Ilbeltza pasatzen bada ilxuri, ardiak haziko du axuri.

Lehengusu iletsua

Iletsuak direlako edo hegan doazenean ateratzen duten zurrunbiloarengatik, erlastarrak ez dira gutako askorentzat erleak bezain sinpatikoak. Jakina, gizakiok ez gara sarritan oso zuzenak izaten gure epaietan. Erlastarren itxura sendoa da, beltzak dira eta, espezieen arabera, gorputz beltz hori estaltzen duten ileek kolorazio laranjatua, beltza, zuria edo horia izan dezakete, sarritan abdomena marra koloredunez beteaz.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko otsailaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Erlastarra (Bombus spp.)

TALDEA: Intsektua / Hymenoptera, Apidae.
NEURRIA: 20 mm edo gehiago, espeziearen arabera.
NON BIZI DA? Belardi eta landa lurretan.
ZER JATEN DU? Loreen nektarra.
BABES MAILA: Ez.

Hegoak erlearenak baino motzagoak dira eta ez dituzte bizkar gainean gurutzatzen, teilatu  modura, baina Bombus erlastarrak hegoak erleak baino bizkorrago mugitzeko gai dira, eta horrela bere gorputzean berotasuna sortzen dute. Berotasun horrek eguraldi traketseko egunetan edo klima hotzagoetan hegan egiten laguntzen die, erleak ez bezala. Horregatik, sarritan ikusi ahal ditugu eguraldi kaskar samarra egiten duenean, batzuetan euripean ere bai. Bestalde, ileek hotzetik isolatzeko asko laguntzen dietela esan beharra dago. Ile horietan, gainera, loreen polena erantsita geratzen da, eta polinizazio funtzio garrantzitsu eta ezinbestekoa betetzen dute. Loreen polena jasotzeko, emeek poltsatxo batzuk dituzte atzeko hanketan, eztia ekoizten duten erleek dituztenen antzera –Apis melifera espeziekoek, adibidez–. Erleak bezala erregina, langileak eta erlamandoak daude euren “gizartean”. Jasotzen duten polena larbak elikatzeko erabiltzen dute langileek. Polena, hautsa izanik, ez da batere erraza bildu eta garraiatzeko; horregatik, euren toraxean ekoizten duten listuarekin nahastuta bolatxoak egiten dituzte, etxera eraman ahal izateko. Habia ere listua erabilita eraikitzen dute, euren abdomenean ekoizten duten argizariarekin nahastuta.

Ahoko proboszidea oso konplexua da, eta nektarra eraginkortasunez zurrupatu ahal izateko egituratuta dago. Hegan doazenean edo geldirik daudenean, bilduta eramaten dute.

Emeek eztena dute abdomenaren bukaeran; erlamandoek, berriz, ez dute izaten. Defentsa sistema hori emanda, badirudi naturak emeen lana saritu egiten duela, errutearen bidez espeziearen biziraupena gauzatzeko lana, alegia.

Negua heltzen denean erlamandoak eta langileak hil egiten dira. Erreginak ez, ordea. Udaberrian, hibernaziotik irten eta komunitate berri bat sortzeko prest izaten ditugu.

Mantxak apaingarri direnean
Ziurrenik lerro hauek irakurri aurretik argazkiari erreparatu diozue. Hala bada, mantxa horiek eta haien kokapenak osatzen duten irudiak edertasun faltarik ez duela bururatuko zitzaizuen, konturatu... (+)
Historiaurreko lekukoa
Badira urruneko beste garai batzuetako irudiak gogorarazten dizkiguten animaliak. Horien artean, ezpairik gabe, gaurko protagonista nagusienetako bat da. Ez diegu aurpegirik jartzen, bere gorputzaren egitura... (+)
Asko bai, baina ez mila
Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua.... (+)
Xilokopa: meatzari hegalaria
Tarteka bada ere, inoiz ikusiko zenuten hego beltzeko “erle erraldoi” eta potolo bat zuen inguruan hegan. Hala bada, ziur izan intsektuen artean ikusgarrienetako bat ikusi... (+)
Handiena arazo artean
Europan jatorria duen liztor espezierik handiena omen zen, duela gutxi arte… Orain badu eta horretan nork lehiatu. Eta horretan bakarrik izango balitz, gaitzerdi. Goazen lehenbizi... (+)
gora