Asteroko buletina
Oteak martxoan lore, ez da faltako eri eta dolore.

Harizti borobil bat mugari

Mugek itotzen gaituzte. Ondo esanda, mugek itotzen naute; izan ere, izango da baten bat zeina mugen estuasunean bertan gozo ederki sentituko den. Ni itotzen naute baina, harrigarria, mugak desegin daitezke. Lursail baten mugak, auzo baten mugak, udal baten mugak, eskualde baten mugak, probintzia baten mugak, herri baten mugak, hizkuntza baten mugak eta geure buruaren mugak. Muga fisikoak, irudizkoak, alegiazkoak... denak egin eta desegin ditzakegu. Nire esku dago.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko urriaren 21a

Lagun artista bat sartua da muga desegingintzan, Asier Gogortza beratarra. Argazkilaria da eta izugarrizko lan dotoreak egiten ditu, beti lurraldea, paisaia eta horiekin harreman handia duen arkitekturari lotutakoak; ikusi asiergogortza.net: ezker paretarik gabeko frontoi soilak (Plaza libreak), giro zakarrak jotzen duen aldeko etxeen fatxadak (Mendebalde), Bigarren Mundu Gerrako bunkerrak argazki makina bihurtuz egindako seriea (Concrete landscapes) eta, besteak beste, kuttunena nuena, Leitzako Goiko Soro baserriaren atarian eroritako gaztaina handiarena, zeinaren gerria biltzeko zazpi lagun behar ziren: jada lurrean argazki kamera bihurtu zuen. Bai, kuttunena nuen. Dagoeneko ez, ordea. Burua ia erotzeraino joanarazi didan bere azken egitasmo erraldoia bertatik bertara bizitu dut. Duela bost urte bizikletan zihoala, aspalditik ezagun zuen haritz (Quercus robur) bikote baten azpian geratu eta ezkur pila topatu zuen; haritz haiek batek baialdia eta besteak baiurtea izan, nonbait. Ezkurrak jaso eta erein. Eta haritzak etorri. Eta haritzak hazi. Eta Berako eta Urruñako Herriko Etxeak gogatu ditu eta mugak elkartzen dituen bi udalen herri lurretan harizti bat sortu du.

Hariztia du izena Erentzazu mendiaren magalean, toki paregabean, sortzen ari den arte-lanak. Hitzak eta jokoak besterik ez zaizkit etortzen hura Asierren eskutik ezagututakoan bizitu nuena azaltzeko. Tartean genuen soinuaren beste artista erraldoi, eta hala ere lagun bat: Alex Mendizabal; hau bere soinu instalazioak ezartzera igo zen mendira. Mendiko ate edo lepo bat da tokia, hau da, tontor arteko pasabidea. Bertan bide mordoxka gurutzatzen da: bide, bidaxka, mandabide, pista… Ez da nolanahiko tokia. Makina bat etorri eta joan, eman eta hartu gertatu izango da hor. Hor bizitakoak sentitzen dira bertan. Haritzezko bi zirkulu landatu ditu muga gainean, sarobeak edo jentil baratzeak balira bezala. Zintzarriak. Behorrak. Ardiak. Akainak. Gorosti makilak. Paisaia izugarria. Mugak eta horiek igarotzeko hankapauso eta zaldain bilduma bikaina. Bideak lotzen dituzten garomenak (Pteridium aquilinum). Garoleku bikainak daude bai paraje horietan. Garo-meta ederra dago urrutira gabeko Eltzaurdi baserri aldamenean; etxeko aziendarentzako ohatze ederra eta ondoren baratze, soro, sagastirako ongarri bikaina.

Lanaren garapenaz bi liburu berezi argitaratuak ditu dagoeneko, eta hirugarren bat bidean da. Hazten ari den ekintza. Hazten ari den hariztia.

Garoek, haritzek, landareek ez dute mugarik ezagutzen eta guri begira diote: tira, tira zein txorok jar diezaioke mugarik bere bizitzari?

Zainzurien skotomorfogenesia eta fotomorfogenesia
2024-10-14 | Jakoba Errekondo
Datorren negua gozatuko digute zainzuri kimuek (Asparagus officinalis). Baratzeko nire kuttuna da, baita nire baratzekoa ere. (+)
Lezkarekin sagardo hobea
2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere... (+)
Begien egarri direnei begi egiteko
2024-09-30 | Jakoba Errekondo
Sekreturik ez esan baratzean. Bai bai, adi baratzean. Zer agi ere ataizean ibili, begi-belarri. Ezkutatzekorik baduzu ez azaldu baratzean. Patatak (Solanum tuberosum) begiak ditu, artoak... (+)
Sagardoaren kurkubitatik plastikora
2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen. (+)
Usain gaiztoko belar bat
2024-09-16 | Jakoba Errekondo
Amarengandik hurbil bizitzea gustatzen zaie. Ez dira urrutira joango santio-belarraren (Jacobaea vulgaris) haziak, eta haiengandik jaiotako landareak, familia osoa, amaren eta amonaren aldamenean hazi eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora