Baratzea autobiografia forma bat da

Gazta egiteko asmoz ardiak jarri, eta artilea lantzen amaitu

Ataungo (Gipuzkoa) Ustatxo Goikoa baserrian kokatua da Sandra Clivilleren Maduixa Gorria proiektua. Artisau lanean ari zen lehenagotik, baina 2004an baserria erosi eta artaldea jarri zutenean hasi zen artilea lantzen.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko maiatzaren 11
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Banekien artilearekin ez zela gauza handiegirik egiten eta hondakin gisa hartzen zela. Bizitza osoa daramat hondakinekin zerbait egin nahian, bada, pentsatu nuen material honekin ere egin beharra zegoela zerbait”, gogoratu du hastapena. Txikitan etxetik jaso zuen gauzak aprobetxatzeko eta buruaskitasuna bilatzearen aldeko filosofia, eta gerora nekazaritza-ingeniaritzan egindako ikasketek eta artzain eskolako esperientziak ere horretara bultzatu zuten. “Nolabait, bizitzak ekarri nau honetara”, dio.

Prozesu osoa bere esku

Latxa ardiak dituzte baserrian, eta horiek haztetik hasi eta alfonbrak egiteraino, prozesu osoa egiten dute Maduixa Gorrian. “Hasteko, ardiei ilea mozten diegu, gero garbitu, kardatu, tindatu eta fieltroa egin edo alderantziz, fieltroa egin eta tindatu”. Artilea lantzen duten proiektu askotan fieltrotik hasten da prozesua, aurreko pausoak beste nonbait egiten dituztelako, baina Clivillek hasieratik bukaerarako faseak berak egiten ditu. “Dena dela, uste dugu lehen faseak, garbiketarena eta kardatzearena egiteko sistema zentralizatu bat egon beharko litzatekeela, hainbat ekoizlek artilea hara eraman ahal izateko”, aldarrikatu du.

Baserriko ukuilu zaharrean muntatu duten tailerrean latxa arrazaren artilea darabil artisauak batik bat, baina kasu batzuetan merino eta erdifinena ere lantzen du. “Latxaren artile guztia gurea izaten da, baina beste arrazen kasuan, beste artzain batzuei hartzen diegu”, azaldu du. Alfonbrak, lanparak, zapatak eta etxeko zapatilak, fularrak, euskal txapelak, jakak, gonak, figuratxoak, gabonetako apaingarriak… denetik egiten du artisauak –ezkontza soinekoak ere egin izan ditu, pentsa!–.

Zuzeneko salmenta lehenesten du eta inguruko azoketan egoten da, baina jendeak eskaera eta enkargu zehatzak ere egiten dizkio, telefonoz edo aurrez aurre.

Zuntz sintetikoei inbidiarik ez

Europa mailan hondakin gisa hartzen da oraindik artilea, baina ekoizleak nabarmendu duenez, hasi zenetik gaur arte jendartean aldaketa handia sumatu du. “Geroz eta jende gehiago ari gara artilearekin lanean, ardi moztaileak ere indartsu ari dira, eta uste dut sentsibilitate handiagoa dagoela orain lehengai honen inguruan”. Gaineratu du arlo askotan erabili daitekeela artilea, bai modarenean, baina baita beste sorkuntza mota askotan ere. “Zentzu horretan, Donostiako Cristina Enea fundazioan zuntz naturalen eta artilearen inguruko erakusketa egon da martxan, eta ikusi dugu aukera mugagabeak dituela honek”, dio.

Zuntz sintetikoetan artileak ematen dituen hainbat ezaugarri ari dira bilatzen enpresa asko, eta beraz, horri buelta bat eman eta artilea lantzeko bidean sakontzeko beharra dagoela azpimarratu du Maduixa Gorriko kideak.  

Pottokaren kontserbaziorako errentagarritasun bila
2026-06-22 | Garazi Zabaleta
Bertako zaldi arraza kontserbatzeko eta bultzatzeko helburuz, apirilean martxan jarri dute Pausoka proiektua Sakanako (Nafarroa) Garapen Agentziak, Pottoka Lagun elkarteak eta Kalaska hiltegi eta zatitze... (+)
Euskal Herriko edarigile txikien topagunea Azkaraten
2026-06-15 | Garazi Zabaleta
Historia handiko etxea da Azkarateko (Nafarroa Beherea) Harizpea. “Etxe biziki polita da, herriko plazaren ondoan dena, eta erraten da herriko lehen etxea dela”, azaldu du... (+)
Gatzari lotutako historia ospatzeko festa Jaitzen
2026-06-08 | Garazi Zabaleta
Lizarraldean (Nafarroa) dago Jaitz herria, gazteleraz Salinas de Oro gisa ezaguna dena. Gaztelerazko izenak tokiaren izana ere ongi adierazten du, kasu honetan. “Erromatarren garaia baino... (+)
Nola indartu bertako elikadura sistemak tokiko politika publikoetatik?
2026-05-29 | Garazi Zabaleta
Badira urte batzuk Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak Nafarroako Mendialdean Elikadura Dinamizatzaile lanpostua sortu zuela, tokiko elikadura sistemak eta ekoizpena indartzeko. Hainbat ekimen eta lan-lerro... (+)
Ardi buru beltzen gasna sotoa Donibane Garaziko zitadelan
2026-05-25 | Garazi Zabaleta
2010. urtean sortu zuen laborari talde batek Buru Beltza elkartea, ardi buru beltzaren desagertzea geldiarazteko, baita arraza babesteko eta indartzeko ere. Ehun artzain inguruk osatzen... (+)
gora