gaur egun debekatuta dago, noski. Badira beste modu batzuk satorra hil gabe kanporatzen saiatzeko. Jakoba Errekondok hainbat aipatu zizkigun, tartean sator-belarra (Euphorbia lathyris). Pozoitsua da, bere izerdi esnetsuak erre egiten du eta satorrari ez zaio batere gustatzen landare honen sustraiei kosk egiten aritzea. Baratze inguruan landatuz gero, funtzionatzen omen du.

Jende askok ez daki satorrak lurra emankortzen laguntzen duela. Sakoneko geruzetako lurra mugitzen du, lurzorua berrituz eta aireztatuz. Gure intereserako kaltegarriak izan daitezkeen zomorro asko ere jaten ditu. Horrek guztiak eragina du bertako landare komunitatean eta normalean landare espezie dibertsitatea areagotzen du. Satorra inguruan bada, lur onaren seinale.

Hori guztia jakin gabe, harrapatu eta zenbat zigor bete ote ditu sator gaixoak? Handiena, Nafarroako Aniz herrian: baserritar batek harrapatu omen zuen, eta zigor handi bat eman behar ziola-eta, bizirik lurperatu omen zuen!

Euskal Herriko tigreak
Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.... (+)
Euskal Herriko Perez sagutxoa
Saguzarrek Chiroptera taldea osatzen dute. “Cheir” eskua, “pteron” hegala, antzinako grezieran. Beraz, eskuetan hegalak. Hegan egin dezakeen ugaztun bakarra izanik, airea konkistatu eta sekulako arrakasta... (+)
Mundu mailako lapurra
Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti... (+)
Basoa berritzen duen langilea
Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki... (+)
Hiltzaile ederra
Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora